Bihartik aurrera, Iskander Sagarminaga (Galdakao, Bizkaia, 1983) edozein unetan abiatuko da igerian Mantxako kanalean barrena; kapitainak agintzean. Ondoan izanen ditu, itsasontzian, Joserra Sanz eta Rikardo Minguez taldekideak, eta Eider Eibar ilustratzailea, bidea marrazkien bidez kontatzeko. Ingalaterratik aritu da erronkari buruz.
Zerk bultzatzen du informatikari bat Mantxako kanala zeharkatzera?
Galea Ur Irekiak taldean nabil, eta ia egunero eta asteburuero joaten gara itsasora igerian. Itsasoak ematen dizun askatasuna eguneko urduritasunetik ihes egiteko bidea da, eta psikologikoki on handia egiten dit itsasoan igeri egiteak.
Zergatik nahiago duzu itsasoan?
Naturarekin bat egiten dudalako. Mendia ere asko gustatzen zait. Igerilekua itxia da, zarata handiagoa dago, uraren tenperatura altuagoa da... Ez dut lortzen lasaitasun hori.
Baina zergatik eginen duzu Mantxako kanalaren erronka?
Mendizale batentzat Everestera igotzea bezala da Mantxako kanala. Ikur bat da, eta dohain bereziak izan behar dituzu egiteko, ura hotz dagoelako eta ordu askoz egon behar duzulako neopreno barik. Williamsen sindromea duen lagun bat daukat, eta gaitz horri ikusgaitasuna emateko izena eman nuen iaz.
Nola egiten da gaixotasun bat ikusgarri igerian?
Erronka guztiak sare sozialetara igotzen ditugu, eta jarraitzaile asko ditugu; beraz, Williamsen gaixotasuna ezagutarazteko modu bat da.
Zure taldekideek egin izan dute?
Euskal Herrian hiruk egin dute, eta bi gure taldekoak dira: Joserra Sanz eta David Ryan. Nire ostean Eduardo Porset taldekideak ere egingo du igeri. Lortzen badugu, lau Mantxako kanal eginak dituzten taldeak gutxi izango dira munduan.
Zailtasun handiko erronka da. Zer hartu behar da kontuan?
Urte osoan neopreno barik entrenatu behar zara; neguan ura 10-11 gradutan dagoenean ere bai. Itsasoaren egoera ezberdinetara ohitu behar zara, distantzia luzeetara, mareetara... Psikologikoki ere sufritzeko prest egon behar duzu, ordu asko direlako; marmokak egon daitezke, itsasontzi handien olatuak oso deserosoak dira, gauez irten behar zara... Ilunpean igeri egitean ez duzu ezer ikusten; orduan, mamuak etorri ahal zaizkizu.
Bukaera da zatirik zailena?
Kanpora botatzen zaituen korronte bat dago, eta indartsu heldu behar zara. Askotan hondartzatik hurbil geratzen zara; horregatik deitzen diote Ametsen hilerria.
13 orduz ariko zara igerian. Luze egin dakizuke?
Meditazio bat izango balitz bezala egin behar da igeri, guztiz erlaxatua. Denbora ahaztu, gozatu momentua, arreta ipini besakada bakoitzean, eta helduko zara.
Edozein unetan ateratzeko prest egon behar duzu. Nola daramazu?
Kapitainak inork baino hobeto ezagutzen du kanala. Dena prest dago. Beste kontu batzuetan nabil. Hark esatean joango naiz; hark dioen bezala: «Just swim»; igeri egin.
ATZEKOZ AURRERA. Iskander Sagarminaga. Igerilaria
«Everest igotzea bezala da igerian Mantxako kanala zeharkatzea»
Mantxako kanala igerian zeharkatzen saiatuko da Sagarminaga. Psikologikoki eta fisikoki oso ongi prestatua egon behar dela kontatu du. Williamsen sindromea ikusarazi nahi du erronkaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu