1983an, Bilbon seigarren Aste Nagusia ospatzen ari zirela, uholdeek hondamendia eragin zuten. Zazpikaleak berregitean sortu zuen Txiriboga taberna Antonio Marinak (Barcena Mayor, Espainia, 1954). Berriagoa da jaietako abesti ezaguna, «Aste Nagusia bakarra dago» dioena. Baina Marina eta Txiriboga ere bakarrak dira munduan, eta askok ezagutzen dituzte pertsona berezi hori eta haren «kokretak».
«Aste Nagusia indartsua izaten da denontzat; gehiago kontsumitzen da». Horregatik, jaiak lanean pasatzen ditu beti. Igandean libratzen du, Pa...Ya, Txori Barrote eta Mamiki konpartsetan ibiltzeko. Bilbon 46 urte daramatza, eta denetik bizi izan du jaietan.
Ez du sumatzen frankismo garaiko zezenak eta paseotxoa planaren faltarik, baina orduan entzuten zen Amaia Uranga gustuko du. Mocedades taldeko abeslaria zen, baina El Consorcio du izena haren egungo taldeak, eta haiena da Marinak hautatutako kantetariko bat. Oroitzapen politak dakarzkio. Pozik oroitu du, halaber, garai batean jaietan ezkondu eta hiru eguneko ospakizunak egiten zirela Zazpikaleetan. Baina oroitzapen denak ez dira gozoak. Manifestazioen giroan, Ertzaintzak inoiz taberna hutsarazi die. Orain, beste euskal herrialdeekin egiten diren topaketak maite ditu, elkartze horien aitzakia abestea izaten delako nagusi.
Jaietan, kantatzea du gustukoen: «Kantina hauen identitatea hori da: beren-beregi datorkigu jendea abestera. Harro gaude horretaz, eta musika kentzen dugu abes dezaten. Zuzeneko musika da onena. Taberna batean ez dago aske sentitu, abestu eta gozatzea bezalakorik; eta ardoa eta kokretak hartuz bada, askoz hobe!». Marina ere, lagunekin tabernarik taberna ibiltzen da kantuan, eta hala ikasi ditu abestiak. Aste Nagusiarekin lotzen dituenen artean, herrikoi bihurtu diren Benito Lertxundirenak eta Mikel Laboarenak ditu kutunen. «Bertsolariak eta bilbainadak ere festaren parte dira, eta ez ditzatela kendu!».
Hurbil ditu euskararen, eskola publikoaren, emakumeen eta presoen eskubideen aldeko borrokak. «Kontzientzia duen jendea dator gugana, eta baita betiko tabernetara joateko ohitura duena ere». Dioenez, gaur egun duela 35 urte baino gutxiago saltzen du: «Krisiagatik, eta batzuek multinazionalak eta frankiziak nahiago dituztelako». Laster erretiratuko da, eta pena emango lioke Txiribogak ez jarraitzeak. «Zazpikaleen historia pixka bat galtzen ari da duela bospasei urtetik hona; denda txikiak eta oinarrizko tabernak desagertuz doaz. Baina gure bizitza da, eta guardia zaharreko tabernariak familia handi bat gara». Elkar babesten dute, eta jendearen konfiantza lortu dute: «Turistak oso ondo daude, baina eguneroko publikoari esker bizi gara». Jendeak gertuko harremana du gustuko, dioenez, eta hori eskaintzen dute. Baina ez hori bakarrik: kroketa, txibia eta eguneko menuak dira jaki arrakastatsuenak. Aste Nagusian ere, familia eta kuadrilla asko doaz eguerdian eta arratsaldean. «Txiriboga bilgunea da, ezinbesteko geralekua».
MARIDJAIA. Antonio Marina. Txiribogako tabernaria
«Ez dago aske sentitu, abestu eta gozatzea bezalakorik!»
Bilboko Zazpikaleetako tabernetan, kontsumoak gora egiten du jaietan. Kantua, borroka soziala, ohitura eta jan-edana maite dituztenentzat, Txiriboga bilgune eskuzabala da Aste Nagusian ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu