MAITE DUT MAITE... PLATAKO FAROLA. Eider Perez. Aurkezlea

«Ez dakit nahi gabeko lotura den, baina betidanik gustatu zait»

Txiki-txikitatik izan du itsasoarekin lotura Eider Perezek. Pasaiako Platako itsasargira joatea gustatzen zaio, lasai egotera; bai konpainian eta bai bakarrik ere. Kuriositatea sortzen dio itsasargi horrek.

BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Itsasargien funtzionamenduak eta itsasargiek eurek ere jakin-mina pizten diote Eider Perezi (Pasaia, Gipuzkoa, 1995). Betidanik izan du itsasoarekin harremana; familiatik datorkio. Platako itsasargiak, Perezen ustez, misterio puntu bat ere badu gauez pizten denean.

Zergatik aukeratu duzu leku hau?

Nire txikitako etxetik bertara joateko bide bat dago, eta erraz irits daiteke. Niretzako eta nire ingurukoentzako leku oso berezia da. Niretzako itsasoak eta horrelako inguruek beti dute kutsu lasaigarri edo berezia. Gainera, itsasargien funtzionamenduak atentzio handia eman izan dit beti.

Gustatzen zaizkizu itsasargiak?

Bai, asko gustatzen zaizkit, txikitatik. Familia galiziarra dut aitonaren aldetik, eta kosta beti izan dut presente. Nire etxean beti egon dira itsasargien iruditxoak. Aitona-amonek itsasoan lan egin izan dute, eta asko gustatu izan zait beti.

Beraz, betidanik izan duzu harremana itsasoarekin.

Bai. Bai itsasoarekin eta bai itsasargiekin ere, batez ere Platako itsasargiarekin. Edozein arratsaldetan igoeta lasai-lasai egoten da, oso ondo,jende asko ibiltzen ez den garaian. Bestela, lagunen baten itsasontziarekin itsasora joatea gustatzen zait. Itsasotik itsasargira begiratzean, izugarrizko labarrak ikusten dira, eta gainean argia duen etxe txiki bat ikusten da: Platako itsasargia, hain zuzen. Ez dakit nahi gabeko lotura den, baina betidanik gustatu izan zait.

Zer gustatzen zaizu egitea Platako itsasargira igotzen zarenean?

Batez ere, Kantauri itsasoa, Platako lurmuturra eta itsasargia ikustea gustatzen zait; parajea begiratzea. Lasai egoteko momentua izaten da niretzat. Kareharrizko arroka handiak daude inguruan, eta, hor eseri, bai bakarrik bai konpainian, eta bertan egotea gustatzen zait, lasai. Gure herrian, Pasaian, beti esaten dut atzera begiratuz gero bata bestearen alboan dauden herriak ikus daitezkeela, eta, aurrera begiratuz gero, berriz, Kantauri itsasoa, Pasaiako badiaren sarrera, Ulia mendia, Jaizkibel... Barnealdekoek, batez ere, mendi batekin izaten dute sentsazio hori, baina denek ulertzen dugu zer den horrelako leku berezi baten bila joatea.

Zer dute berezi itsasargiek?

Itsasargi honen kasuan, eraikina bera berezia da; ez da edonolako eraikin bat. Lau dorre ditu izkinetan, eta, goian, terraza handi bat eta faroko linterna ditu. Niretzat faroen misterio puntua da gauetan pizten direla. Egunez ere lan egiten dute, baina politena da faroa bera gauean pizten dela. Faroaren argia ere desberdina da; goizez eta gauez ez du berdina adierazten. Horrek ere jakin-mina sorrarazten zidan. Askotan pentsatu izan dut ea farozain baten bizitza nolakoa den. Azkenean, memoriarekin zerikusia duela esan dezaket. Gaur egun, itsasargiak automatikoak dira, baina gustatu egiten zait garai batean nola lan egiten zuten pentsatzea.

Platako farozainarekin egon zara noizbait?

Bai, duela hilabete eskas. Itsasargira joan nintzen, eta, hara igotzeko bidea luizi baten ondorioz itxita dagoenez, ez nuen igotzerik. Gizon bat ikusi nuen bidea ixten zuen hesia kentzen; farozaina zela pentsatu nuen, eta beregana hurbildu nintzen. Beti izan dut kuriositatea faroa barrutik ikusteko, eta ea berekin igo nintekeen galdetu nion. Baietz esan eta harekin igo nintzen autoz itsasargira. Ramon du izena farozainak, eta itsasargian bertan bizi da. Duela 30 urtetik bizi da han.

Zein eramango zenuke itsasargia bisitatzera?

Niri bezainbesteko ilusioa egingo liokeen edonor eramango nuke. Zirrara sortuko liokeen edozein. Nire aitona ere eramango nuke, aspaldi ez baita bertan egon. Eta, nola ez, lagunak ere eramango nituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.