ATZEKOZ AURRERA. Odei Domingo. Magoa

«Ez dut magia umorerik gabe imajinatzen; oso zaila iruditzen zait»

Komedia, ilusioa eta magia uztartzen ditu, besteak beste, Hodei Magoa konpainiak 'Harritzearen abilezia' ikuskizunean. Irailaren 1ean ariko da, Gasteizko Hegoalde gizarte etxeko kanpoaldean.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Markina Auzmendi.
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Erritmo aldaketek, sorpresek, ilusioek eta ideia originalek osatzen dute Odei Domingok (Iruñea, 1996) bere bi laguntzaileekin sortu duen emanaldia: Harritzearen abilezia.Horrez gain, zenbait ekitalditan aritu da mago moduan: Gasteizko Magialdian 2018an, 2019an eta 2020an; Niko, banpiro txiki bat musikalean; Uraren s ekretuak proiektuan; Magic Melodyeta abarretan. Bestela ere, ekitaldi pertsonalizatuak garatzen ditu hainbat enpresa, telebista kate eta erakunderentzat.

Zer ikusiko du publikoak Harritzearen abilezia-n?

Gure azkeneko lau ikuskizunetako ideia hoberenak biltzen ditu. Proiektu batean ikuskizun berezi bat sortzea eskatu ziguten, ekitaldi baterako, eta, orduan, emanaldi hau proposatu genuen. Magia ikuskizuna da, non umoreak protagonismo handia duen; ilusioa, joko originalak, ideia desberdinak eta, batez ere, erritmo bizia dituzten egoerak biltzen ditu emanaldiak.

Mezurik ba al du ikuskizunak?

Bai, ikuskizunak badu mezua. Nahiz eta emanaldia pandemia aurretik sortu genuen, bertan duen mezuak zentzu handiagoa hartu du pandemia ostean. Modu batean, mezua da arazo guztiak gainditu daitezkeela, eta komedia kutsua du: barre egingo dugu, erokeria pixka bat ikusiko dugu, eta, momentu batez, eguneroko arazoak atzean utziko ditugu.

Urte batez, emanaldiak gordeta egon behar izan du.

Horixe da. Printzipioz, estreinaldia egin genuenean, proiektu horretarako, uste genuen hor geratuko zela ideia. Ordea, gero pandemia zela eta, ideia mugitzen hasi ginen, eta beste leku batzuetara joaten. Hasierako ideian, publikoa inguratuta zegoen eszenatokian: 360 graduko kontua zen, eta guk, pixka bat ideia hobetzeko, ideia eszeniko bilakatu genuen.

Noizbait izan duzu trikimailua gaizki aterako den beldurra?

Bai, noski, noizbait bai. Helburua da jendea ez konturatzea, eta hor sartzen da magoaren esperientzia. Zerbait gertatzen bada, azkenean, zuzenekoak hori du, eta bideratzen jakin behar da. Hori da magiak dituenalde politenetako bat. Ikusleak ez daki trikimailua nola hasi eta amaitzen den. Hortaz, saioa nahi duzun bezala bideratu dezakezu. Momentuz horrelakorik ez zait gertatu, eta espero dut horrela jarraitzea. Hala ere, prest egotea garrantzitsua da, arazoren bat balego bizkor erantzuteko gertatutakoari.

Asko praktikatu behar izaten dira trikimailuak?

Guk denbora gehien gidoia idazten edo lantzen pasatzen dugu. Idatzi bukaeran egiten da; lehenik, inprobisatzen hasten gara, eta, hortik, ideiak atera etazehaztu egiten ditugu. Gure helburu nagusia ikuskizun desberdina eskaintzea da, hau da, egoera barregarria eta arraroa lortzea. Trikimailuak praktikatu behar dira, noski, baina gidoia errepasatzean praktikatzen gabiltza.

Erantzun ona ari zarete jasotzen, ikuskizunei dagokienez?

Bai, ekitaldi guztiek oso erantzun ona dute. Batez ere, pandemiaren ostean.

Zein da gehien gustatzen zaizun trikimailua?

Ez da trikimailu konkretu bat, baina niri ikaragarri gustatzen zait magoak huts bat izan duen itxura egiten duenean. Oso joko polita sortzen da publikoaren eta magoaren artean. Momentu batean, publikoa magoaren gainetik dagoela dirudi. Betidanik gustatzen zaizkidan jokoak horrelakoak dira; publikoak espero ez dituenak.

Zertan bereizten da ikuskizun hau?

Harritzearen abilezia da gure ikuskizun sendoena. Hasieratik bukaerara ez dago aspertzeko momenturik. Ikuskizuna antzokirik ez duten herrietara eraman nahi izan dugu. Herri asko daude antzokirik ez dutenak, eta, horren ondorioz, ezin izaten dituzte produkzioak aurrera eraman.

Parte hartu duzuen jaialdien artetik, zein duzu gustukoena?

Azken urte hauetan, Gasteizen antolatzen denMagialdia jaialdian egon gara. Mundu osoko magia jaialdi garrantzitsuenetakoa da. Leku oso berezia da, zeren bertan mundu osoko magoak biltzen baitira. Magialdia jaialdiarekin harreman estua dut, txikia nintzela, 6 edo 7 urterekin, hara joaten bainintzen ikuskizunez gozatzera.

Umorea garrantzitsua da zuretzat?

Magian eta bizitzan da garrantzitsua umorea. Ez dut imajinatzen magia umorerik gabe; oso zaila iruditzen zait. Badaude mago batzuk umorerik gabeko magia egiten dutenak. Txikitatik izan naiz eskolako zelebrea. Etxean ere, aitak txisteak kontatzen zituen. Gero, magiarekin topo egin, eta maitemindu egin nintzen. Magia komediarik gabe ezin dut imajinatu ere egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.