Pedro Ortiz aktoreak (Casablanca, Maroko, 1963) jaioterriaren izena hartu zuen antzerkirako ezizen gisa. Javier Ortiz kazetariak 1996. urte aldera idatzitako Jose K. Torturado testuaren antzerkirako moldaketa antzeztuko du gaur eta bihar, 20:00etan, Campos Eliseos antzokian, Bilbon.
Javier Ortizek honela planteatu zuen antzezlan honen iturburua izan zen testuan: «Herrialde batean Poliziak ero bat atxilotu du. Lehergailu bat jarri duela dio, baina ez du esan nahi non eta noiz den lehertzekoa. Justifikatuta dago tortura halako kasu batean?». Nola ausartu zinen halako antzezlan gogorrari heltzen?
Hasteko, honen atzean Carles Alfaro zuzendaria zegoelako. Oso tipo konprometitua da, antzerkiarekin hasteko eta politika zein gizarte kontuekin gero. Oso ondo moldatu nintzen harekin, eta zuzendari serioenetakoa iruditu zitzaidan Espainiako antzerkiaren panorama penagarrian. Horrez gain, testua oso beharrezkoa zela iruditu zitzaidan. Tortura tabua da; inor ez da horretaz mintzo. Hark hitzaldi bat bakarrizketa bihurtu zuen, antzerkiaren mundua ezagutzen ez bazuen ere.
Hitzaldiaren antzezpena egiteko, zuzendariarekin lan egin zenuen?
Bai. Elkarrekin eginiko lana da. Hasieran, testua baino ez genuen, eta ez genekien nola gauzatuko genuen. Hasi ginen gauzak probatzen, eta gero muturrera eraman genituen: «Zer deritzozu biluzik bazaude?», esan zidan, eta nik, «ondo», gizakiaren hauskortasuna nabarmentzen zuelako. Eskuz eta hankaz lotuta agertzea probatu genuen, eta, azkenean, kutxa itogarri batean sartuta egotea. Elkarlan demokratikoa izan zen.
Ezinbestekoa al da hori aktorearentzat pertsonaia sinesgarri egiteko?
Nik ez dut sufritzen, ikusleak sufritzen du gehiago. Aktore moduan, zoragarria da lana. Gogoarekin eta emozioekin barne bidaia egiten duzu. «Benetan sufrituko duzu hori egiten», esaten dit jendeak. Sufrituko banu, ez nuke egingo. Ez da masokismoa, nire lana da, eta Javier Ortizen torturaren inguruko testua adierazteko aurkitu dugun modurik eraginkorrena.
Hemen ez dago trikimailu sentiberarik: Jose K. pertsonaiak ez du ikuslearen sinpatiarik bilatzen, eta, halere, haren enpatia lortzen du.
Hiltzaile bat da, eta hiltzeko dituen arrazoiak azaltzen ditu. Ez du sinpatiarik sortzen; hau ez da bakarrizketa umoretsua. Baina gizaki bat da, torturatzailea bezala eta parean dagoena bezala. Ikusleak enpatia sentitzen du horregatik, haren mina sentitzen duelako, torturak suntsitutako gizaki bat ikusten duelako. Senide bat torturatzen diote, hura psikologikoki estutzeko.
Zer deritzozu Euskal Herrian eta Espainian tortura oraindik erabiltzeari?
Zer esan, begi bistakoa ez dena. Estatuak ezin du inondik inora halakorik egin. Ero batek egin dezake beroaldi batean, baina erakunde ofizial batek inolaz ere ez, inongo arrazoirik argudiatuta. Ikaragarria da, ustelkeria onartua eta isildua egotea ikaragarria den bezalaxe. Edo epaile ustelak egotea eta beste epaileek zuritzea, edo bankari lapurrek gu halako egoeran utzi izana. Gizartearen anestesia izugarriak asaldatzen nau. Antzerki burges samarra dago, leihatilarentzat eta hedabideentzat eroso eta atsegina dena. Baina, nire ustez, bestelako antzerkia behar da, eta halako lan gutxi dago egunotan, ezinbestekoak izan arren. Ni prest; erronkek bizkortu egiten naute.
Pedro Casablanc. Aktorea
«Ez da masokismoa, lana da, eta tortura adierazteko modurik eraginkorrena»
'Jose K. Torturado' Bilbon antzeztuko du Casablancek gaur eta bihar. Madrilen ika-mika sorturiko hitzaldi batetik idatzi zuen testua Javier Ortizek, torturaren lehen biktima gizartea bera dela erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu