Saturrarango kartzelan jaioa

Merche Gallardo: «Ez dut inoiz ukatu non jaio nintzen; ez daukat horretarako motiborik»

Saturrarango kartzelan jaio zen Gallardo, ama bertan preso hartua zutelako. Kostata lortu zuen bertan gertatutakoaz gaur egun dakiena kontatzea. Hara eta hona eman zuen haurtzaroa, eta bizitza osoan ez dio lan egiteari utzi.

Merche Gallardo, joan den asteko asteazkenean, bere etxean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Merche Gallardo, joan den asteko asteazkenean, bere etxean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
ane insausti barandiaran
Iurreta
2024ko irailaren 29a
05:00
Entzun

Geltoki ugari ditu Merche Gallardoren (Mutriku, Gipuzkoa, 1940) bizitzaren kontakizunak, eta horren isla da haren etxea ere: paretak oroitzapenez beteak ditu. Abesbatzako argazki bat, 80 urte egin zitueneko bat, familiaren argazki ugari... «Ez zait oroitzapenik falta. Asko eta asko ditut», adierazi du. Saturrarango kartzelan jaio zen, ama bertan preso zegoelako, eta ume batenak ez diruditen bizipenak ditu memorian iltzaturik, kartzela barruan zein kanpoan jasandakoak. «Ez zait ezertxo ere geratzen egiteko», esan du lehenengo; «baina» batekin jarraitu du, ordea: bizitako guztiak liburu batean biltzea.

Saturrarango kartzelan jaio zinen, ama, Jaengoa [Espainia], hara eraman baitzuten. Badakizue zergatik?

Ez dakit zergatik, agian bere ideiengatik... Uste dut oraindik gerra garaia zela, eta hona ekarri zuten, Saturraranera. Haurdun zegoen ordurako. Han jaio nintzen ni, 1940ko martxoaren 3an.

Kartzela sei urtez egon zen irekita, 1938tik 1944ra. Zenbat urtez egon zen bertan?

Lau urtez. Nik urtebete-edo izango nuen aita bila etorri zenean. Nire bila etorri zen, han haurrak desagertu egiten zirelako. Gero, ama askok ez zuten jakiten beren haurrak non zeuden ere.

Amak ez zuen horri buruz hitz egin nahi izaten. Zuk, ordea, zer gertatu zen jakin nahi zenuen, ezta?

Garai horri buruz dakidana nik atera nien, pixkanaka-pixkanaka, eta asko kostata. Galdera asko egiten nizkion; nire ahizpek, ziurrenik, ez dute gauza handirik jakingo, baina nik bai. Bi anaia hil zizkioten bere herrian, Puente de Genaven [Jaen, Espainia], kuartelean, eta bera haurdun ekarri zuten Saturraranera.

Zer kontatu zizun kartzelako bizimoduaz?

Adibidez, preso zeuden emakumeak patatak zuritzen ari zirela patata azal bat ahora eramaten bazuten zuzenean zigortzen zituztela, sotoetara eramanda. Eta mareak gora egiten zuenean ura leporaino iristen zela bertan; orduak eta orduak edukitzen zituzten han. Nire ama ez zuten zigortu, eskerrak, askotan ez zelako ausartuko ezer esatera ere.

«Saturrarango kartzelari buruz dakidana nik ateratzen nion amari, pixkanaka-pixkanaka, eta asko kostata. Galdera asko egiten nizkion»

Jatekorik ere ez zieten ematen, ezta?

Ez, eta pentsa: txahal erdiak ere eramaten omen zituzten Ondarroako [Bizkaia] baserritarrek kartzelara, presoentzat. Baina mojek dena ekonomatuan sartzen omen zuten, eta presoek ez zuten janaririk ikusten. Patatak, fruta... denetarik eramaten zieten, baina ez zuten usaindu ere egiten.

Elkartasuna ez zen presoengana iristen, orduan.

Ez, amak esaten zidan ikusten zutela nola ateratzen zuten janaria parean zegoen mendi batetik, saltzeko.

Odol transfusio bat ere egin behar izan zizuten...

Bai, oso gaixorik jarri nintzelako, ez dakit zergatik: hezetasuna izango zen, edo janari falta... Nire ama gaixoari odola atera behar izan zioten, niri jartzeko. Pentsa ezazu zer odol izango zuen nire amak, hark ere ez bazuen jaten...

Eta aita zure bila joan zenean, Andaluziara [Espainia] joan zineten, ezta?

Bai, istorio bitxia da. Lehenengo, aitak bataiatu ninduen, Maria Francisca izenarekin, Andaluzian. Baina amak beti esaten zidan ni bizitza osoan deitu nautela Mercedes izenez; nire amabitxia Kataluniako emakume bat zela, Mercedes izena zuela, preso zegoela harekin, eta hark jarri zidala izena. Nongoa naizen galdetzen didaten bakoitzean, beti gauza bera erantzuten dut: ez dakit nongoa naizen.

Ume-umetatik ibili zara batetik bestera.

Bai. Andaluzian, aitaren amak eta izeba batzuek hezi ninduten. 7 urterekin-edo itzuli ginen hona, Barazar eta Ubide ingurura [Bizkaia]. Handik Mañarira joan nintzen [Bizkaia].

Eta ama nola elkartu zen zuekin?

Ama beste hiru urtez egon zen kartzelan. Ezer gabe atera ziren: batere dirurik gabe, Andaluziaraino joateko paperik gabe... Pentsa, Andaluziaraino... Kontatu zidanez, lotsa ematen zien arren, jendearengana joaten ziren kartzelatik atera zirela esanez, dirua eskatzeko. Hala joan zen Andaluziaraino, mundu guztiari nondik zetorren esanez. Nik ez dakidana da nola zegoen nire ama ondo, bizi izan zuen guztiarekin.

«Nongoa naizen galdetzen didaten bakoitzean, gauza bera erantzuten dut: ez dakit nongoa naizen»

Zu ere lan eta lan ibili zara beti.

Harrobi zahar baten ondoan bizi ginen Mañarian, urik eta argirik gabe. Iratzeak zigilatzen nituen orduan. Handik atera nintzenean, nire gurasoak Bachicabora [Araba] joan ziren, eta ni hemen gelditu nintzen neskame, Durangon [Bizkaia].

Ez zenuen oso esperientzia ona eduki...

Oso ezaguna zen familia batean geratu nintzen, eta esperientzia benetan gogorra izan zen: bi neska ginen, eta ez ziguten jaten ematen. Ni beti izan naiz erabakimen handikoa, eta egun batean ihes egin nuen handik. Kalera atera nintzen, oinutsik. Nire lankideari ez zion ihes egiteko denborarik eman, eta atea itxi zioten. Hark bota zizkidan zapatilak, leihotik.

Baina ondorengoak hobeto joan ziren, ezta?

Handik ihes egin nuenean, ez nekien nora joan, eta Maria Astigarraren etxean egon nintzen, denbora dezente. Emakume zoragarria zen. Handik, Matienako [Bizkaia] Tubos Bermara joan nintzen lanera, alergiengatik lana utzi behar izan nuen arte. Beste etxe batean aritu nintzen gero, eta Oñatiko [Gipuzkoa] enpresa batean ere bai, ezkondu arte. Pentsa, ezkontzako arropa neronek josi behar izan nuen, gurasoek ezin zidaten ordaindu eta.

Zer gertatu zen San Fausto auzoko etxeekin?

San Fausto auzoko etxeak banatu zituztenean, ni bakarrik nengoenez hemen, nire izenean jarri zuten etxea gurasoek. Baina jendea ohartu zen haur bat nintzela, kexatu egin ziren, eta kendu egin zieten. Zorionez, Jose Antonio Astigarraga orduan udaletxean zegoen, eta, negarrez ikusi ninduenez, ahal zuena egin zuen guri etxe bat lortzeko; lortu zuten, eta nire gurasoak orduan itzuli ziren hona.

Noiz etorri zinen hona, Iurretako etxera?

59 urte dira hemen bizi naizela. Baina izugarri mugitu naiz; joan naiz etxeak garbitzera, izugarri zapatila pila egin ditut, eta Eusko Jaurlaritzan sartu nintzen, behin-behineko ordezko moduan, eskola bateko jangelan. Hemezortzi urtez aritu naiz han, erretiroa eman zidaten arte, bertako likidoek sortzen zizkidaten alergiak zirela eta. Bizitza osoan aritu naiz lanean.

Saturraranera itzulita, gogoan duzu bota zutela jakin zenuen unea?

Ez, ez nintzen enteratu ere egin. Jakin izan banu, joango nintzatekeen. Baina bai, gogoan dut zutik ikusi nuela, bota aurretik.

«Niretzat garrantzitsua zen itzultzea, eta zer gertatu zen jakitea. Pena da nire amak ez zuela ikusi»

Zer sentitu zenuen?

Ez dakit, hotzikara moduko bat, orain bezalaxe. Nire amak asko sufrituko zuen... Ez nire amak soilik, han egon ziren guztiek, ezer txarrik egin gabe.

Eta orain gutxi ere han izan zara, ezta?

