ATZEKOZ AURRERA. Isabel Lete. Zientzialaria

«Ez da ulertzen zer den itsas emakume baten bizitza»

1912an, galernak 143 arrantzale bizkaitar harrapatu zituen itsasoan. Alargun geratutako emakumeak elkarri lagunduz atera ziren aurrera. Letek eleberri batean omendu du haien borroka.

BOB EDME.
Iruñea
2016ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
1912an, atunetara joandako 143 arrantzale bizkaitar harrapatu zituen galerna batek. Ez ziren bizirik itzuli. Portuan gelditu ziren itsas emakumeek egoerari aurre egin behar izan zioten. Isabel Letek (Elantxobe, Bizkaia, 1959) omenaldia egin die emakume adoretsu haiei, La galerna y la mar (euskaraz, Galerna eta itsasoa) bere lehen eleberrian.

Labur, zer da galerna bat?

Atmosferaren izaera berezi bat da, ezohikoa. Ez da itsasoko ekaitz bortitz bat, askok uste duen gisara. Gure kostaldean soilik gertatzen da; munduko beste kostaldeetan antzeko fenomenoak gertatzen dira, baina haizea ez da horren zakarra.

Nola uztartu dituzu errealitatea eta fikzioa zure eleberrian?

Gertakari historikoen dokumentazio lan zabala egin dut. Pertsonaiak asmatu nituen gero —hamasei emakume orotara—, eta horiek Bermeon kokatu. Bakoitzak galernaren ondorioetatik alde egiteko modu bat du. Nik ezagututako pertsona baten izaera eman diet emakume horiei. Bestalde, zientzialaria naizen aldetik, 35 orduko galerna bat azaldu nahi izan dut, bai eta nola aurreikus daitekeen ere.

Nola egituratu duzu obra?

Kapituluak independenteak dira. Bakoitza emakume baten bizitzari eskaini diot, eta galernaren osaerarekin tartekatu dut narrazioa.

Zeri eman diozu garrantzirik handiena?

Nik galernak ikertu eta neurtzen ditut. Ezin nuen eleberria idatzi zientzia kontuan hartu gabe, hori baita nire esparrua. Halere, emakumeek fenomeno horri nola aurre egin zioten kontatu nahi izan dut, orain arte inork ez baitu hori azaldu.

Eleberriak emakume horien ausardia du ardatz. Nola egin zioten aurre egoera horri?

Indarrez eta elkartasunez. Beren indar bereziari esker egin zuten aurrera; benetan bereziak dira itsas emakumeak eta bermeotarrak. Bildutako dirua ez zen banatu bi urte igaro arte. Ingurukoen laguntza baino ez zuten izan ordura arte.

Zer dela-eta izan ziren horren bortitzak galernaren ondorioak Bizkaian soilik?

Komunikazio arazoa izan zen. Garai hartan, Gipuzkoan, Orkolaga apaiza zegoen, eta anaia Asturiasko meteorologo zuen. Abisua bidali zuten, baina liskarra izan zen Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioen artean, telegrafoa nork ordainduko. Azkenean, Bizkaiko kofradiak abisurik gabe gelditu ziren.

Geroztik, hobetu al dira arrantzaleen lan baldintzak?

Bai: bai komunikazioan, bai aurreikuspenetan, bai itsasontzietan. Halere, itsas emakumeen egoera ez da hobetu. Kontserba fabriketan aritzen dira, sareak egiten; portuetan egiten diren lanik astun eta zailenak egin izan dituzte beti, baina ez da ulertzen zer den itsas emakume baten bizitza. Familiaren txalupan betebeharrez lan egin behar izan dute, soldatarik gabe. Beraz, eskubiderik eta baldintza duinik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.