ATZEKOZ AURRERA. Sara Morante. Ilustratzailea

«Ez dago gerri buelta itzaleztatzea baino gauza hobeagorik»

'Corpus' izeneko erakusketa jarri du Morantek EHUren Donostiako Carlos Santamaria zentroan, 2011z geroztik egindako ilustrazioekin; emakumeak marrazten ditu, «gorputz errealak» dituztenak.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Donostia
2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Literaturarako egindako hainbat lan batu ditu, batik bat, Sara Morantek (Torrelavega, Espainia, 1976) Donostian, EHUren Carlos Santamaria zentroan: Virginia Woolfen eta Carson Mc Cullersen erretratuak, bere La vida de las paredes (Hormetako bizitzak) lan ilustraturako sortutako irudiak, Bronte ahizpen ingurukoak... Eta gorputzak: batez ere, gorputzak dira Corpus erakusketaren ardatza. Hilaren 23ra arte egongo da ikusgai, eta 20an solasaldia egingo du Luisa Etxenikerekin, emakumea, artea eta literatura hizpide hartuta.

Ilustratzaile izan baino lehen, garraio bulego batean aritu zinen lanean: ez dirudi sormenarekin oso lotuta dagoen lan bat.

Administraritza ikasten ari nintzen, eta irakasle batek esan zidan: «Zer egiten duzu zuk hemen? Arte Ederrak ikasi beharko zenuke!». Hark egin zuen eskaera ikasturtez aldatzeko nire ordez: hargatik ez balitz, gaur ez nengoke hemen.

Emakumeen gorputzak dira nagusi erakusketan. Zergatik?

Emakumea naiz, eta, edozein sentimendu unibertsal adierazi nahi badut, horixe da daukadan eredua: ezin dut saihestu. Dena den, ez daukat arazorik gizonak marrazteko: izatez, gizon bat protagonista zuen lan batengatik eman zidaten Euskadi saria.

Forma askotako gorputzak dira, eta diren bezala marraztu dituzu, ezer ezkutatzen ibili gabe.

Irakasle batek mugimendua aztertzeko ariketak eginarazten zizkigun moda aldizkariak oinarri hartuta, eta honela esaten zigun: «Debekatuta dago Kate Moss erretratatzea: ez du biribilgunerik». Marrazten duzunean, ez dago gerri buelta itzaleztatzea baino gauza hobeagorik. Emakumeak askotan marrazten ditugu biluzik, hain zuzen ere, biribilguneengatik: nire iritzi pertsonala da, baina gorputz lauek ez dute sortzenhainbesteko interesik.

Besazpia miazkatzen ari den emakumea, hilekoarena... Badirudi emakumeen minetatik eginak direla, haiek baizik ezagutzen ez dituzten minetatik, alegia.

Guztiz lotsagabetuta nago: ez daukat lotsarik marrazteko orduan. Barrua mugiarazten didan horrek osatzen du nire iruditeria. Hori da bilatzen dudana literaturan, eta berdin artean: erotismoa, mina...

Beldur pixka bat ematen du emakume bat bere gelan biluzik ageri den irudiak; begi erraldoi batek begiratzen du kanpotik.

Patricia Esteban Erles idazlearen Casa de muñecas [Panpinen etxea] libururako egindako irudia da. Panpinen eta emakume gorputzaren ingurukoa da. Mikroipuinak dira, eta brutala da: dardo pozoituak jaurtitzen ditu Estebanek esaldi bakoitzean.

Beste batzuen testuak ilustratu dituzu, batik bat: izaten duzu hartu-emanik haiekin, edo nahiago duzu zure kasa marraztu?

Ez dut haiekin hitz egiten batere. Editoreek ez dute halakorik errazten, eta editore onek ez lukete halakorik egin behar. Bakoitzak bere eremua du, bere sortze prozesua, oso kaltebera, hauskorra dena: ez ditut ideiak onartzen, zeren blokeatu egiten naute guztiz. Testuen irakurketa oso pertsonala egiten dut: ez dut idazlea ilustratzen, nik egindako irakurketa baizik. Idazleak idazten dutenaren jabeak dira, baina ez ulertzen dugunarena.

Esperientzia txarren bat izan duzu egileren batekin?

Frantziako argitaletxe batekin gertatu zitzaidan: proiektu bat bertan behera gelditu zen, azalerako irudikatu nuen emakumea gero eta argalago egin nezan nahi zuelako idazleak. Ni errealitatetik abiatzen naiz, eta hark nahi zuena ez da existitzen: oso garbi daukat nondik jo nahi zuen.

Marrazten duzu zuretzat?

Bizitza guztian marraztu izan dut estresa gainetik kentzeko. Baina afizioa profesionalizatzen duzunean, eta estres iturri bihurtzen denean, etekinik aterako ez diezun irudiak topatu behar dituzu. Erakusketek horretan laguntzen dute, neurri batean. Ez duzu ezer frogatu behar inoren aurrean, eta bestelako teknikak eta iruditeriak esploratu ditzakezu: oso beharrezkoa zait, bestela automata bihurtuko bainintzateke.

Bizi daiteke liburuak ilustratzetik bakarrik?

Oso konplikatua da. Liburu bat ilustratzea mingarria da niretzat: batzuek ez dute ondo hartzen hori esatea, baina nik gaizki pasatzen dut. Lauzpabost hilabete eman ditzaket liburu bat ilustratzen; aurrerapen bat ordaintzen dizute, eta, gero, zer pasatzen da salmentekin? Horrelako lanek irakurle kopuru mugatu bat dute, eta, oso fidelak diren arren, oso zaila da ilustratzetik bizitzea. Ikastaroak eman ditut, paper margotuak egin ditut... Lanbide honen alde ona da aukera asko ematen dituela [barreak].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.