Hiretzat goli kherautzen dinat / erromeetako gazin mindroa / ene muirako mandro londoa / mol loloena ene khertsiman. Jon Miranderen Kama-goli poemarekin hasten da Erromintxela. Senderos y raíces (Erromintxela. Bidexkak eta sustraiak). Ahots batek errezitatzen ditu maitasun hitzak, txalapartaren eta kaxoiaren doinuak tartekatzen diren bitartean. UN Etxearen Eman minutu 1. Hitzak lehiaketa irabazi zuen minutu bateko ikus-entzunezkoaren harira egin dute dokumentala Marta Las Herasek eta Ainhoa Zamanillok. Pozarren dago Zamanillo (Bilbo, 2000).
Txalaparta eta kaxoia baso batean. Horrela hasten da dokumentala. Metafora ederra.
Bai. Bi kulturaren arteko nahasketa da erromintxela, eta horregatik pentsatu genuen hasiera polita zela txalapartaren eta kaxoiaren doinuak nahastea, musika tresna horiek bi kultura horiek ordezkatzen baitituzte, euskaldunena eta ijitoena.
Eta Jon Miranderen poema...
Poema ederra da, eta arreta bereganatzeko oso aproposa zela uste genuen. Erromintxela entzuten da, eta euskara dirudi, baina ez da, ez da ulertzen... Bitxia da.
Nondik nora sortu zen dokumentalaren ideia?
Gobernuz kanpoko erakunde bat da UN Etxea-Unesco Sustatzeko Euskal Herriko Elkartea. 2023an, lehiaketa batera aurkeztu eta lehen saria irabazi genuen minutu bateko ikus-entzunezkoarekin. «Hitzak» ziren gaia, eta tshilubu, inuit eta yagan hizkuntzen hitzei erreparatu genien, beste hizkuntzetan itzulpenik ez duten hitzei. Hitz bat galtzen denean, ez da hitza bakarrik galtzen, zerbait gehiago galtzen da; identitatea, memoria kolektiboa, mundua ulertzeko modu bat... Sari horri esker egin dugu dokumentala.
Eta zergatik erromintxela?
Hasieran erromaniari buruzko dokumentala egitea pentsatu genuen, baina, bat-batean, erromintxelaren berri izan genuen. Interneten topatu genuen. Erabat ezezaguna zen guretzat. Orduan erabaki genuen erromintxelaren inguruko dokumentala egitea. Euskal Herrian bizi gara, eta erabat ezezaguna da.
Pogadolekto bat da.
Bai, berez ez da hizkuntza bat, ezta dialekto bat ere. Ijitoen erromani hizkuntza dago erromintxelaren oinarrian, baina euskararekin nahasten da alderdi lexikalean, gramatikalean eta fonologikoan. Josune Muñozek azaldu zigun bazegoela hitz filologiko bat bi hizkuntzen arteko batuketa hori adierazteko. Ijitoak errotu diren beste lekuetan ere bertako hizkuntzarekin nahastutako pogadolektoak sortu omen dituzte. Gauza organiko bat da. Euren burua babesteko modu bat ere izan liteke...
Egaxuek ez ulertzeko hizkera bat?
Bai, hizkera propio bat.
Euskaldunak dira egaxuak, kalo ez direnak.
Bai. Euskaldunek edo payo-ek ulertuko ez zuten hizkera zuten, baina plazetan elkartzen ziren. Oso pilotazaleak eta bertsozaleak ziren, eta ezinbestean egon dira harremanetan; bestela, ez zen erromintxela existituko. Sei mende dira hemen bizi direla.
Orain galzorian dago.
Josune Muñoz filologoa da, eta oso lan sakona egin du erromintxelari buruz. Bostehun hitz inguru biltzea lortu du, baina, zoritxarrez, ez dugu topatu erromintxela hitz egiten duen inor. Misterio bat da hiztunik ba ote dagoen. Ijito elkarteen bidez saiatu gara, baina ez dugu inor aurkitu. Josune Muñozek eta Elias Lopez de Mungiak duela 30 urte egindako ikerketa batean oinarritzen da gure dokumentala. Azken erromintxelen egoera aztertu zuten. Orduan, hiztunak topatu zituzten, baina 80 urtetik gorakoak ziren, eta jada hilda daude denak. Baten bat geratzen bada, oso zaharra izango da, eta guk behintzat ez dugu topatu. Hasieratik izan zen helburua baten bat aurkitzea, eta gure esku zegoen guztia egin dugu. Tamalez, ez dugu mintzaira horren arrastorik aurkitu.
'Senderos y raíces'. Bidexkak eta sustraiak.
Senderos y raíces deitzen da, hain justu, bidaia bat azaltzen delako. Ijitoak Indiatik etorri ziren duela sei mende justu. Haien bidaia liluragarria da. XV. mendean iritsi ziren Euskal Herrira. Hemen errotu ziren, eta hemen dituzte sustraiak. Urteak joan, urteak etorri, bi kultura horien elkarbizitzatik sortu zen erromintxela.
Hizkuntza gutxitu baten barruan, mintzaira gutxituago bat.
Bai. Hala da.
Garai batean, mingaina mozten zieten erromintxela hitz egiten zutenei...
Ez dut horren berri, baina baliteke horrela izatea. Ijitoak jazarrita bizi izan dira, eta litekeena da, haien kultura eta tradizioak bezala, haien hizkera ere jazartua izatea. Palmira Dual, Roberto Jimenez eta Oskar Bizarraga ijitoek hartu dute parte dokumentalean, eta haien bidez jaso dugu bizi izan duten jazarpen historikoa. Oso argi genuen horren berri eman behar genuela.
Guggenheimen aurkeztu zenuten dokumentala...
Bai. UN Etxeak Bilboko Fair Saturday jaialdiaren barruan antolatutako ekitaldia zen. Sarrerak oso azkar amaitu ziren, eta oso harrena ona izan du. Errespetu handiz egindako lana da, eta kontatzeko modua ere berezia da. Getxon [Bizkaia] proiektatu dugu, eta espero dugu leku gehiagotara eraman ahal izatea. Azken batean, erromintxela ezagutaraztea garrantzitsua da, eta ijitoak hemengoak dira, euskaldunak dira. Euskal Herriko gauza da erromintxela.
LOTSABAKO
Erromintxelazko hitz bat?
Kera, etxea.Eta euskarazkoa?
Bizikidetza.Beste hizkuntza batekoa?
Mamihlapinatapai. Yagan hizkuntza da. Lehen urratsa egiteko uzkur diren bi pertsonaren arteko begirada da, esanahiz betetakoa.