Beldurra jarri dute aurtengo BCC Basque Culinary Centerreko Diálogos de cocina gastronomia jardunaldietako hitzaldien lotune: norberaren ikarez aritu dira, jaki batzuek ematen duten izuaz, kozinatzeko elikagairik ez daukanak sentitzen duen terroreaz… Literaturaren, zinemaren, nutrizioaren, musikagintzaren eta kazetaritzaren ikuspuntutik jorratu zuten gaia aste hasieran.
Andres Torres gerra berriemaile ohi eta sukaldaria Ukrainan egon da orain gutxi arte, eta Donostiara etorri da Diálogos de cocina jardunaldietan hitzaldi bat ematera. Astelehenean hartu zuen hitza, Nuria Teson nazioarteko kazetariarekin batera, Basque Culinary Centerreko auditoriumaren eszenatokian. Kopa bana ardo eskuetan zutela aritu ziren beren beldurrez: aitortu zuten gosea izateari diotela beldurra, baina «benetako gosea» izateari. Tesonek Gazara egin dituen bidaietan ikusitakoa oroitu du: «Beldurra dute Gazako zerrendako emakume askok, ez dakitelako bihar jateko zer emango dieten beren haurrei».
«Ez du balio dirua emateak norberaren kontzientzia garbitzeko: haiekin bizitzeak balio du»
ANDRES TORRESSukaldaria
Torres kazetari antzaldatua da: gerra berriemaile zenean ikusitako gosetea dela medio, Global Humanitaria gobernuz kanpoko erakundea sortu zuen orain 30 urte. Harentzat, gastronomia eta laguntza humanitarioa eskutik doaz, «ezinbestean». Sinistuta dago gastronomiak mundua aldatzeko boterea duela: «Gauden lekuan gaudela, edozein herrialde bada ere, denok hitz egiten dugu mahai baten bueltan; baina nik bisitatzen ditudan herrialde horietan ez dago jatekorik». Jaten eman nahi izan zien gatazka egoeran zeuden herrialdeetako pertsonei, eta horregatik ikasi zuen kozinatzen.
Gerora, Casa Nova jatetxea ireki zuen, eta, ordutik, plater bakoitzarekin kontatzen du berak errezeta horrekin bizitakoa: «Plater guztiek dute osagai berri bat: elkartasuna». Jatetxeak 10.000 metro karratu ditu, eta bost mahai besterik ez. Gainontzeko espazioan, Torresek komunitate indigenen artean ikasitakoa erakusten dute: «Haiek egiten duten erara kozinatzen dugu, baina guk elaboratutako produktuekin». Intsektuen hotel bat daukate, ezti produkzio propioa, produktuak deshidratatzeko modu naturala, euritik eta itsasotik hartutako uraren tratamendua, konposta, lurrazpian erretako haragia Hego Amerikan eta Asian egiten duten moduan…
Michelin izar bat irabazi berri du orain, eta jabeak aitortu du asteburuetan, bereziki, zaila izaten dela erreserben agendan tarte bat egitea.
Egitekoak, esatekoak baino gehiago
Torres ardura exijitzearen aldekoa da, eta hala eskatu zien BCCeko auditoriumeko eserlekuetan zeudenei ere: «Gatazka guneetan janaria falta da, eta, beraz, toki horietara elikagaiak heltzea kudeatu dezakegunok hala egin behar dugu». Halere, gaineratu du berarentzat laguntzea ez dela inoiz izan behar bat, baizik «plazer bat».
Kazetari ohiak «sentitutako beharrei» egiten die kasu, hau da, laguntza behar duten komunitateetako pertsonek dituzten beharrei. «Ez du balio dirua emateak norberaren kontzientzia garbitzeko: haiekin bizitzeak, entzuteak eta laguntzeak balio du». Torresek uste dut ahal duena txikitik has daitekeela laguntzen, auzokideei, ondoko ospitaleko gaixoei, ala etorri berri den migratzaileari.
Sukaldariak Basque Culinary World Prize saria jaso zuen iaz. Orduan bezala, astelehenean ere sagar bat eskuan zuela hitz egin zuen. Esan ohi du sagar hori bezalako jakiak desagertzen badira azaltzen dela gosea, eta gosea dela «dagoen armarik hilgarriena»: gosea duena gutxinaka-gutxinaka hiltzen baita, eta hori oso mingarria baita. Iaz jaso zuen sariaren diruarekin Peruko goi ordokietako jangela sozialen proiektua indartuko zutela esan zuen, baita Libanora janari gehiago bidali ere; harro erantzun du bi helburuak lortu dituztela, gehiago direlako «egitekoak, esatekoak baino».
Torresek gatazka guneetara bidaiatu ohi du, eta larrialdian dagoen jendeari lagundu: «Kolonbiak 50 urteko gerra bizi izan zuen; guk 30 urte daramatzagu han laguntzen, eta oraindik ere ari gara». Dena dela, hiri burujabeak izaten dituzte helburu, gerraren ondorenak amaitzen direnean ere aurrera egiten jakingo dutenak, ohartarazi baitu gobernuz kanpoko erakunde batek betiko lanean jarraitzea «berri txarra» dela. Eraikinak eta errepideak eraikitzeaz gain, pertsonak eta familiak psikologikoki ere berreraiki behar direla iruditzen zaio, eguneroko bizimodua berreskuratu dezaten.
Adibide gisa jarri ditu globalitak. Globalitak dira noizbait Global Humanitaria erakundearen laguntza jaso duten haurrak, orain beren inguruan laguntzea erabaki dutenak: «Ohorea da esan ahal izatea haur horiek orain laguntza ematen duten helduak direla». Oraindik ere harremana du haiekin. Segituan Casa Nova jatetxera itzuliko dela esan du, arimak elikatzen jarraitzera.