Zer egingo du gizateriak Lur planetan bizitzen jarraitzerik ez dagoenean? Galdera gaizto samarra da, baina egin beharrekoa. Izan ere, zientzialari askok—Stephen Hawking tartean— dei egin diote giza espezieari Lurraren antzeko beste planetak bilatzeko, eta, ahal bada, kolonizatzeko, gizateriaren etorkizuna ziurtatze aldera. Munduko espazio agentziak lanean ari dira beste Lurrak topatzeko eta aztertzeko. Eguzki sistematik at dauden planetei exoplaneta esaten diete, eta haien ikerketa izugarri zabaldu da azken urteotan.
Europako Espazio Agentziak egitasmo handi bat du martxan exoplaneten eremuan: 2028 bitartean, lau misio bidaliko ditu espaziora, eta haietako hiruk exoplanetak bakarrik izango dituzte helburu. Lehena aurten bertan jaurtiko dute. Misio bakoitzak aurrekoak egindako lana sakonduko du. Hona lau misio horien ezaugarri nagusiak.
1. 'CHEOPS': TELESKOPIOEN FARAOIA
Cheops teleskopioa jaurtiko dute lehenengo. Aurtengo urriaren 15etik azaroaren 14rako tarteaz baliatu nahi dira Lurraren inguruko orbita baxuan jartzeko, zazpiehun kilometrora. Handik, izarrei begiratu ahalko die, ortzian edonon. Exoplaneta ezagunak dituzten izarrak hartuko ditu jomugan. Lurraren tamainakoak diren planetak eta lau aldiz handiagoak direnak ere aztertuko ditu.
Planeta bakoitza bere izarraren aurretik pasatzen denean behatuko du teleskopioak, eta izarraren argia zenbat gutxitzen den neurtu ahalko du. Teknika horrek iragatearen fotometria du izena, eta horixe erabiltzen da gehien exoplanetak aurkitzeko.
Cheops-ek planeta bakoitzaren erradioa zehaztu ahalko du, ezagunak diren exoplanetak behin eta berriz aztertuko baititu. Planeton masa dagoeneko aztertuta dagoenez, erradioa jakinda exoplaneta bakoitzaren dentsitatea kalkulatu ahal izango da, eta, ondorioz, planetok harrizkoak edo gasezkoak diren erabaki.
Datu horiekin eta planeta bakoitzaren izarraren eta orbitaren inguruko informazioarekin, astrofisikariek aukera izango dute tamaina horretako planetak nola sortzen diren hobeto ezagutzeko. Horrez gain, etorkizuneko misioetan aztertzeko hautagaiak identifikatuko ditu; besteak beste, Hubble ordezkatuko duen Webb teleskopioarentzat.
Soyuz suziri batean jaurtiko dute teleskopioa, Europak Kouroun duen espazio portutik (Guyana Frantsesa). Cheops 58 kiloko tramankulua izango da. Eguzki plakek sorturiko 64 wattekin funtzionatuko du. Energia emateaz gain, plakek Eguzkitik babestuko dute. Kalkulatu dutenez, hiru urtez arituko da lanean, baina, askotan, aurreikusi baino askoz denbora gehiago egoten dira halako gailuak lanean. Gutxienez, eguneko 1,2 gigabit informazio bidali ahalko ditu Lurrera.
Herritarren interesa pizteko, Cheops-ek bi plaka eramango ditu, haurrek eskoletan eginiko milaka marrazkiren bertsio txikiak grabatuta. Horrez gain, teleskopioa jaurtitzeko, apainketa «koloretsu bat»egingo diote suziriari, lehiaketa publiko batean aukeratua.
2. WEBB TELESKOPIOA: HUBBLE-REN ORDEZKOA
Hubble teleskopioa 1990. urtean jarri zuten Lurraren inguruko orbitan, eta, bost konponketaren ondoren, NASAk erabaki du hura erretiratzeko ordua heldu dela. Txanda hartuko dio James Webb Espazio Teleskopioak. ESA, NASA eta CSA Kanadako Espazio Agentzia elkarrekin arituko dira egitasmoan, eta dagoeneko jarri diote data zehatza Webben bidaiari: 2021eko martxoaren 30a.
Hubblek 28 urteotan eman dituenak izugarriak dira, baina, beharbada, txiki geratuko dira Webbek emango dituenen aldean. Izan ere, Webben ikusmena —bereizmena eta sentikortasuna— askoz handiagoak da. Esaterako, Webben ispiluak 6,5 metroko diametroa izango du —Hubblerenak 2,4 metro ditu—. Espaziora inoiz bidalitako ispilurik handiena izango da, ESAren arabera. Askoz tenperatura baxuagoan lan egingo du (-220 gradu zentigraduan), eta, horri esker, askoz zaharragoak diren eta urrunago dauden objektuak ikusi ahalko ditu. Izan ere, teleskopioak infragorriaren espektroan egingo du lan batez ere. Horrek ahalmen handiagoa emango dio objektu hotzagoak behatzeko; esaterako, exoplanetak, horiek batez ere infragorrian isurtzen dituztelako uhin elektromagnetikoak. Hubblek, konparatzeko, 15 gradu zentigraduan funtzionatzen du, eta horrek infragorrietan ondo ikustea galarazten dio, teleskopioak berak asko isurtzen duelako infragorrian.
