Lizarrako diapiroak sortu zion geologiarekiko interesa Adolfo Erasori (Lizarra, 1934). Ordutik, mundu akademikoa eta lekuko ikerketa uztartu ditu, munduan barrena espedizioak eginez. Espeleologiarekiko zaletasunak bultzatu du aztergai zituen eremutan sartzera, zuzeneko neurketak eginez. Azken urteetan, Glackma proiektuan dabil buru-belarri, glaziarretatik ateratzen den ur kantitatearen bitartez berotze globalaren eboluzioa aztertuz. Antartikan ibili izan da, batik bat. Nafarroan egon berri da, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Honoris causa doktore izendatu baitu.
Zer egiten duzue proiektu horretan?
Glaziarretatik datorren parametro baten bitartez, berotze globalaren eboluzioa neurtzen dugu. Glaziarretik ateratzen den deskarga likidoa da parametro hori.
C02 da, batez ere, berotze globalaren arrazoi nagusia.
Eragileetako bat da, baina ez indartsuena. Kontua da kantitate handienean dagoena dela, eta, eboluzioa aztertzeko garaian, erreferentea izan ohi da. Gizakiok egiten dugun energia fosilen kontsumoaren ondorio da C02aren isuria handitzea atmosferan. Lehen, naturala zen. Lehen, zegoen populazioarekin, gizakiak sor zezakeen C02 kantitatea ez zen naturak xurgatu ezin ahal izateko nahikoa. Orain, ordea, ezin du sortzen dugun guzia xurgatu. Gure espezieari esker, beraz, natura aseta dago. Eta berotegi efektua handitzen den heinean, berotzea ere handitzen da. Gurpil zoro bat da. Izan ere, berotzea geroz eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da C02aren produkzioa, eta, tenperatura handitzean, geroz eta gehiago dilatatzen dira itsasoetako urak, eta, beraz, itsasoaren maila igoz eta berotuz doa. Eta itsasoa berotzen bada, lurrunketa handiagoa eragiten du, eta, ondorioz, bortitzagoak dira ekaitzak. Hainbat gauzak osatzen duten kate bat da, planetako gure existentzia hondatzen duena. Eta guk geuk eragiten dugu efektu hori.
Aipatu izan duzu iraganean zirimiria bazegoela, eta orain ez.
Asturiasko ibarretan, adibidez, dagoeneko ez da existitzen. Denbora gutxian ur kantitate handia kontzentratzen duten eurite handiak edo tanta hotzak izaten dira, baina zirimiririk ez. Era homogeneoan egun askotan banatzen den euria da zirimiria. Ondorioz, dena berde, heze eta ongi dago, ez dago katastrofeak gertatzeko arriskurik. Ezin dira sortu luiziak, adibidez, euri asko botatzen duenean izan daitezkeen bezala. Orain, geroz eta gehiago dira. Eta itsasoaren tenperatura igotzen denean, tornadoak izaten dira. Duela urte batzuk jendea harritu zen, igelak erori zirelako zerutik. Haizeak, putzu batetik hartu eta beste leku batera eraman zituen. Misterio handi bat izan zen. Bada, orain, horixe gerta daiteke. AEBetako hainbat lekutan, kamioiak erortzen dira.
Aurten, bereziki, ziklogenesiak ekarri ditu arazorik handienak.
Bai. Kantauri Itsasoan, zazpi izan dira aurten bakarrik, eta portu guztiak apurtuta daude. Gehiago ala gutxiago, baina ez dago erabat salbatu den porturik.
Zein da Artikoaren egoera gaur egun?
Nahiko berotu da, eta izotzaren fusioa geroz eta handiagoa da. Gure datuen arabera —oraindik prozesatu gabeko datuak dira, kalkulu batzuk—, glaziarretatik ateratzen den ur kantitatea hiru aldiz handiagoa da Artikoan Antartikan baino.
Zein da horren arrazoia?
