Larru Beltzak taldeko kideak

Naiara Urzelai eta Imanol Ugarte: «Ez daukagu pareta itxirik, musika egitea gustatzen zaigu»

Bigarren lana kaleratu berri du Larru Beltzak Oñatiko taldeak: 'Inoren itzala'. Euren izaera ez daukate ondo definituta, baina ez daude arduratuta. Zeuzkaten ideiak bilduta osatu dute diskoa.

Naiara Urzelai eta Imanol Ugarte, Larru Beltzak taldeko kideak, herenegun, Oñatin. BERRIA
Naiara Urzelai eta Imanol Ugarte, Larru Beltzak taldeko kideak, herenegun, Oñatin. BERRIA
unai etxenausia
Oñati
2024ko ekainaren 27a
05:00
Entzun

Naiara Urzelai (Oñati, Gipuzkoa, 1985), ahotsa; eta Imanol Ugarte (Oñati, Gipuzkoa, 1976), baxua. Laurendi Ugarte (gitarra eta ahotsa), Ander Korkostegi (gitarra eta ahotsa) eta Aitor Garcia Gartxi (bateria) kideekin batera osatzen dute Larru Beltzak taldea. Duela astebete kaleratu zuten Inoren itzala diskoa, eta Arrasateko (Gipuzkoa) Mondra & Roll jaialdian aurkeztuko dute, datorren ostiralean.

Sospechosos, Golpe de Estado, Banda Munizipala, Papalagi, Antihumano eta CC627 taldeetan ibili izan zarete. 2019an batu, eta horrela sortu zenuten Larru Beltzak taldea. Zerk batu zintuzten?

IMANOL UGARTE: Anderrek batu gintuen. Ideia solte batzuk zituen, eta horrela hasi zen dena.

NAIARA URZELAI: Aspaldiko lagunak ginen, eta esan egin zigun.

UGARTE: Bi aldaketa izan ditugun arren, hor jarraitzen dugu egurra ematen.

Duela astebete jarri duzue salgai Inoren itzala diskoa. Punk-rockari fidel izaten jarraitzen duzue bigarren lan honetan ere...

URZELAI: Sekula ez dugu jakin izan gure musika zein estilotakoa den.

UGARTE: Zerbait esatekotan, punk-rocka dela esaten dugu, hori delako taldekideok batzen gaituen estiloa. Baina ez dakigu ondo.

URZELAI: Entzutetik egitera, baina, aldatzen da dena, eta ez dakit zer egiten dugun. Ez daukagu pareta itxirik, musika egitea gustatzen zaigu. Ez dakit ondo zer erantzun.

Larru Beltzak; izen kuriosoa da. Hertzainak taldearen kanta ospetsutik hartu zenuten?

UGARTE: Laurendi nire anaiaren ideia bat izan zen, eta norberak bere esanahia eman zion. Nik, hasieran, pentsatu nuen punkok erabiltzen dugun narruzko jakengatik izango zela. Baina beste zentzu bat eman zioten besteek.

URZELAI: Gainera, kuriosoa izan zen nola okurritu zitzaion izena. Oñatiko Boga tabernan zegoen, eta mezua bidali zigun: «Bogan nago, Larru Beltzak kanta entzuten, eta ikaragarri gustatu zait taldeko izen moduan». Guztioi gustatu zitzaigun.

Irauteko asmoa duzuela erakusteko egin duzue bigarren lana?

URZELAI: Gure erritmoan, baina bizirik gaude, eta ideia berriak ditugu; horiek atera, eta kito.

Gainera, argi dago ez zabiltzatela inoren itzalari jarraika...

URZELAI: Ez; ez garelako inoren itzal kontsideratzen, eta ez dugulako inoren itzala izan nahi.

Disko berria plazaratu eta segituan, nazioarteko taldeek joko duten —Baboon Show, Madball, Cock Sparrer...— jaialdi bat, Mondra & Roll, irekiko duzue, uztailaren 5ean. Askok egon nahiko lukete zuen tokian.

URZELAI: Oso pozik gaude, noski. Baina batzuetan handi geratzen zaigun sentsazioa izaten dugu. Askotan uste dugu leku txikietan erosoago gaudela.

UGARTE: Orokorrean, errazagoa da kontzertu txikietan aritzea, eta hobeto pasatzen dugu: presio txikiagoa daukagulako, ikustera doana zu ikustera doalako...

Punken sindromea ez al da leku alternatiboak nahi izatea?

UGARTE: Batek jakin... Baina ez gaizki ulertu, oso eskertuta eta zortedunak sentitzen gara horrelako jaialdietan jotzeko aukera izateagatik.

Ondoren, bira etorriko da?

UGARTE: Hori izan zen azken entseguko eztabaidagaia; aurkezpen bat egin ala ez. Ez dakigu zer egin; pentsatuko dugu.

Zer espero lezake jendeak zuen zuzenekoez?

URZELAI: Uste dut gure jarrera hartzen duela kontuan. Lortzen dugu jendea adi egotea, eta gu ikusiz gozatzea.

UGARTE: Naiarak primeran abesten du, eta guk lagundu egiten diogu.

URZELAI: Han bestea [barrez]...

UGARTE: Hala da, Naiara da taldean ordezkaezina den bakarra.

Oñati beti izan da punkaren akuilu.

UGARTE: Eta hala da oraindik ere.

URZELAI: Dibertsitatea dago gaur egun; lehen, estilo baten preso ginen, eta orain askeagoak gara.

UGARTE: Gurea beti joaten da leku berera, baina horri ez diogu garrantzirik ematen; guk gozatu egiten dugu. Disko honetan gauza bera egiten jarraitzen dugula dioenak arrazoia dauka, eta aldatu egin garela dioenak ere bai. Ez zaigu piperrik inporta.

LOTSABAKO

Talde erreferente bat?
UGARTE: Ramones, bat esateagatik.

URZELAI: Tatxers.

Oholtza bat?
UGARTE: Ez daukat.

URZELAI: Nik ere ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.