Bai. Ikusi, erakutsiko dizut [telefonoa atera du, eta argazkiak bilatu ditu]. Emakume bat aritu zen guri azalpenak ematen: Arantza Ugarte. Esan zidan: «Hemen zegoen erizaintza; hemen jaio zinen zu». Hau da kartzelatik zutik geratzen den gauza bakarra [harrizko horma bat seinalatu du argazkian]. Harri horiek dauden tokian omen zeuden amak haurrekin.

Monolitoa ere hor dago, haiek omentzeko.

Bai, eta begira ibili nintzen, ikusteko ea nire amaren izena hor zegoen. Baina, noski, hor hildakoak soilik zeuden, eta ez zegoen amaren arrastorik.

Pentsa monolitotik kanpo ere zenbat istorio egongo ote diren...

Bai, nirearen antzerakoak izango dira. Ze ni baino helduagoak ziren haurrak egon ziren bertan. Dena den, niretzat garrantzitsua zen itzultzea, eta zer gertatu zen jakitea. Pena da nire amak ez zuela ikusi. Imajinatzen dut bizi izan zuena, eta... [hunkitu egin da].

Kontatzeak lagundu dizu zauriak ixten?

Bai, bueno, urteen poderioz, onartuz joaten zara. Psikologo batek esan zidan: «Merche, hori ahaztu egin behar duzu, saiatu egin behar duzu». Baina nik esan nion ezetz, ezin dudala burutik ezabatu. Barru-barruan geratzen zaizun zerbait da, eta ezin duzu ahaztu.

Eta, halere, hemen zaude, indartsu eta lan eta lan.

Ez naiz inoiz gelditu. Eta nire seme-alabak aurrera atera ditut inork lagundu gabe, zortzi ordu lan eginez eskolan. Hona etortzen nintzen [etxera], eta ez nintzen esertzen, bestela ezin nintzelako altxatu. Berriro hasten nintzen etxea txukuntzen, arropa prestatzen, haurrak prestatzen... Oso bizitza gogorra izan dut.

«Ezin dut gertatutakoa burutik ezabatu. Barru-barruan geratzen zaizun zerbait da, eta ezin duzu ahaztu»

Gaur egun, Andaluziako Zentro Kulturaleko kidea zara Durangon. Zure sustraietako batzuekin bat egiteko modua da?

Parte batekin, bai. Andaluziara hiru seme-alaba nituenean itzuli nintzen, haurrekin eta senarrarekin. Duela 45 urte, gidabaimena atera nuenean. Ordura arte ez nuen Andaluzia ezagutzen. Eta Zentroan, abesbatzan egon nintzen. Sei urte daramatzat, gutxienez, batzordean. Sevillanak dantzatzen ikasi dut han, Andaluziako dantzak ikasi ditut... Denetarik egin dut: ez zait ezertxo ere geratzen egiteko. Hori bai, gustatuko litzaidake norbaitek liburu bat idaztea nire bizitzari buruz; liburu asko eta asko egongo dira ez dutenak nik kontatzeko dudan adina kontatzen.

Eta josten ere aritzen zara, egindakoa gero kanpora bidaltzeko, ezta?

Bai, Maristas du izena taldeak. Kakorratz lanak egiten aritzen gara, eta bidali egiten ditugu. Nahikoa talde handia gara; hamabost bat lagun elkartzen gara, eta denetarik egiten dugu [telefonoa hartu du berriro, argazki bila]. Begira hauek! [Haiek egindako panpinak erakutsi ditu]. Denetarik egiten dugu, eta gauza asko daudenean, bidali egiten dituzte. Duela gutxi, adibidez, Marokora bidali dituzte.

«Gustatuko litzaidake norbaitek liburu bat idaztea nire bizitzari buruz; liburu asko eta asko egongo dira ez dutenak nik kontatzeko dudan adina kontatzen»

Bizi izan duzunak elkartasun handiagoa izatera eraman zaitu, akaso?

Bai. Horrelaxe ateratzen zait. Urteak daramatzat DYAri ere dirua ematen.

Amaitzen hastea komeniko da, bilobak etorri aurretik...

Bai, baina lasai, janaria prestatuta daukat eta.

Egina duzu jada?

Hozkailuan daude. Bart egin nizkien haragi bolak; izugarri gustatzen zaizkie. Eta orain oporretara joaten naiz, eta denak etortzen dira nirekin: seme-alabak, bilobak... gonbidatuak ere bai!

Ba liburuaren zain geratu besterik ez dago, Merche...

Ea norbaitek idazten duen, bai. Ez dut dirurik nahi; zerbait ateratzen badute, behar gehien dutenei eman diezaietela. Nik ez daukat ezer ezkutatzeko: niri gertatu zaidana da. Baina ez dadila berriro gertatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.