Unax Ugalde. Aktorea

«Ez da nire espezialitatea, baina komedian eroso aritu naiz»

Amazon Prime Video plataformak 'Pequeñas coincidencias' telesaila estreinatuko du abenduaren 7an; datorren urtean Atresmediara iritsiko da. Protagonistetako bat da Ugalde.

JUAN HERRERO / EFE.
urtzi urkizu
2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Lan eskaintza aldetik «bolada onean» da Unax Ugalde (Gasteiz, 1978). Black is beltza filmean Manex protagonistari ahotsa jarri zion, eta, egunotan, Tele5ko telesail berri baten grabaketetan dabil. Aurreneko aldiz aritu da Amazon plataformarentzat, Pequeñas coincidencias komedia erromantikoan.

Nolako pertsonaia jokatzen duzu Pequeñas coincidencias telesailean?

Nire pertsonaiak Mario Pachon izena du, sukaldaria da, eta zita batzuk izango ditu Marta Hazas aktoreak jokatzen duen pertsonaiarekin. Telesailak zortzi atal ditu, eta guztietan azalduko da pertsonaia. Ikusiko dugu bien arteko maitasun istorioarekin zer gertatzen den.

Ondo pasatzeko fikzioa izango da?

Bai, bai, komedia bat da, oso bizkorra eta arina. Oso erraz ikusten den horietako bat da. Estreinaldiko egun berean jarriko ditu Amazonek zortzi atalak, denak jarraian ikusteko moduan.

Grabaketak udan eta Madrilen egin zenituzten, ezta?

Bai, berezia izan zen, ez zegoelako platorik. Eszena guztiak jokalekunaturaletan grabatu genituen; tartean, hiriko jatetxe eta taberna batzuk azalduko dira. Madrilgo lekuak ikusten dira, toki ezagunak. Baina uda zen, eta sekulako beroa pasatu genuen.

Aktoreak ezagutzen zenituen?

Javier Veiga aspalditik ezagutzen nuen, baina lehenengoz aritu gara elkarrekin lanean. Marta Hazasekin antzezlan bat egin nuen duela gutxi Espainiako Centro Dramatico Nacionalean. Bera da telesaileko ekoizleetako bat, eta hark deitu ninduen telesail honetarako.

No controles filmean komedia erromantikoan murgildu zinen. Gogoko al duzu generoa?

Ez da nire espezialitatea, baina eroso sentitu naiz. Komedia erromantikoan erritmoa oso garrantzitsua da. Ondo pasatzen dut komedian, arriskatu beharra dago.

Pequeñas coincidencias Latinoamerikan, AEBetan, Hego Euskal Herrian eta Espainian estreinatuko du Amazonek. Gaur egun telesail asko ez dira herrialde bakar batean gelditzen.

Bai, gaur egun, telesail bat egiten duzuenean badakizu ziur aski bidaiatu egingo duela. Lehen, telesail bat herrialde berean gelditzen zen, eta kito; baina, orain, plataformek mundu osora zabaltzen dituzte produktuak. Hori ondo datorkigu aktoreoi.

Seriesland jaialdian, Ana Hormaetxea gidoilariak esan zuen Euskal Herria ez dagoela hain urruti Netflix Originals telesail bat egitetik. Halako telesail bat euskaraz egingarri ikusten duzu?

Primeran egongo litzateke. Kalitatea izan beharko luke, baina ziur nago oso ondo etorriko litzaigukeela denoi. Adibide bat jarriko dut: Si no te hubiera conocido antzezlanean aritu naiz aurten, eta istorio horren telesaila katalanezgrabatu dute. TV3ek Netflixekin batera ekoitzi du, eta mundu osoan ikusi ahalko da, katalanez.

Ikusten al dituzu telesailak plataformetan?

Plataforma batzuen harpideduna naiz, baina ez naiz telesailen zale amorratu horietakoa. Gainera, hiru hilabeteko ume bat daukagunez...

Zinema areto batzuetan ikusgai dago oraindik Black is beltza. Nolakoa izan zen horrelako lan batean ahotsa jartzea?

Zoragarria. Fermin Muguruzarekin lan egitea sekulakoa da. Aspaldi esan zidan protagonistari ahotsa jartzeko, eta duela urte eta erdi aritu ginen horretan.

Donostiako Zinemaldian esan zenuen istorio bera haragizko pertsonaiekin egin beharko zenuketela.

Ahotsa jarri genuen guztiok gauza bera pentsatzen dugu, ederra litzateke hori egitea. Baina ekoizpen aldetik makina bat arazo sorraraziko lituzke, zaila litzateke.

Tele5 kateko telesail bat grabatzen ari zara egunotan. Zeri buruzkoa da?

Brigada Costa del Sol izena du telesailak, eta, hor, martxora arte ariko naiz. Malagan [Espainia] kanpoko eszenak grabatuko ditugu, eta platokoak, Madrilen. 1970eko hamarkadan dago girotuta; Francok Gibraltarrekin komunikazioa eten zuen garaia kontatzen du, eta narkotrafikoa da ardatzetako bat. Nire pertsonaia misteriotsua izango da, ezin dut gehiago esan. Aldi berean, beste proiektu batzuk ere baditut esku artean, eta pozik nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.