Haurra denetik eskulanetan ari da Keiffer (Noumea, Kanaky, 1993). Hainbat urtez garatu zuen gaitasunari esker, bere lehen gitarra elektrikoa konpondu ahal izan zuen bere kabuz. Oharkabean, pasio berria garatu zuen: gitarrak konpontzearena. Lagunen gitarretan ziren detailerik ttipienak konpontzen hasi zen orduan, eta azkenean, gitarrak hastetik buru fabrikatzea lortu zuen, dena bere eskuekin. Orain dela sei bat urte, Suge izeneko tailerra ireki zuen, zeinetan gitarrak konpontzen, egiten, eta apaintzen dituen, inguruan atzematen duen egurraren bidez.
Zure lehen gitarra elektrikoaren gainean kolatua zen pegatina batengatik sartu omen zinen arrabitagile mundurat.
Mundu horretara nahi gabean sartu nintzen. 16 urterekin ene lehen gitarra akustikoa ukan nuen. Biziki fite gitarraz maitemindu nintzen. Orduan, ene bideojoko kontsola trukatu nuen ottoren gitarra elektrikoarekin. Gitarra rouge à pailettes zen, eta gainean pegatina lodi bat kolatua zen. Kentzen entseatu nintzen, baina ez nuen lortu. Kuter batekin kendu nuen, baina gitarra marratu nuen. Beraz, musika tresna desmuntatu nuen nola egina zen ulertzeko, eta berriz tindatu ahal izateko. Horrela hasi zen, pegatina bati esker.
Hori egiten segitu zenuen.
Hasieran, zelo pixka batekin eta tindu bonba batekin baizik ez nintzen hasi. Eta geroxeago, gitarra elektronikoen kasuan, material anitz bada, mikrofonoak, anplifikadorea, pedalak… Alde tekniko horrek erakarri ninduen. Beraz, gitarrak desmuntatzen hasi nintzen, mikrofonoak aldatzen, egurra berriz tindatzen... Eta, pixkanaka, gitarrak fabrikatzen hasi nintzen, enetzat eta lagunentzat.
Eskulanak egiteko gustua nondik jiten zaizu?
Ttipidanik aitarekin eskulanak egin izan ditut. 6 urterekin, zulagailu bat erabiltzen banekien. Luthier bilakatu aitzin eraikuntzan aritu nintzen: elektrikari nintzen. Desberdintasun handiak badira elektrikari lanaren eta luthier lanaren artean; elektrikari nintzelarik, etengailua hemen edo hemendik hamar zentimetrora jartzen banuen ez zuen axola, eta, arratsean etxera sartzen nintzelarik, orduak pasatzen nituen gitarran zen marra ñimiño bat konpontzen. Aski fite erabaki nuen gitarrekin lan egin nahi nuela.
Fabrikatzen dituzun gitarrak altzari zaharren egurrarekin egiten dituzu. Zergatik hautu hori egin zenuen?
Berez, arrazoi ekonomikoengatik hasi nuen. Erraz. Oraindik eraikuntzan ari nintzelarik, xantierretan atzematen nituen egur hondarrak biltzen nituen, eta berrerabiltzen nituen. Zozokeria iruditzen zitzaidan holako egur puska ederrak ez erabiltzea! Orain ez dut erabili nahi beste kontinente batetik hegazkinez iritsi den egurra. Gure inguruan dugunarekin gehiago egin behar genuke. Horrek ahalbidetzen du sekula erabiliko ez genukeen egurra erabili ahal izatea. Lutherian beti ber egurrekin lan egiten da, palisandroarekin edo astigarrarekin, adibidez.
Zeintzuk dira deskubritu dituzun egur motak?
Intxaurrondoaz maitemindu naiz. Berriki, udareondo egurrarekin ere lan egin dut, kristorena zen! Egur exotikoak ere erabiltzen ditut, baina bigarren bizi bat eskainiz.
Lanbide teknikoa izateaz gain, lanbide artistikoa da.
Batzuek alderdi teknikoa baizik ez dute eskainiko: konponketak, aldaketak.. beste batzuek, apainketa soilik; eta besteek biak egiten ditugu. Artisau baino gehiago, artisau artistiko bezala ikusten dut ene burua.
Badea trabarik birziklatutako egurrarekin lan egiterakoan?
Bai, badira. Alde batetik, egurra atzemateko ez da beti erraz. Energia eta denbora hartzen du egur egokia lortzeak. Eta, ondotik, zaila da altzari batentzat erabilia izan den egurra zaharberritzea eta lantzea. Egokitze lan handia da. Bestalde, saiatzen naiz ingurumen aldetik arduraz jokatzen, baina horretan ere mugak badira.
Zeintzuk, adibidez?
Adibidez, ene fabrikazioak bernizatzen ditut. Batzuek erraten didate ez dela arduraz jokatzea, berniza industrialki egina baita, eta kutsatzen baitu. Ez dut lortzen osoki arduraz jokatzea. Ene lanarekin lortu nahi dudana da gitarra industrian egiten diren gitarretara ahalik eta gehien hurbiltzea, eta musikariak beren gitarrekin identifikatu ahal izatea. Hori lortzeko, gauza batzuei uko egin behar zaie. Jadanik beste material batzuk erabili izan ditut, baina ez da arras nik nahi dudan emaitza. Berdin plastikoari dagokionez: saiatzen naiz beste alternatiba batzuk erabiltzen, baina ez da beti erraz.
Jendeak zapatekin egiten duen bezala, gitarra andeatua bota eta berri bat erosten dute gitarristek?
Luthier lanbidea ez da oraindik ezagutua. Luthierrek gitarrak konpontzen ditugu, baina horrez gain, kontseilu baliosak ematen ditugu. Anitzek ez dakite zenbat oro sokak aldatu behar diren, edo zer den ontsa doitua den instrumentu bat... Luthierrak horretarako ere bagara.
Bezeroekin anitz lan egiten duzu. Bazenuke markatu zaituen anekdotarik?
Bezeroekin ditudan esperientzia gehienak oso positiboak dira. Behin, musikaria zen bezero batek buruko odol kolpe bat izan zuen, eta zailtasunak ukan zituen mugikortasuna osoki lortzeko, bereziki eskuetan. Elkarrekin lan bat eraman dugu berriz lor zezan gitarra jotzea; beraz, gitarrari aldaketak eta egokitzapenak egin genizkion. Harekin nuelarik hitzordua, tailerra ordu bat eta erdiz hesten nuen, eta buru-belarri lanean hasten ginen egokia zitzaion gitarra lortzeko. Trukaketa lana da enea.
LOTSABAKO
Altzari bat?
Mahaia.Gitarra ez den musika tresna bat?
Ahotsa.
Gitarrak konpondu ala apaindu?Apaindu. Alde artistikoa anitz gustatzen zait.