Ez dago kasualitaterik

Egitarau aberatsa antolatu dute bertsozaleentzat Donostiako Aste Nagusian. Ohiko saioetatik aldentzen da 'Ez da kasualitatea': lau emakume kantuan, musika lagun.

Uxue Alberdi eta Nerea Elustondo bertsolariak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2015eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hiriburuetako jaietan presentzia handiagoa du bertsolaritzak gaur egun. Presentzia nabariagoa bai, baina oholtza gainean gizonak dira nagusi oraindik ere. Irudi horrekin hautsi, eta bertsotan egiteko beste modurik badela aldarrikatzeko eta erakusteko, lau emakumek betetzen dute oholtza Ez da kasualitatea bertso saio musikatuan. Nerea Elustondo eta Uxue Alberdi igoko dira agertokira, Oihana Bartra eta Eli Pagolarekin batera, bihar, 23:30ean, Konstituzio plazan. Amaia Agirrek jarritako gaien inguruan inprobisatuko dute, eta Pello Ramirez eta Xabier Lizaso musikari lanetan ariko dira.

2009an ekin zioten proiektuari, «Mutrikuko Udalak emakumeekin eta ikuspegi feministatik» egin nahi zuen bertso saio baterako, Alberdiren arabera. Ordutik, 30 emanalditik gora egin dituzte, eta saioaren izaerari buruzko gogoeta kolektibo espliziturik ez badago ere, Elustondok dio badela «emakumeentzat ezohiko saio mota bat».

Ohiko bertso saioetan, asko jota bi emakume izaten dira oholtza gainean, eta gehienetan, bakarra; hargatik, «badirudi guztiek rol bera jokatzen dugula», dio Alberdik. Ikuskizun horretan, bertsolari guztiak emakumeak izanik, hori ez da bereizgarri bat: «Entzulea matizetan fijatzen da», gehitu du. Laurei gai bera jartzen badiete ariketa batean, matizak bilatu behar dituzte: «Gaiak gehiago sakontzean, nortasunen arteko aldeak gehiago agertzen dira, eta artistikoki ditugun ezberdintasunak azaleratzen dira», Alberdiren arabera.

Donostian, aukera handia

Lantzen diren gaiak, umorea eta gaiak jorratzeko moduak ezberdinak dira. «Bertso saio feministetan ez gara leku beretik abiatzen, eta ohartzen gara ohiko plazetako giroa ere ez dela neutroa, naturalizatua dugun arren: gizonek eta gizonentzat eraikia dela neurri handian», dio Alberdik. Elustondoren esanetan, «publikoaren profila ez da ohiko saioetakoa, eta gu ere beste jarrera batekin joaten gara». Biek diote «lasaiago» eta «jolastiago» joaten direla saio horietara.

Musikak eragina du ikuskizunean. Saioa «markatzen» duela dio Elustondok, eta musika «lagungarria» da gehienetan, «inoiz traba» egin dezakeen arren. Saioari «oinarri» bat eta tonua ematen diola azpimarratu du. Etorkizunera begirako erronka bat, elkarren arteko giro onean«musikarik gabe eta bertsoaren arau zaharretan bertso saio feministak egiten jarraitzea da», Alberdiren aburuz.

Donostiako Aste Nagusian lekua izatea garrantzitsua da. Orain arte, saio gehienak talde feministek edo udaletako berdintasun sailek bultzatuak izan dira, eta Donostiako egitarau ofizialean tartea izatea «erronka» da Alberdirentzat. «Ertzetan kantatzera ohituak» daudela dio, eta badela garaia «zentroa hartzeko».

Donostiako Aste Nagusian bi bertso egitarau daude: udalarena batetik, eta piratena bestetik. Bertsoa ardatz, aukera ezberdinak bietan. Piratek bestelako bertso formatu «informalagoak» landuko dituzte, Beñat Gaztelumendi bertsolariaren esanetan. «Publiko ezberdinei» begira antolatutako ekitaldiak direla dio.

Donostia bertsozalea da, «giro beroa» egoten da saioetan, eta «txalo asko» entzuten dira. Bi giro ezberdindu ditu Gaztelumendik: «Piraten ekitaldietara gazteak eta agian donostiarrak ez direnak ere gerturatzen dira; besteetara, Donostiako publiko helduagoa, betikoa», azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.