Geure buruari galdetu behar diogu, zein zirkulu polarrek duen itsasoa, eta zeinek kontinentea. Iparraldean, kontinentea dago; Hegoaldean, itsasoa. Beraz, hor, izotz masa bost kilometro lodi izan daiteke. Beraz, argi eta garbi, bero gutxiago dago. Bestalde, zenbat jende bizi da Antartikan? Estazioetan ikertzen ari direnak, besterik ez. Eta, aldiz, non dago munduko populazioaren zatirik handiena, zein hemisferiotan? Iparraldekoan. Hori da arrazoia; horregatik da Iparraldea Hegoaldea baino beroago.
Asko hitz egiten da Artikoko gas eta petrolio ustiapenez. Asko dira interesak dituzten herrialdeak.
Arazo bat da, bai. Petrolio enpresek dirua behar dute bizirik irauteko, aurrerantzean ere bere produktuaz bizi ahal izateko. Ez die axola ekoizpen horrek zikintzen duen ala ez, eta, ez badu garbitu behar, askoz merkeago aterako zaio. Hori da pikareska, neurri batean gizatasunaren parte dena: eskuzabaltasuna baino askoz zabalagoa da diru-gosea. Horrek sortzen ditu honelako egoerak.
Kasu zehatz honetan, itsasoetako izotza desagertzen ari da. Itsasoko ura -1'8 graduetara dagoenean eratzen da izotza, urak duen gatzaren ondorioz. Baina gatz hori ez dago izotzean, eta, beraz, 0 gradutan urtuko da izotza. Izotz horrek geroz eta gutxiago irauten du uretan, tenperatura geroz eta handiagoa baita. Bestalde, arazoak izaten ari da hartza —Artikoko espezierik ezagunenetakoa—. Milaka kilometro ibiltzen dira izotzaren gainean, janari bila.
Zein da tribu inuiten egoera?
Herri primitiboa da. Oraindik ez dira iritsi sozialki antolatzeko fasera. Groenlandiaz hitz egingo dizut, nik hango herri inuit batean pasatu bainuen hilabete. Groenlandia Danimarkaren menpe dago, bandera bat eman diete, baina asko gehiagorik ez. Danimarkak antolatzen ditu Groenlandiako biztanleak. Oso garesti erosten dizkie produktuak, eskulanak. Baina, gero, trukean, Danimarkak oso garesti saltzen dizkie whiski botilak. Herri primitibo bateko kideek ez dute beren burua kontrolatzen edaten dutenean. Mozkorrari esker, ez dira izozten. Hori Danimarkak egiten du, eta ni aztoratzen nau. Nola da posible horrelako estatu batek, hain serioa eta antolatua izanda, horrelako zorakeria bat baimentzea? Edonola ere, herri hauek desagertzeko bidean daude, petrolio ustiapenak geroz eta espazio gehiago hartzen ari direlako. Gizakiaren diru-gosea, berriro ere.
Espeleologian aritzen zara oraindik?
Bai, 64 urte daramatzat horretan, Lizarrako Basaulan lehen aldiz sartu nintzenetik. Azkeneko aldia Antartikan izan da, hango glaziarretan.
Hain zuzen, gustuko duzu horrelako lekuetan sartzea. Lekuan bertan egindako ikerketa defendatzen duzu.
Begira, ez dut uste matematikan nahiko jakintzarik dudanik, baina ikusten dut matematikariek egiten dituzten ereduak pertsona erosoen ereduak direla. Zer esan nahi dut honekin? Bada, ez direla lekura joaten, algoritmo bat aurkitu eta aplikatzen dute, eta errespetagarria da hori. Baina, gero, praktikan, aurreikusitako data iristen da, eta aurreikusitako hori ez da gertatzen. Errespetu handia diet matematikan nik baino jakintza handiagoa dutenei, baina uste dut matematikak erreminta kutxa bat direla; nik ez ditut erreminta guztiak, eta batzuetan beharko nituzke. Agerikoa da baliagarritasuna, baina kontua ez da erabiltzearren erabiltzea erreminta. Ez dira glaziarretan sartzen, agian hondoratuko delako, agian urak bustiko dituelako eta oso hotz dagoelako... Ni ohitu naiz horretara, hotzera. Kontserbatzailerik onenetakoa da hotza, gainera. 80 urte ditut, eta horretan dihardut oraindik ere. Horixe gustatzen zait, eta, ahal dudan bitartean, horretan jardungo dut. Hori da nire bizitza.
