Xabi Otero. Argazkilaria

«Ez da beharrezkoa kanpora ateratzea zerbait lortzeko»

Sortzaile nafarrak 46 urte eman ditu argazkiak egiten. San Adrian, Baztan eta Londres erabakigarriak izan dira haren bizitzan, baina Kanadako indigenen artean aurkitu zuen bere lekua. Euskal zibilizazioa ikertzen eta zabaltzen dabil gaur.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2016ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Natura ikertzen, antropologian, argazkigintzan, diskoen azalen diseinuan... Horietan guztietan buru-belarri sartuta ibili da Xabi Otero (San Adrian, Nafarroa, 1953) gaztetatik.

Lehen argazkia 7 urterekin egin zenuen. Goizegi pentsatzeko bizitza osoa horretan emango zenuela, ezta?

Amonak lau bilobak Andaluzia [Espainia] eta Afrikara eraman gintuen, nik 7 urte nituela. Niretzat, sekulako abentura izan zen, komikietan ikusten nituenak bezalakoa. Argazki makina txiki bat zen, eta zezen batzuei egin nien erretratua. Ez nuen behar bezalako kamerarik izan 17 urte bete arte. Oso garesti ordaindu nuen. Garaian dena zen garestia. Orduan hasi nintzen argazkiok diskoetxeei eta aldizkariei saltzen. Orain baino hobeto ordainduta zegoen: 1.000 pezeta argazkia, sei euro. Orain, ia ezinezkoa da argazkiak saltzea, jende guztiak egiten dituelako.

Hiru lekuk markatu zuten zure haurtzaroa: San Adrian, Baztan (Nafarroa) eta Londres. Bakoitzak nola?

Gaur ez nau San Adrianek erakartzen, estetikarengatik. Industriaz bete zen 1960ko hamarkadan, asko hazi zen, eta ez zegoen inongo araurik. Ni beti nabilenez ondasuna gordetzearekin... bada, sufritu egiten dut. Baztanen urte batzuk pasatu nituen amonarekin. Ahal nuen guztietan hara ihes egiten nuen. Londresen, garai erabakigarria pasatu nuen 13 eta 17 urte artean. Orduan, errazagoa zen dena, xaloagoa: Londresko museoetako zaindarien lagun egiten nintzen, eta gordeta zeuden bildumak erakusten zizkidaten.

Horren gazte Londresen?

Aita militarra zen. Espainiako enbaxadan zebilen lanean. Ezin nituen lagunak gorde, baina aldaketetara moldatzen nintzen, eta neukanari etekina ateratzen nion. Unibertsitatean zer ikasi aukeratu behar izan nuenean, Soziologia hautatu nuen. Noski, Soziologia gorrien gauza zela uste zuten etxean [barre]. Niretzat, Antropologiara joateko bidea zen. Natura erretratatzen ibilia nintzen, eta Biologia zen beste aukera, baina hutsaren hurrengoa nintzen fisikan eta kimikan.

Orduko Londres: psikodelia, hippyak... Argazkilari batentzat sekulako kolore jaia izango zen.

Orduan, Europan erreferentzia Ingalaterra eta popa ziren, ez AEBak. Orain ez bezala, 13 urteko gazte bat nahi bezala ibiltzen zen. Indiako eta Pakistango bi lagun nituen, eta piper egiten genuen, Londresen ibiltzera. Gozamena zen. Bizitza paraleloa nuen.

Marrazkiak egin, eta kalean saltzen zenituen. Bohemiar bizimoduarekin amesten zenuen?

Euskaldunak marrazten eta margotzen nituen, Arrue eta Salaberriaren estiloan. Horiek saltzen nituen Hyde Parken, oso merke.

Rock progresiboko taldeenazalak egiten zituen Roger Deanek. Haren paisaia fantastikoak miresten zenituen. «Horiek badira benetan munduan; erretratatuko ditut», esan zenuen?

