Olatz Arrieta

«Ez da zaila hemengoa sentitzea atzerritarren munduko hiriburuan»

Hamalau urte daramatza Arrietak AEBetan. Nazioarteko politikaren inguruko master bat egitera heldu zen hara; dagoeneko hamaika urte dira herrialdean gertatzen denaren berri telebistan nahiz irratian ematen duela.

Maite Alustiza.
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
EITBk AEBetan duen kazetaria da Olatz Arrieta (Donostia, 1971). Astigarraga izan zuen haurtzaroan bizitoki; hala ere, hiri handiak gustuko dituela aitortzen du. AEBetara heldu aurretik Moskun eman zituen bi urte; errusiera ere ikasi zuen. 2000. urtean hasi zen New Yorketik berriemaile gisa, ETB eta Euskadi Irratiarentzat lanean.

Sagardoaren herrian hazi, eta sagar handienean amaitu. Zer izango da hurrengoa?

Ez dakit, Big Applen oso gustura nago.

New York ederki zukututa edukiko duzu dagoeneko.

Gauza asko falta zaizkit hemen ikusi eta egiteko, ez daukat denbora libre askorik. Zukua ondo ateratzeko oporrak hemen pasa beharko nituzke, turista baten moduan ibili ahal izateko, baina egun libreak ditudanean sagardoaren munduko hiriburura joaten naiz.

Bixente anaia sukaldariaren plateren falta behintzat sumatuko duzu...

Asko, baina errezetak ematen dizkit telefonoz eta posta elektronikoz, eta Astigarragara joaten naizenean prestatzen dizkit gauza goxoak.

Hamalau urteren ondoren, zure ametsa ere amerikarra bihurtu al da?

Nire ametsak amerikarrak, euskaldunak, errusiarrak...toki askotakoak dira.

New Yorker hotela izaten duzu maiz bigarren planoan. Lehen planoko hori ere hiritar bat gehiago izango da jada…

Bai, newyorktarra sentitzen naiz, ez da zaila hemengoa sentitzea; atzerritarren munduko hiriburua da, eta urte asko dira hemen bizitzen gustura ez egoteko.

Lotarako astirik ba al duzu, ordutegien halako dantzarekin?

Sendagileak bezala gau eta egun, aste barruan eta asteburutan, hemengo eta hango jaiegunetan telefono deien zain bizitzera ohitu naiz, baita lo gutxi egitera ere. Lan asko dudanean egunero bi kafe eta Coca Cola bat hartzen ditut, esna ahalik eta luzaroen egoteko.

Politika eta ekonomia, ez al da besterik AEBetan?

Gai asko daude hemen, baina bi horiek dira gehien jorratzen direnak, mundu mailan eragin gehien dutelako. Gainera, minutu batean ezin dira gauza asko kontatu. Kultura eta gizarte arloetan dauden gauza interesgarriak asko daude kontatzeko.

Mikel Aiestaran lankideak protagonismoa kendu dizu azkenaldian...

Ez da harritzekoa. Mikel lan zoragarria egiten ari da herrialde musulmanetan eta arabiarretan gertatzen ari diren aldaketa historikoen inguruan.

Bestelakorik ere izan duzue azkenaldian AEBetan. Zer moduz Irene-ren bisita?

Asteburu gogorra izan zen; lan egiteaz gain, familiarekin etxetik alde egin beharra tokatu zitzaidan.

Eta Troy Davisen hilketaz zer diote herritarrek?

Heriotza zigorraren kontra daudenak asko mobilizatu dira, eta alde daudenen artean, bizi guztirako kartzelaldiaren aukera aipatzen dute. Epe laburrera Troy Davisen exekuzioak ez dirudi gauzak asko aldatuko dituenik gai honen inguruan, hemen dagoen etengabeko eztabaidan. Urtero geroz eta exekuzio gutxiago daude, eta apurka-apurka bada ere, heriotza zigorraren alde daudenen kopurua behera egiten ari da.

Kopuru altuak, hala ere.

Orain, %64an dago; orain dela hogei urte, %80koa zen.

Barack Obamak piztutako ilusioa itzaltzen ari dela dio askok.

Zalantzarik gabe. Obamaren kanpainan atez ate boto eske ibili ziren batzuk ezagutzen ditut, eta oso haserre daude Obamarekin, agindutako gauza asko bete ez dituelako.

2012ko hauteskundeetarako kiniela egiterik bai?

Oraindik hamalau hilabete geratzen dira, baina nik uste Obamak irabaziko duela berriro. Errepublikanoek ez daukate haren pareko hautagairik. Baina garaipena ez da erraza izango, zapuztutako ilusioa eta krisi ekonomiko larria direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.