Eta garrantzitsuak dira han egiten dituzuen neurketak.
Bai, noski. Begira, hozkailua elikagaiak kontserbatzeko erabiltzen dugu. Zer gertatzen da berotzen bada? Elikagaiek ez dutela iraungo, ustelduko dira. Kriosferek, neurri batean, era antzekoan funtzionatzen dute, gauzak lehen ziren moduan kontserbatzen dituzte. Baina hori aldatzen ari da. Eta hori atzeraezina da. Ez da bakarrik C02 produzitzeari uztea, baizik eta lehengo egoerara itzultzea. Hori, dagoeneko, ezinezkoa da. Giza espeziearen kontu bat da.
Horren ndorioz espezieak desager daitezkeela esan duzu. Baita giza espeziea ere.
Bai, noski. Ikasle nintzenetik gaur egun arte ia laukoiztu dugu munduko populazioa. Konturatu orduko, 8.000 miloi biztanleko langa ere pasatuko dugu.
Zertan islatuko da berotze globala hurrengo urteetan?
Eguraldiaren fenomenoak askoz indar handiagoz jazoko dira, askoz ere gogortasun handiagoz. Itasoaren mailak, gainera, gora egingo du. Horregatik, ez du zentzurik Espainiako Kostaldeetarako Legeak. Hondartza ondoan eraikitzeko baimena ematen du. Noiz, eta itsasoaren mailak gora egingo duen; noiz, eta itsasoa are bortitzagoa izango den. Lege horrek dena galaraziko dio jende bati.
Azkenaldian, finantzaketa arazoak dituzu. Hala ere, aurrera jarraitzen duzue lanarekin.
Lehen, Espainiako Ingurumen Ministerioaren diru laguntza jasotzen genuen, baina gobernu aldaketarekin desagertu zen. Orain, gure ikerketen datuak prozesatzen ari gara; baina, bai, hasi beharko gara finantzaketan pentsatzen. Gertatzen ari dena atmosferaren egonkortasunean aldaketa handia izaten ari da, eta, ez bagenitu estazioak jarri izan, gertatzen ari den guztiaren inguruko informazioa galduko genukeen eta ezingo genukeen etorkizunean erabili. Horregatik, lan honi eusteko ahalegina egiteko prest gaude, baita gure poltsikotik ordaindu beharko bagenu ere. Dibulgazioa egiten dugu, gazteak direlako etorkizuna, eta asko gustatzen zaie egiten duguna. Gertatzen ari dena ulertzen dute.
Izan ere, unibertsitatera joaten zara zu oraindik ere.
Bai. Bitxia da, duela 11 urte hartu bainuen erretiroa. Baina oraindik ere eskolak ematen ditut, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan. Asko gustatzen zait, eta oraindik ere ematen ditut eskolak. Ad honorem irakaslea naiz, eta ez emeritua. Izan ere, beti izan naiz bitarteko irakaslea, sekula ez funtzionarioa. Arrazoia argia da: bidaiatzen eta espedizioak egiten jarraitu nahi nuen.
Erretiratzerik pentsatzen al duzu?
Ez, inondik inora ere. Ez dut horretan pentsatzen.
Zer geratzen zaizu egiteko?
Berotze globala neurtzea aurrerantzean ere. Ahal dudan bitartean jarraituko dut.
Adolfo Eraso. Geologoa
«Ez da soilik C02 ekoizteari uztea. Ezinezkoa da aurretik genuen egoerara itzultzea »
Finantzaketa arazoak eta adina ez dira oztopo izan; 80 urterekin, soka bati lotu eta glaziarretan sartzen da oraindik ere Eraso. Berotze globala aztertzen du horrela. Eta, ahal duen bitartean, aurrerantzean ere gauza bera egingo duela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu