Puntada bakoitza bakarra da, bezeroarendako esklusiboa. «Denda honetan ez dira bi soineko berdin izanen». Txikitatik liluratu du modak Miguel Biurrun (Muru Artederreta, Nafarroa, 1999), batez ere Glenn Close aktorea Cruella de Vil gisa ikusi zuenetik. «Bilaua izan nahi nuen». Diseinua ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta Madrilera joan zen ondoren, adar horretako master bat egitera. Hormigoiaz nazkatu eta etxera itzuli zen. Orain, emaztegaiendako soinekoak egiten ditu, Iruñeko Felipe Gorriti karrikako 43. zenbakian.
Jostuna edo diseinatzailea?
Bitzuk. Aukeratu beharko banu, diseinatzailea. Gorroto dut arropa erreproduzitzea. Nigandik atera den zerbait nahi dut bezeroek janztea.
Jostea baino diseinatzea nahiago duzu, beraz?
Ez. Jostea arras gustatzen zait, baina amorrarazten nau pieza konkretu bat prestatzeko eskatzeak. Nahi dut sortzeko parada izan.
Zein da zure DNA?
Xumea eta garbia, baina kolore ukitu batekin.
Slow fashion delakoan aritzeko hautua egin duzu.
Inditexen egin nuen lan behin. Higuingarria. Ez hainbeste jantziengatik, lan metodologiarengatik baizik. Mundua gainkargatzen dute inolako beharrik gabe. Mantso eta ximenki egindako zerbait nahiago dut.
Zergatik egin emaztegaiendako soinekoak soilik?
Ez zait interesatzen gizona janztea. Emakumeak fantasia lantzeko bidea ematen dit. Gizonak nahikoa du trajea eskuratzearekin.
Gizonak, ez?
Praka eta alkandora sinple bat? Joan daitezela Inditexera.
Eztei moda emakumeari dago zuzendurik?
Baliteke. Emakumea kargatuago doa: lore sorta, urkilak, zapatak, ezkontza ondorengo soinekoa...
Zergatik gertatzen da hori?
Presio historikoaren eta sozialaren kariaz. Finean, ekintza soziala da ezkontza bat.
Herri tipi batean jaiotzeak eragina du zure diseinatzeko eran?
Ez bereziki. Kanpoko kultura izan dut elikagai, oro har. Herrian ezin izan dut modarik ikusi. Tira, amonaren mantelina, hori bai fantasia.
Drag-a ere bazara. Eskutik helduta doaz drag-a eta moda?
Bai, jakina. Adierazteko era bat da moda, drag-a bezala.
Eragina izanen du horrek sormen prozesuan.
Ez askorik. Bezeroak oso ezberdinak dira. Bien arteko bat izan liteke ijito ezkontza bat.
Ijito ezkontza bat?
Estilo gainkargatua darabilte, esajeratua, drag identitateen gisan.
Klasikoa da zure ogibidea; apurtzailea, aldiz, afizioa. Bateragarriak al dira?
Erabat.
Miguel Biurrun diseinatzailea, hortaz, drag-a ere bada.
Ez. Ezberdinak dira biak ala biak.
Ezkongaiak drag errege-erreginak al dira?
Emaztegai asko antzerki hutsa dira. Presioagatik ezkontzen dira.
Neurri kanonikoen aurka, emakumeen gorputz anitzetara ere moldatzen dituzu zure diseinuak.
Nola ez! Beharrezkoa da oso. Hemen ez da inor baztertzen.
Norbait harrituko luke 24 urteko mutiko bat ezkontzetarako soinekoak egiten ikusteak?
Iruñean, bai.
Nolatan?
Gizona naizelako, eta gaztea. Ez dut adinean federik. Gaztezaharra naiz, burutik oinetarainoko andre.
Moda kultura al da?
Zoritxarrez, bai.
Zoritxarrez?
Balentziaga kultura bikaina da, baina H&M... tira. Ezberdindu behar dira modaren kultura eta kulturaren moda. Ez dut joeretan sinesten, deus ere.
Modan dago moda?
Modaren kulturarekiko interesa galtzen ari da. Moda asko daude orain, baina zein da ona?