ATZEKOZ AURRERA. Sara Azurza. Abeslaria eta konpositorea

«Ez digute irakatsi emozioak kudeatzen»

Soulez jantzi ditu Azurzak bere azken piezak, eta arimaz bere azken singlea: 'Ez ohildu'. Antsietateari buruz ari da: «Lehen pertsonan bizi izandakoaz». Donostiako Jazzaldian joko du, uztailaren 21ean.

GORKA RUBIO / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Soula bada estilo bat, baina bada jarrera bat ere. Sara Azurzaren jardunak (Donostia, 1997) bietatik dauka proportzio berean. Estiloa bilatu egiten da, eta batzuek topatu egiten dute, barrura begiratutakoan.

Oso gazte hasi zinen honetan.

ETB1eko Kantuan izeneko programan irten nintzen behin, eta han ezagutu nuen Iker Lauroba epaimahaikidea. Proposatu zidan berarekin kolaboratzen hastea, eta haren bidez ezagutu nituen artista eta lagun gehiago. 17 urte nituen, eta orduan hasi nintzen oholtza gainean, baina nireak ez ziren proiektuekin.

Musika ikasketarik bazenuen, edo musikaririk inguruan?

15 urterekin hasi nintzen kantu klaseak hartzen, gitarra ere ikasitakoa naiz, eta familian beti egon da musikarako zaletasuna. Arte garaikideko enpresa batean egiten dut lan gaur egun, beraz, kulturarekin oso harreman estua daukat.

Euskaraz eta ingelesez. Zergatik?

Euskaraz, nire ama hizkuntza delako. Abestirik intimoenak euskaraz ateratzen zaizkit, nire hizkuntza delako. Ingelesez, berriz, gustatzen zaidan musika estiloa beti ingelesez entzun izan dudalako. Gazteleraz ez naiz aritzen, ez nahi ez dudalako, baizik eta ez naizelako ausartzen, edo ez zaidalako modu erraz batean irteten.

Zureak dira hitzak.

Gustuko dut hitzekin jolastea, errimak bilatzea, nire hitz propioak sortzea.

Zeren bila joan zinen Bartzelonara, Montrealera, Londresera...?

Ikasketengatik. Baina ikasketak kanpoan egitearen ondorioz kultura pluralagoak ezagutu ditut, beste musika estilo batzuk, hemen horrenbeste ematen ez direnak... horrek eragina izan du nire estilo propioa aurkitzerakoan.

Zer lapurtu diozu hiri bakoitzari?

Aniztasuna da guztiek eman didatena, bai musikalki, bai estetikoki... Soul estiloa gustatzen zait, musika elektronikoa gustatzen zait... hiru hiri horiek eman didate hori, hemen bizi nintzenean ez nuelako halakorik topatzen.

Soula da zurea?

Abesterako orduan, bai. Beste musika estilo asko ere entzun ditut, baina txikitako erreferentea Amy Winehouse zen. Beti entzun izan ditut horrelakoak, eta gustatuko litzaidake soularen ate hori ere irekitzea Euskal Herrian.

Bada estilo horrentzat zirkuiturik?

Uste dut jazzaldiak direla gunerik garrantzitsuenak, baina gustatuko litzaidake zerbait alternatiboagoa edo txikiagoa egotea.

Zure azken abestian [Ez ohildu], antsietateari buruz ari zara, buruko gaixotasunei buruz. Zergatik?

Iker Laurobak bidalitako melodia bat da, eta entzun bezain pronto jakin nuen nahi nuela horri buruz hitz egin. Pentsatu gabeko zerbait izan zen; horrela atera zitzaidan. Zergatik? Antsietatea bizi izan dudalako lehen pertsonan. Horri buruz hasi nintzen idazten: une hartan sentitu nuenaz. Normalizatuta ez dagoen zerbait da, eta askok dioten moduan, XXI. mendeko gaixotasuna da. Ez bakarrik antsietatea, baita depresioa eta tankerako gaixotasun asko ere.

Ez dira errazak.

Gogoratzen naiz gertatzen hasi zitzaidanean ez nekiela zer zen. Egunero esaten nuen: «Zeinen arraro nagoen. Zergatik daukat korapilo hau eztarrian? Zergatik sentitzen naiz horrela? Zer da hau?». Ez nekien zer zen. Ez digute irakatsi horrelako sentimenduak identifikatzen. Orokorrean, ez digute irakatsi emozioak kudeatzen. Heldu bihurtzen zoazen heinean jakiten duzu benetan zer den.

Pandemiak ere eragin du horrelako egoeretan?

Okertu egin ditu. Etxean sartuta egotea, psikologikoki sekulako erronka izan da jende askorentzat.

Zuk nola bizi izan duzu?

Ondo, musikan zentratu nintzelako. Orain nire kontzertuetan entzungo diren abestiak hortik jaiotakoak dira. Konfinamendua sormenerako aukera bat izan zen niretzat, barrura begiratzeko aukera bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.