«Aldizkari au zuri, Euzkadi laztana, eskeintzen dizugu, gure gogoko ametsen barne-muña baitzaitugu: bai, gure alegiñak oro eskeintzen dizkitzugu asmorik zintzo ta garbienaz: zure gorabide ta betiko askatasuna opaz». Hitz horiekin ekin zion bere bideari Euzko gogoa aldizkariak duela 75 urte, 1936ko gerraren errautsetatik aterata erbestean argia ikusi zuenean. 1950etik 1959ra argitaratu zuten klandestinitatean, euskara hutsean eta goi kultura lantzen, Jokin Zaitegi idazleak gidatuta.
1936ko gerraren aurretik euskal literaturak sekulako pizkundea izan zuen Xabier Lizardi, Esteban Urkiaga Lauaxeta eta Nikolas Ormaetxea Orixe idazleei esker. Euskal literaturari buruzko hainbat libururi erreparatuz gero, badirudi hutsune bat egon zela harrezkeroztik, harik eta 1957an Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu —eta euskal literatura modernoari ekin— zuen arte. Bi garai haien artean, gerra jasan zuen belaunaldiaren eta frankismopean jaio zenaren artean, ordea, egon ziren zubiak: itxaropena ekarri zuen horietako bat izan zen Euzko gogoa.

«Apur bat ahaztuta gelditu da hamarkada hori, baina izan ziren, oso isilean bada ere, euskarari, euskal kulturari eta identitateari eutsi ziotenak. Oso belaunaldi ideologikoa izan zen: sinisten zuten euskarak merezi zuela, euskal kulturak merezi zuela», azaldu du AEB Ameriketako Estatu Batuetako Boiseko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile Ziortza Gandariasek; Euzko gogoa-z tesia egindakoa da.
«Euzko gogoa Jokin Zaitegi izan zen. Pertsonaia berezia izan zen: euskara, Euskal Herria eta euskal kultura maite zituen, beste ezer baino gehiago. Sinetsi zuen euskara hutsez atera zitekeela aldizkari bat», azpimarratu du Gandariasek. Bi aldi izan zituen Euzko gogoa-k: 1950etik 1955era, Guatemalan argitaratu zuten, eta ordutik 1959ra arte, Ipar Euskal Herrian. Euskara hutsean argitaratzen zuten, eta orduko intelektual gehienentzako plaza izan zen.
Kixoteak
«Gerra galduta, ematen zuen euskararenak egin zuela, euskara joan zela, abertzaletasuna ere bai, eta oso egoera zailean zeuden. Haiek, idealista haiek, kixote haiek, Guatemalatik aritu ziren: Zaitegi —zuzendaria; hark jarri zuen dirua eta hark zuen harremana Jose Antonio Agirrerekin—, Andima Ibinagabeitia —haren sekulako laguntza izan zuen Zaitegik—, eta Orixe —hark ematen zion prestigioa—», azaldu du Pako Sudupe idazle eta ikerlariak; 1950eko hamarkadako euskal literaturan aditua da.
«Modu sinboliko eta literario batean esan zuten zer izan behar zuen gure Euskal Herriak: aldizkarian irudikatu zuten, eta, aldizkariaren bidez, irakurleek ere irudikatu zuten»
ZIORTZA GANDARIASAEBetako Boiseko Unibertsitateko ikertzailea
Garai hartan, Ipar Euskal Herrian Herria herri aldizkaria zegoen; Gure Herria ere bai, «eskolatuagoentzat»; eta Gazte, «mugatuagoa». Hego Euskal Herrian, Euzko gogoa nabarmendu zen 1956ra arte —nahiz eta Guatemalan argitaratzen zuten—, baina garaikide izan zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ateratako Egan. Aldizkari hark Koldo Mitxelena, Antonio Arrue eta Aingeru Irigarai izan zituen bultzatzaile nagusi, eta 1954tik argitaratu zuten euskara hutsez. 1956an sortu zuten Jakin aldizkaria, euskara hutsez hura ere. «Euzko gogoa hor egon zelako hasi zen Egan euskara hutsez, eta Euzko gogoa-ri esker sortu zen Jakin euskara hutsean. Erreferente hori zegoen eta», azaldu du Sudupek.
Izan ere, Euzko gogoa-ren ekarpen nagusia akaso zera izan zen: euskara hutsez argitaratu zutela, euskaraz baino ez. «Zaitegiren proposamena oso berritzailea izan zen, eta erabat apurtzailea. Euskaldunen artean eta euskal intelektualen artean, ez dakit zenbateraino sinisten zuten euskaraz bakarrik ezer egin zitekeenik. Ez dut uste nahi ez zutenik, baina ez dakit ausartzen ziren dena euskaraz egitera», azaldu du Gandariasek.