Hala izan zen, nolabait ere. Saharaz hegoalderako Afrikako paisaiak ikusi eta gero, «Dean horrek ez du gauza handirik asmatu», esaten zenuen. Ikusten duzunaz baliatzean dago gakoa. Gero irudimen apur bat gehitu, eta kito; horrek funtzionatu egiten du. Mendebaldeko Saharan ibili ginen hegaztiak erretratatzen. Maitemindu egin nintzen huts marroi harekin. Saharar asko ezagutu nituen, jende zoragarria. Gero aurkitu izan ditut orduko lagun haietako batzuk errefuxiatu guneetan.

Baina zure lehen erreportaje serioa ez zen leku urrun batez, baizik eta Baztanez. Barneko exotismoaren bila ari zinen?

Beti izan dut argi ez dela beharrezkoa kanpora ateratzea ezer lortzeko, zeure burua garatzeko edo norbere lana hobetzeko. Etxean duzu dena. Usainak, baserrietako bizimodua... hori guztia txikitatik izan da niretzat miresgarria. Orduan Baztan ez zen horren ezaguna. Caza Fotográfica aldizkarikoei tematu nintzaien erreportajea egiteko. Julio Caro Barojari testua idazteko eskatu zioten. Nik nahiago nuen neurea, Caro Barojak zientifikoagoa eta orokorragoa egin zuen, baina nik hurbilagoa, pertsonetatik abiatuta. Kritika egin zioten Caro Barojaren testuari gero: «Non dago emakume baztandarra?».

Hurrengo urtean, 1975ean, Malira. Pentsatzen al zenuen bidaiak sei hilabete hartuko zituela?

Bi hilabeterako zen. Jon Zabaletak espediziorako txostena prestatu zuen, eta, hango tontorren marrazkia ikusi nuenean, «nik honekin amets egin izan dut», esan nuen, «joan behar dut». Martin Zabaleta, Felipe Uriarte eta besteekin joan nintzen. Haiek eskalatzera, beste batzuk biologia ikertzera eta, ni, argazki erreportajea egitera. Harrigarria zen: basamortuaren erdian gauero agertzen zitzaigun baten bat kanpalekuan, argia ikusi eta, agian, hamabost kilometro ibili ondoren. Eskalada eta ikerketa amaituta, batzuk jarraitu egin genuen Bamakora eta Senegalera. Hilabete bat behar izan nuen Bilbora itzultzeko. Salbuespen egoera aurkitu nuen hemen [Francok ezarritako azkena].

Garai nahasi hark nolatan ez zintuen fotokazetaritzara bultzatu?

Egin nuen 17 urterekin, eta Irlandara joatekotan egon nintzen, han sekulako saltsa zegoelako. Baina, gero ikusi nuen neurea antropologia zela. Izugarri gozatu nuen Maliko peul eta dogon herriekin. Espediziorako jarritako dirua berreskuratzeko erakusketa jarri genuen Iruñean, eta, ondoren, 31 euskal artista erakusketa egin zen, Basterretxea, Nagel, Ameztoi... Gauza asko aurkitu nituen urte hartan, Afrikan bezala hemen.

Azkenean, Kanadan eta Quebecen aurkitu behar zure lekua?

San Juan baleontziaren aztarnategian urtebetez ibilitako Manu Izagirre adiskidearekin egon nintzen Donostian, 1983. urtean, kanadarrentzako baleazaleen arpoien argazkiak ateratzen, San Telmo museoan. «Etorri behar duzu, izugarri gustatuko zaizu», esan zidan hark. Bi hilabete egon nintzen han harekin. «Hau nire lekua da», esan nion. Afrika bai, baina beti maite izan dut berdea, euria, hezetasuna, hotza... Gainera, errazagoa izan zait Kanadara joaten jarraitzea, Afrikara baino. Etsigarria da: Afrika izan zitekeena, eta zer den orain Mendebaldearen esplotazioarengatik. Niretzat, pagotxa izan da Kanada, ez bakarrik baleazaleengatik, baizik eta beti interesatu zaizkidalako hango indigenak. Lotura naturala egin dut.

Izan ere, pasaiak bai, baina, zuretzat, beti, jendea izan da aztergai nagusia.

