Frankismoak agindutako azken fusilatzeek lurrikara eragin zuten, eta haren dardarak, kontzientziak astindu eta Espainiako erregimen politikoaren zutabeak inarrosteaz gain, Europa osora ere hedatu ziren. Manifestazioak, elkartasun adierazpenak, Espainiako enbaxaden kontrako erasoak eta bestelakoak ugariak izan ziren Europako hiriburu guztietan Juan Paredes Txiki, Angel Otaegi, Jose Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravoren hilketen inguruan. ETAko kideak izatea leporatzen zieten lehenengo biei; FRAP Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoa izeneko erakundean aritzea beste hirurei. Bostak fusilatu zituztenetik 47 urte betetzen dira gaur.
Idazle, pentsalari eta artista ugarik ere gaitzetsi egin zituzten fusilatzeak. Natalia Ginzburg idazle italiarra (Palermo, 1916 -Erroma, 1991) haietako bat izan zen. Bost kondenatuak fusilatu eta hiru egunera, 1975eko irailaren 30ean, artikulu bat argitaratu zuen Corriere della Sera Italiako egunkarian. Hilketak arbuiatzeaz gain, Aita Santu Paulo VI.aren epelkeria kritikatzen zuen idazki hartan. Ginzburgek bazuen faxismoaren atzaparkaden berri: Mussolini boterera iritsi zenean erbesteratu behar izan zuen, eta bere senar Leone Ginzburg torturatu eta hil egin zuten 1944an.
Orain, Josu Zabaletak (Legazpi, Gipuzkoa, 1948) euskarara itzuli du Ginzburgen testua: «Literatura moderno italiarra asko gustatzen zait, asko irakurri dut. Irailaren 27a bazetorrela eta, gogoratu nuen Ginzburgek bazuela zerbait idatzirik horretaz, eta bilatzeari ekin nion. Baina Ginzburgena ez da kasu bakarra: idazle asko agertu ziren horren kontra, eta seguru nago orduko prentsan arakatuz gero horren moduko idazki gehiago agertuko liratekeela».
Zabaleta itzal handiko itzultzailea da, eta eskarmentu handia bildu du alor horretan. Bi aldiz irabazi du itzulpengintzako Euskadi Saria, eta Guy de Maupassant, Honore de Balzac, Mark Twain, Pier Paolo Pasolini, Marguerite Yourcenar eta beste hainbat egileren lanak ekarri ditu euskarara:«Itzultzailea naiz, nik esan behar ditudanak beste batzuek askoz hobeto esan dituztelako», azaldu du.
Beharbada, norberak adierazi nahi dituenak inoren berbetan topatzeko grina horrek bultzatu du Ginzburgen hitzak euskaratzera. Izan ere, Zabaletak 1975eko irailaren 27ko gertaerekin duen lotura itzulpengintzatik harago doa: urte hartan Carabanchelgo espetxean egon zen, han ezagutu zituen geroago fusilatuko zituzten FRAPeko kideak, eta haietako bati euskara eskolak ere eman zizkion.
1975eko San Inazio egunean atxilotu zuten Zabaleta, sarekada handi batean. «Emaztea ere atxilotu zuten; haurdun zegoen orduan». Carabanchelgo espetxera eraman zuten, eta lehenengo egunetan bakarturik egon zen: «Bakartze egoeran amets zoroak egiten dira. Nik zarata bat entzuten nuen, ra-ra-ra, eta pentsatzen nuen norbait ari zela zulo bat egiten. Geroago jakin nuen hura beste teknologia bat zela: kontserba latak paretaren kontra marruskatu egiten zituzten, huraxe zelako zabaltzeko modu bakarra, eta zarata hortik zetorren».
Bakarraldia amaitu eta patiora ateratzerik izan zuenean, gainerako preso politikoen ezaupideak egin zituen; tartean, FRAPen kontrako epaiketa militarretan auzipetuak: Baena, Sanchez Bravo, Garcia Sanz, Vladimiro Fernandez Tovar, Juan Vivanco, Pablo Mayoral eta abar. FRAPeko kide gehienak oso gazteak eta ortodoxo samarrak begitandu zitzaizkion Zabaletari, «buruz itxiak», baina haietako zenbaitekin oso harreman ona garatu zuen: «Baena, esaterako, tratu errazekoa zen, oso jatorra; Sanchez Bravo ere oso irekia zen. Garcia Sanz, berriz, isila zen, eta harekin harreman gutxiago izan nuen».