«Mitikoa eta heroikoa»
Gainera, horrelako aldizkari bat Guatemalan egiteak Euzko gogoa «mitiko eta heroiko» bihurtu zuela azaldu du Sudupek. Ez zen hutsetik sortu, ordea. Jesusen Lagundikoak ziren Zaitegi eta Ibinagabeitia, eta 1920ko hamarkadan Loiolako (Azpeitia, Gipuzkoa) santutegian ikasten ari zirenean jada hasiak ziren marko hori ezartzen. Suduperen arabera, hau zen haien planteamendua: «Gai guztiak jorratu daitezke euskara hutsez, eta jorratzen ez badira, gure errua da, ez da euskararen errua».
Garai hartan hasi ziren, hain zuzen, ikasten zituzten klasiko greko-latindarrak euskaratzen, eta Euzko gogoa-n goia jo zuen goi kultura euskaraz lantzeko gogoak. «Frogatu zuten euskara hutsez gai guztiak landu daitezkeela, baita eskolatuentzat ere. Adibidez, filosofiari buruzko artikulu pila bat dago. Zaitegik Martin Heideggerri buruzko artikulu pila bat ditu, Heidegger interesatzen zitzaiolako baino gehiago, euskaraz hori lantzea bazegoela frogatzeko. Ordura arte inork ez zuen idatzi filosofiari buruz natural-natural».
Filosofia, biologia eta askotariko diziplinak jorratu zituzten Euzko gogoa-n, eta literatura nabarmendu zen bereziki. «Ideologia eta ikuspegi desberdinak zituztenak bildu zituzten, denak hor baitzeuden. Euskal intelektual guztiak hor bildu ziren», azaldu du Gandariasek. Oparoenak Orixe, Ibinagabeitia eta Zaitegi izan ziren arren —baita Nemesio Etxaniz ere—, asko idatzi zuten Jon Mirandek, Salbatore Mitxelenak, Gabriel Arestik, Txillardegik eta Federiko Krutwigek ere, esaterako. Literatura landu zuten gehien.
«'Euzko gogoa' hor egon zelako hasi zen 'Egan' euskara hutsez, eta 'Euzko gogoa'-ri esker sortu zen 'Jakin' euskara hutsean. Erreferente hori zegoen eta»
PAKO SUDUPEIkertzailea
Gehien-gehienak gizonak ziren, baina izan zen Euzko gogoa-n idatzi zuen emakumerik ere. EAJren Emakume Abertzale Batzakoak ziren denak: Sorne Unzueta, Karmele Errazti, Julene Azpeitia... Haur literatura landu zuten bereziki: olerkiak eta ipuinak. Emakumezko idazle batzuen lanak ere itzuli zituzten; Gabriela Mistralenak, adibidez.
Oro har, testu asko euskaratu zituzten: Edgar Allan Poerenak, William Shakespearerenak, Oscar Wilderenak... Gabriel Arestik euskarara ekarri zituen Charles Baudelaireren eta Paul Verlaineren testu abangoardista batzuk ere. Ez da kasualitatea AED Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatutako itzulpen lehiaketa, literaturako Nobel saridunen lanak itzultzea xede duena, Jokin Zaitegi sariketa izatea.

«Euzko gogoa denentzat zen, euskaldun globalarentzat. Frankismopean Euskal Herria ez zen Euskal Herria, eta desagertu zen Euskal Herri hori berreraikitzea izan zen aldizkariaren helburua. Modu sinboliko eta literario batean esan zuten zer izan behar zuen gure Euskal Herriak: aldizkarian irudikatu zuten, eta, aldizkariaren bidez, irakurleek ere irudikatu zuten», esan du Gandariasek.
Erlijioa, giltzarri
Euskal Herria desberdin ulertzen zuten bi belaunaldirentzako plaza izan zen Euzko gogoa, eta hori ere antzeman zen testuetan. Batetik, gerraurreko belaunaldiak hartzen zuen parte —EAJren girokoak, euskaldun-fededun binomioarekin bat egiten zutenak—, eta, bestetik, gerraostekoak, EGItik atera eta laikotasuna defendatu zutenak. «Erlijioa zen giltzarria: Euskal Herri laiko bat edo Euskal Herri erlijioso bat», azaldu du Sudupek.
Ildo horretan, eztabaidak izan zituzten «liburu lizunen» harira, Sudupek jasoa duenez. Ibinagabeitiaren artikulu bati erantzunez, zera defendatu zuen Zeferino Xemeinek 1952an: «Ixan gaitezen, ba, euzkeldun garbiyak eta aberrtzale zintzuak. Eta gauza guztiyen gañian kistarr onak. Euzkerea, bai, baña ez lizunkeri-bide». Honela erantzun zion Mirandek 1953an: «Zer uste dute Abandotarrak eta Euskaldun-fededunzaleak, ala endekatu batzu gerala? Odolak, hizkuntzak, bai eta nahiak ere egiten dute Euskaldun. Ez baptismak».
«Zaitegik dena bere gain hartu zuen, eta ezer barik geratu zen. Pobre. Benetan, den-den-dena eman zuen aldizkari horrengatik»
ZIORTZA GANDARIASIkertzailea
Non kokatu zen, ordea, Zaitegi? «Zaitegik bazeukan EAJren joera hori. Jesulaguna zen, baina gero utzi egin zuen Jesusen Lagundia. Kritikoa zen, baina euskaldun-fededuna ere bai. Erabat. Izan behar zuen, hori baitzen bere garaia», azaldu du Gandariasek.
Hala ere, Sudupek nabarmendu du «oso zabal» jardun zuela aldizkarian, intelektual guztiei egin baitzien lekua: «Zenbat artikulu zentsuratu zituen Zaitegik? Oso gutxi». Logistika, bestalde, «eromena» zela nabarmendu du Gandariasek: «Euskal intelektualak munduan zehar barreiatuak zituen, denek idazlanak bidali behar zizkioten, hark inprentara bidali behar zituen, publikatu egin behar zituzten, eta gero, hori zabaldu. Nola zabaltzen duzu debekatuta dagoen aldizkari bat? Estraperlo bidez egiten zuten».
Sotanapean
Sudupek kontatu du Nemesio Etxanizen sotanapean banatu zituztela aldizkari asko, eta Jon Etxaidek arazoak izan zituela Poliziarekin, aldizkariak banatzen aritzeagatik. «Guatemalan aldizkaria DIN A4 tamainakoa zen, baina Miarritzen [Lapurdi] txikitxoagoa zen, poltsikoan sartu ahal izateko. Errazago ezkutatu ahal izateko Poliziaren begietatik», azaldu du Gandariasek.
1955ean Guatemala utzi zuen Zaitegik, eta Euskal Herrira itzuli. Hego Euskal Herrian zabaldu nahi izan zuen aldizkaria, Euskal Idazleen Elkartea sortu —Euskal Herri osoko idazleak biltzeko—, eta idazleentzako etxe bat ere eraiki asmo zuen. Frakismo betean egonik, ez zioten utzi. Horren harira, gatazka handia izan zuen orduko Euskaltzaindiko kideekin. «Idealismoa eta errealismoa». Hori zen talka, Suduperen esanetan: «Euskaltzaindia onartzen zuten [Francoren erregimenak], eta nahiko arazo bazituen. Arriskua zegoen Euskaltzaindia popatik hartzera bidaltzeko, eta Mitxelenaren helburua hura babestea eta blindatzea zen: 'Ez dadila etorri zoro idealista hau; euskaltzale borrokatua, baina ez dadila hona etorri hau izorratzera'».
«Zaitegik Heideggerri buruzko artikulu pila bat ditu, euskaraz hori lantzea bazegoela frogatzeko. Ordura arte inork ez zuen idatzi filosofiari buruz natural-natural»
PAKO SUDUPEIkertzailea
Miarritzen argitaratu zituen Zaitegik Euzko gogoa-ren azken zenbakiak. «Jakin-ek eta Egan-ek Euzko gogoa-ren rola hartu zuten, eta, orduan, segitzeak ez zeukan zentzurik», azaldu du Gandariasek. 1956an sortu zuten Jakin euskara hutsez, eta 1959ra arte Euzko gogoa-ren «sokakoa» izan zen, Suduperen arabera: «Gero, Joseba Intxaustik eta Joxe Azurmendik Jakin beste gauza bat bihurtu zuten, Txillardegirekin batera: iraultzailea, diferentea...».
«Belaunaldi berriak nahiago izan zuen Jakin-en idatzi, Jakin-en ideologia gehiago lotzen zelako eurekin», erantsi du Gandariasek. Hori dela eta, 1959an eten zuen Euzko gogoa-k bere bidea. «Zaitegik dena bere gain hartu zuen, eta ezer barik geratu zen. Pobre. Benetan, den-den-dena eman zuen aldizkari horrengatik. Hori da euskaltzalearen bizitza, ezta? Dena ematea amets batengatik».
Gandariasen ustez, Euzko gogoa-k izan du eragina gerora. Akaso ez Zaitegik espero zuena eta espero zuen garaian. Baina bai gerora. Hala esan zuen Ibinagabeitiak 1951n: «Betor euskal-paper itsasoa, betor lenbailen, euskeraren magalean itoko gaituen itsaso zoragarri ori. Orduan beintzat, nerea eta euskeltzale iatorren poza, aundia, neurrigabea izango da».