Bai, jendeak eraldatzen ditu paisaiak; basamortuan ere ikusten duzu hori. Duintasunean eta konfiantzan oinarritu behar da harremana. Ikusi ditut argazkilariak astakeriak egiten: norbaiti liburua alderantziz jartzen argazkirako, esaterako, irakurtzen ez dakiela argi uzteko. Nola hel zaitezke horren miserable izatera! Argazkiak egin baditut, molestatzen ez nuela jakinda izan da. Sartu behar ez ginen lekuetara sartzea egotzi izan digute. Ez, jauna: sartzerik dudan lekuan sartu naiz, ezer aldatu gabe. Berdin hemengo inauterietan. Ezagutzen ez zena erakusteko egin ditut argazkiak. Afrikan gertatzen zena zabaltzeko beste modurik ez zegoen. Gaur ez dago deskubritzeko ia ezer: Internet zabaldu eta milioika argazki dituzu, eta erretratu miresgarriak daude. Ona da. Aldatu egin da kontua, eta argazkilariok moldatu egin behar dugu. Ez dezagun sufritu; denbora laburrerako gaude munduan.

Zergatik erabaki zenuen Arraiozeko (Baztan) zure etxea museo bihurtzea?

Historian murgiltzea eta ondasunaren garrantziaz ohartzeko bidea eman digu etxeak. Ez da museoa, baina gauza politak daude, Baztanen jasotakoak. Niretzat, artea kaikuetan, uztarrietan, kutxetan eta halakoetan dago. Sutik salbatu ditugu horietako asko. Orain Lekarozen eraikitzeko dagoen egitasmoa erokeria da. Gauza bat da hotela eta golf zelaia egitea; huts egiten badute, berreskura daitezke. Baina ehunka etxebizitza egitea astakeria da.

Praileaizko aztarnategia inguruko harrobiko dinamitatik salbatzeko mugimendutik sortu zen euskal kultura ikertzeko eta zabaltzeko Jauzarrea elkartea, hain zuzen ere.

Harrobikoek erakundeak menpean hartuak zituztela ikusita, bilkura egin genuen EHUn. Hamazazpi ginen, eta ideiak bota genituen. Dagoeneko manifestazio askotxo egiten direnez, beste zer edo zer egitea proposatu nuen arreta pizteko arazoaz: liburu bat. Hazten hasi ginen, eta liburuan 200-400 pertsona aritu ziren. Tristea da ikustea urteotan kulturan aurrera egin beharrean atzera ari garela. Alderdi guztietan jende jatorra eta jende txatxua dagoela ikusi genuen, eta gizartean behar duguna kultura dela. Hori behar da, etorkizunean gauza aldrebes hauek gerta ez daitezen.

«45.000 urteko euskal zibilizazioa azaltzeko» Atlantiar Kongresua antolatu izan duzu azken urteotan. Ondorioak?

Munduko ikertzaileak bildu nahi nituen euskaldunei buruz dakitena kontatzeko, objektiboki, emozioek traba egin gabe. 157 ikertzaile ditugu orain laguntzen. Genetika lana egiten ari gara Kanadan. Indigenen DNAren 400 lagin hartuta ditugu, euskaldunenarekin parekatzeko. Stephen Oppenheimer genetistak lotura egongo dela uste du, gainerakoak eszeptikoak dira. Horrek bermatuko du lanaren kalitate zientifikoa.

Loturarik ez bada topatzen, denbora alferrik galtzea izango da ikerketa?

Geuk ditugu Oppenheimerren eta Smithsonian Institutioneko [AEB] Dennis Stanfordek eta Margaret Jodryk gaiaz aterako dituzten liburuen euskara, gaztelera eta frantseserako mundu osorako eskubideak, eta haiek euren lanetako izendegia moldatu nahi dute: euskal babestokia, Euskal Herria, euskaldunak, Bizkaiko golkoa hitzak erabiliko dituzte, eta horiek betirako geratuko dira. Estrategikoa da. Argi gera dadila euskaldunen nortasuna. Zaila izango denez Unescok euskara gizateriaren ondare izendatzea, izan ditzagun behintzat munduko ia 200 zientzialari esaten euskara Europa mendebaldeko hizkuntza oinarria dela, genetikak hori baieztatzen duela eta arkeologiak ere baieztatzen has daitekeela. Ados, oraingo arazo berak izango ditugu, baina baita beste zerbait geure alde ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.