«James Webb espazio teleskopioa inoiz eraikitako egitasmo astronomikorik ausartena eta konplexuena da», esan zuen iazko ekainean Guenther Hasinger ESAko zientzia zuzendariak. Konplexutasun horrek atzerapenak eragin ditu egitasmoan: espazio agentziek iragarri zuten 2016rako teleskopioa egina zegoela, eta probatzen hasiko zirela. Proba horietako batean, ispilua urratu egin zen, eta arduradunek esan zuten horrek jaurtiketa atzeratuko zuela.
Esan bezala, elkarlanaren emaitza da Webb teleskopioa. ESAk landu ditu Ia Infragorriko Espektrografoa tresna (NIRS) eta Erdiko Infragorri Tresna (MIRI). 2017an amaitu zituzten horien probak. Orain, teleskopioaren espazioan nabigatzeko gailuak probatzen ari dira. Amaitzen dutenean, teleskopioarekin eta tresnekin elkartuko dituzte.
Dena ondo bidean, bi urte barru Ariane suziri batekin Lurraren azaletik 550 kilometroko orbitan jarriko dute, exoplanetak aurkitzen lagun dezan.
3. 'PLATO': MILIOI BAT IZAR BEHATZEKO
Urriaren 4an sinatu zuten ESAren PLATO espazioko behatokia eraikitzen hasteko kontratua, Bremenen (Alemania). Izan ere, Alemaniako OHB System konpainia kontratatu dute gailuaren eraikitzaile nagusi gisa. Beraz, martxan da egitasmoaren alde industriala. ESAko arduradunek esan dute espero dutela satelitea 2026. urterako espazioan jartzea.
Exoplanetak aurkitzea eta aztertzea izango da PLATOren helburua. Eguzkiaren antzeko izarren inguruan dabiltzan harrizko planetetan zentratuko da, batez ere bizitzeko moduko eremuan daudenetan, hau da, azalean ur likidoa izan dezaketen planetetan.
Greziako Platon filosofo klasikoaren izena jarri diote egitasmoari, baina planeten iragateak eta izarren oszilazioak esaldiaren akronimoa da ingelesez. «Ba al dago beste Lur bat unibertsoan?», galdetu zuen sinatzeko ekitaldian ESAko zuzendari nagusi Johann-Dietrich Woernerrek. PLATO behategia beste Lur hori bilatzeko «urrats handi bat» izango dela gaineratu zuen.
Ortziaren zabalera handi bat behatzeko, sateliteak 26 kamera eta bestelako sentsore izango ditu, eta milioi bat izar aztertuko ditu haiekin. Baina helburua ez da bakarrik Lurraren antz fisikoa duten planetak aurkitzea: horiek bizitzeko modukoak ote diren ere aztertuko du. Horrez gain, exoplaneten artean mila aukeratuko ditu, hurrengo misioak haien atmosferak iker ditzan. Izarren barruko mugimendu sismikoak ere aztertuko ditu PLATOk, barruan zerez osatuta dauden eta adinarekin nola garatzen diren jakiteko.
ESAk hau idatzi du misioaren deskripzioan: «PLATOk galdera sakon eta liluragarriak erantzungo ditu: zenbateraino dira arruntak gurea bezalako munduak? Bizia garatzeko egokiak al dira?».
4. ARIEL: ZEREZ EGINDA ZAUDE, EXOPLANETA?
Ariel Ekialde Hurbileko antzinako deabru baten izena da —Jainkoaren lehoia esan nahi du hebreeraz—, eta baita Agosti Xahok 1844. urtean Baionan sorturiko aldizkari errepublikazalearena ere. Baina ESAk 2028rako espazioan jarri nahi duen ARIEL egitasmoa ingelesezko akronimo bat da: Urrutitik Atmosfera Antzemateko Infragorriko Exoplaneta Ikerketa Handia esan nahi du.
PLATOk aukeraturiko mila planeten atmosfera ikertuko du ARIELek. Exoplaneten atmosferaren kimika ikertzeko lehen egitasmo handia izango da. «Zerez eginda daude exoplanetak? Nola sortzen dira exoplanetak eta planeta sistemak? Nola garatzen dira planetak eta haien atmosferak denbora pasatu ahala?»: galdera horiei erantzun nahi die misioak, ESAren arabera.
Hainbat exoplaneta mota aztertuko ditu ARIELek: gasezko erraldoiak zein Lurra bezalako harrizko objektuak. Lehen urratsa izango da ESAk «planeten taxonomia» deitzen duena sortzeko. Izan ere, planeta motak sailkatzen hasteko aukera emango du, animalia eta landare espeziekin egiten den bezala. Giovanna Tinetti ikertzaileak gidatzen du egitasmoa. Londresko University Collegeko ikertzailea da, eta lehen ere bultzatu ditu exoplanetak sailkatzeko egitasmoak. Gizakiok ikusten dugun argian eta ia infragorrian behatuko ditu planetak. Lurretik 1.500.000 kilometrora jarriko dute orbitan. Lurrak Eguzkiaren argitik babestuko du, exoplanetak behatzeko aukera hobea izan dezan.
Milioika mundu daude hor kanpoan. Gizateriarentzako bigarren bizitokia aurkitzeko unibertsoaren etxe agentzia erraldoira eginiko bisita horietan zer topatuko dute? Beharbada, honezkero maizterrak dituzten munduak kausituko dituzte. Kontinente zaharra ere horretan hasi da, Exoeuropa baten bila.
Zientzia
Exoeuroparen bila
Europako Espazio Agentziak lau misio jaurtitzeko asmoa du udazkenetik aurrera eta datozen bederatzi urteetan, eguzki sistemaz kanpoko planetak aurkitzeko eta aztertzeko. Lurraren bikia bilatzea da xedea, bertan bizitzeko modukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu