Txakurren nutrizionista

Zuri Segurola: «Ez dugu arretarik jarri behar pentsu paketeetako txakur zoriontsuetan»

Txakurren elikadura hobetzea du xede Segurolak lanean, haien osasuna zaintzeko. Haren ustez, guztiz baztertu behar da pentsua, eta «benetako janaria» eman behar zaie; gizakiek jaten dutena, alegia.

Zuri Segurola, duela bi aste, Garbidogi dendaren kanpoaldean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Zuri Segurola, duela bi aste, Garbidogi dendaren kanpoaldean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Elikagaiak zure sendagai izan daitezela», esan zuen Hipokratesek, eta aforismo horri jaramon egiten saiatzen da Zuri Segurola (Gasteiz, 1980). Txakurren nutrizionista da, eta aholkularitza eskaintzen die beren jabeei. Garbidogi dendan animaliak garbitu ere egiten ditu, eta, bestela, hitzaldiak ematen aritzen da; prestakuntza eskainiko du maiatzean, esaterako.

Esaten dute jada txakur gehiago daudela umeak baino.

Bai, bai. Estatistika askok diote gero eta txakur gehiago daudela, bai. Nire ustez, primeran!

Gizakien nutrizioa bezain garrantzitsua da beste animaliena, ezta?

Hori da. Jaten dugun hori garela esaten dute, ezta? Animaliei gauza bera gertatzen zaie. Normalean jendeak ez du jakiten zer ematen dion bere animaliari, hainbeste maite duen horri. Garrantzitsua da jakitea, eta hori da nire lana.

Gaizki elikatzen ditugu txakurrak?

Normalean, bai. Gehienek pentsuarekin elikatzen dituzte, %80 inguruk. Pentsuarekin elikatzea osasunaren aurka egitea da. Pertsona bati galdetzen badiozu zer jan duen, esango dizu entsalada bat, haragia edo dena delakoa jan duela. Baina pentsuarekin elikatzen badu txakurra, eta galdetzen badiozu pentsua zer den, ez du jakingo. Ez dakigu pentsua zer den.

Eta zer da?

Ez da erraza, ez dutelako erraz jartzen, baina, labur, ultraprozesatua da. Badakigu pertsonek ultraprozesatuak egunero eta bizitza osoan jateak osasunari kalte egiten diola; animalietan, berdin.

Txakurrek gizakien janari hondarrak jatea egokia da?

Bai. Zure elikaduraren arabera, noski. Ez bazara ondo elikatzen, ez da ona izango txakurrarentzat ere. Ondo elikatzen bazara, pentsua baino askoz hobea da.

Beraz, nola hobetu daiteke txakurren elikadura?

Gaur egun informazio asko dugu, eta batzuetan agian kontraesankorra izaten da. Nire lana da jendeari azaltzea zer den ona, zer den txarra, zertan oinarritu behar den elikadura. Ematen ditudan aholkularitza zerbitzuak bi hilabeteko prozesuak izaten dira, eta pertsonak ikasten du bere txakurra bizitza osorako elikatzen.

«Asko egin daiteke elikaduraren bitartez bakarrik: gaixotasun asko prebenitu daitezke, eta buelta eman dakieke»

Aipatuko zenituzke oinarrizko jarraibide batzuk, denek bete beharrekoak?

Jakin behar duzu zer ari zaren ematen txakurrari; hau da, jakin behar duzu janari hori janaria dela. Barazkiak ematen badizkiozu, barazkiak direla; haragia ematen badiozu, haragia dela. Txakurren elikadurak benetako elikagaiak izan behar ditu oinarri, gurearen moduan.

Hau da, txakurrentzako janaria ere prestatzeaz ari zara?

Hori da, eta jakitea nola prestatu behar den. Osasungarria den janaria ere saltzen dute, baina informazioa izan behar duzu erabakitzeko. Txakurrek ezin dute erabaki, eta gugan dute konfiantza, haien ordez erabaki behar dugu. Gu gara gure animalien osasunaren arduradunak, eta asko egin dezakegu elikaduraren bitartez. Egin daitekeena ikaragarria da.

Beraz, supermerkatuko Txakurrentzako janaria atalean dagoena baztertu behar da, ezta?

Horietako bat ere ez da egokia. Hori ez duzu begiratu behar, hortik ez duzulako ezer onik aterako. Supermerkatuan zuretzat erosten dituzun produktuetan oinarritu behar da animaliaren elikadura, benetako janarian.

Hala ere, horrek lan handia ematen du.

Bai. Askotan pentsatzen dugu lan handia ematen duela. Ni nire txakurragatik hasi nintzen mundu honetan. Albaitari integratibo batengana joan nintzen, Lagunek azaleko arazo pila bat zituelako. Horregatik jo nuen albaitari harengana, eta azaldu nion pentsu onena erosten niola, eta berak esan zidan ez azaltzeko ezer pentsuari buruz: pentsuak elikaduratik kanpo egon beharko lukeela. Orduan, zera pentsatu nuen: ez daukat niretzako denborarik, eta Laguni janaria prestatu beharko diot... Baina ikusten duzunean janariak animaliei zer egiten dien, plazerez prestatzen duzu. Antolatzea da kontua; antolatzen ikasten duzunean, oso erraza da. Ez dauka zailtasunik.

Txakurrak ondo elikatzea, beraz, beren osasuna zaintzeko modu bat da.

Horrela da, guztiz. Niregana etortzen den jendeak normalean gaixotasunen bat duen animalia bat izaten du, baina lan handia egiten dut prebentzioan ere. Prebentzioa ez dago gure sisteman sartuta, ez animalien sisteman, ez gizakionean. Asko egin daiteke elikaduraren bitartez bakarrik: gaixotasun asko prebenitu daitezke, eta buelta eman dakieke.

Zuri bizitza aldatu dizu honek denak, ezta?

Erabat. Ni beste lan batetik nentorren, eta ikusi nuenean elikadurak zer egiten duen... Jaso izana gustatuko zitzaidan informazioa ematen dut. Jendeak beti galdetzen dit ea zein den pentsurik onena, eta nik nahi dut jendeak bere kabuz ikustea zer den ona, edo ona ote den... 

Esango diezu, noski, ez dagoela pentsu onik.

Pentsua ez da janaria. Koloratzaile ugari ditu; ez dituzte jartzen animalientzat, haiei ez baitzaie inporta: gure begietara erakargarriagoa egiteko erabiltzen dituzte. Marketinak asko egiten du: ez dugu arretarik jarri behar pentsu paketeetako oilaskoan eta txakur zoriontsuetan. Guk etiketak irakurri behar ditugu, eta, horretarako, jakin egin behar da, ez dutelako erraz jartzen.

lotsabako

Zer plater du Lagunek gogokoen?
Brokolia.

Jan duzu bere janari hondarrik?
Ez, baina nire lehen txakurraren pentsu bola bat probatu nuen. «Trosky gizajoa», pentsatu nuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.