FRAPeko zenbait preso, horien artean Baena, tematu ziren euskara ikasi nahi zutela, eta Zabaletak euskara eskolak antolatu zituen patioan bertan: «Ni Legazpin egon nintzen gau eskola sortzen, eta oinarrizko gramatika bat egina nuen. Hori moldatu nuen Carabanchelerako. Nik esaten nien zerrenda bat egiteko erdaraz esaten zituzten gauzekin, eta gero nik ematen nien modua horiek euskarara itzultzeko. Horixe zen gure metodoa».
Eta zergatik euskara ikasi? «Batzuek irekitasun hori bazeukaten», azaldu du Zabaletak; «baina nik buruan eduki dudan beste hipotesi bat da bazekitela hil egingo zituztena. Ezin duzu egun osoan horretan pentsatzen egon, eta baliteke euskara ikastea burua beste zerbaitetan lanpetuta edukitzeko modu bat izatea. Aukera asko ere ez zeuden».
Ez ahazteko erregua
Beste zerbaitek pentsarazten dio Zabaletari FRAPeko zenbait presok oso argi zutela zein izango zen beren patua: «'Ez gaitzazue ahaztu', esan ohi zidan Sanchez Bravok. Are gehiago: haiei euskaraz kantu bat egiteko ere eskatu zidan. Haien artean bazegoen argentinar bat, erdi kantaria zena, eta hark milongak idazten zituen. Bat haientzat idatzi zuen: bere garaian ikasi nuen, baina jada ez naiz letraz oroitzen. Nik uste dut hortik etorri zitzaiela neuk ere euskaraz kantu bat egiteko ideia, buruan sartua zutelako hil egingo zituztela». Zabaletak estrofa batzuk idatzi zituen, baina ez zen kantua amaitzeko gauza izan.
Irailaren hasiera aldean, epaitu behar zituzten FRAPeko presoak bakartu egin zituzten. Lehen epaiketa militarra irailaren 11n eta 12an egin zuten; bigarrena, irailaren 18an. Zortzi laguni heriotza zigorra ezarri zieten. Ministro Kontseiluak bilera egin zuen irailaren 26an, eta han bosti indultua ematea erabaki zuten, baina Baenari, Sanchez Bravori eta Garcia Sanzi heriotza zigorra berretsi zieten, Txikirekin eta Otaegirekin egin bezala. Bost horiek biharamunean fusilatu zituzten.
Zabaletak ez du gogoan zehazki noiz askatu zuen, baina 1976ko hasieran izan zen, Franco jada hilik zegoenean, eta, ondoren iritsiko ziren indultuak baino lehenago. Diktadorearen agintaldia odoletan blai amaitu zen, eta trantsizioaren prozesua ere fusilatutako bost antifaxisten odolez orbanduta abiatu zen. Zabaletaren ustez, irailaren 27an fusilatutakoak ez zituen Francok hil, «haren erregimenak» baizik: «Heriotza zigorrak Francok sinatu zituen, baina Francok ez zituen kondenatu, seguru asko bilera hartan lotan zegoelako; handik hilabete pare batera hil zen. Ministroek kondenatu zituzten. Zergatik? Hain zuzen, Franco hiltzen ari zelako, eta frankismoaren ondorengoa prestatzen hasi behar zutelako. Ez zuten horretara ETArekin eta FRAPekin iritsi nahi».
47 urte geroago, Natalia Ginzburgen hitzak berreskuratzea izan daiteke ahanzturaren kontrako ariketa, eta Sanchez Bravok egindako eskaerari erantzuteko modu bat.
Ez ahanzteko ariketak
Natalia Ginzburg idazleak testu bat argitaratu zuen garai hartako prentsan 1975eko irailaren 27ko fusilamenduen harira. Orain, testu hori euskarara ekarri du Josu Zabaletak; itzultzaileak FRAPeko hiru kondenatuak ezagutu zituen espetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu