Nahiz eta soilik Hernanitik sei bat kilometrora egon, Ereñotzuk sen propioa du. Xabi Solano, (Ereñotzu, Hernani, Gipuzkoa, 1978) Ereñotzun jaio zen, eta Ereñotzun pasatu zuen haurtzaroa. Etxean «oso gutxi» egoten zirenetakoa zen; auzoko bazterrak nahasten ibiltzen pasatzen zuen eguna, trikitia jotzen ez bazen, kalean jolasten. Solanok estimu handia dio Ereñotzuri. Disko bat eta kanta bat ditu izen berekoak. Kantak kandela batekin konparatzen du Ereñotzu; izan ere, mendi artean gauez ematen duen argiak itxura horixe ematen omen dio, musikariaren ustez.
Zer da Ereñotzu zuretzat?
Ereñotzu nire habia da. Nire jaioterria. 16 urte bete nituen arte Ereñotzun bizi izan nintzen, eta nire txikitako oroitzapen guztiak Ereñotzurekin lotzen ditut.
Zer du Ereñotzuk, zure kantak dioen moduan, «bere sareetan harrapaturik» geratzeko?
Nire ustez, Ereñotzu auzoak bere sena du. Nahiz eta Hernaniren parte izan, ezberdina da. Herritik sei kilometrora egonda ere, badu bere xarma. Ereñotzun ditudan txikitako oroitzapenak oso politak dira.
Zein oroitzapen dituzu?
Egun guztia kalean pasatzen genuen, baloiarekin jolasean, etxean oso denbora gutxi pasatzen genuenetakoak ginen. Ereñotzuk eusten dizun xarma bat du, nire ustez. Nahiz eta Ereñotzutik joan nintzenetik urte asko pasatu, askotan itzultzen naiz.
Zein da zuretzat Ereñotzuko tokirik kuttunena?
Nire etxea. Jon Mari Esne Beltzako gitarrista nire bizilaguna zen, eta egun osoa gora eta behera pasatzen genuen, trikitiarekin alde batera eta bestera. Nire etxea eta hango ingurua bereziak dira niretzat.
Nor gonbidatuko zenuke Ereñotzu bisitatzera?
Edozein. Oso txoko politak daude Ereñotzun, bere txikitasunean handia da. Edozein eramango nuke nirekin batera bisita bat egitera. Oso ondo jaten da Ereñotzun! Kar-kar.
Ereñotzu beti egon da trikitiarekin lotuta zuretzat?
Egia esan, ez. Ereñotzun beti akordeoia izan da nagusi. Imanol Kamio izeneko musika irakasle bat Ereñotzukoa da, eta auzoko guztien irakasle izandakoa da. Niri berak irakatsi zidan solfeoa. Auzoan tradizioa akordeoia izan da beti. Nire garaian, trikitiarekin ibiltzen ginen bakarrak arreba eta biok ginen. Auzoko ardi beltzak ginen. Kar-kar. Beste guztiek akordeoia edota pianoa jotzen zuten.
Nolakoa izan da agertokira bueltatzea?
Konfinamenduak eta honek guztiak entseatzen harrapatu gintuen. Disko berria orain dela gutxi atera nuen, eta martxoan kontzertu bat nuen Bergaran. 40 bat kontzertu bertan behera utzi zizkiguten. Ez genekien nora jo ere. Lehenengo kontzertua EITBk eta Vital fundazioak antolaturikoa izan zen, publikorik gabe.
Nola joan zen kontzertu hura?
Oso arraroa izan zen, ez nuen jenderik aurrean; benetan arraroa izan zen. Gainera, arazoak izan genituen. Lekua oso txikia zen, eta gu dezente gara; dantzariak izan genituen, eta maskarekin dantza egin behar izan zuten... Lehertuta bukatu zuten gaixoek. Dantzariak maskara jantzita aritzearen kontua dezente komentatu zen, jendeak uste baitzuen detaile gisa zeramatzatela. Baina ez zen hala izan; segurtasun neurriak mantentzeko jarri zituzten maskarak.
Geroztik izan dituzue kontzertu gehiago?
Bai, beste kontzertu batzuk ere izan ditugu: Hernaniko sanjoanetan jo genuen; Santurtzin, Arrasaten, Bermeon...Kontzertu horietan, jendea izan dugu, baina maskarekin. Oso arraroa da; jendea aurrean duzu, baina ez dakizu ea gustura dauden edo ez. Bermeon jo genuenean, denak txaloka zeuden, baina ez genien aurpegia ikusten, eta oso ezberdina iruditu zitzaidan.
Asko jo al duzu trikitia konfinamenduan?
Bai, sekula baino gehiago. Gero apur bat jaitsi zen, terrazen irekierarekin batera. Kar-kar. Baina, bai, asko jo dut. Konfinamendua hasi eta bost egunera, streaming bidezko saio bat egin nuen, eta oso ondo atera zen, jende askok ikusi zuen. Gainera, irakaslea naiz, eta eskolak ere etxetik ematen aritu naiz.
Etorkizunera begira, ba al duzu proiekturik?
Bai. Bi trikiti liburu ditut, eta, orain, hirugarrena prestatzen ari naiz. Horrekin nabil lan eta lan. Partitura pila bat prestatzen nabil. Horrekin batera, disko bat prestatzen ere ari naiz, aspaldiko fandangoak eta arin-arinak berrituko dituena.
Oraindik kontzerturik eman ez duzun leku bat baina bertan jotzea gustatuko litzaizukeena?
Zaila da galdera. Leku askotan jotakoa naiz! Ereñotzuko Irrintzi tabernan, adibidez. Uztailean, asteburuero kontzertu bat izaten da, eta jotzekoak ginen, baina azkenean bertan behera gelditu zen.
Maite dut maite... Ereñotzu
«Eusten zaituen xarma bat du Ereñotzuk»
Solano trikitilariarentzat, argi berezia du Hernaniko Ereñotzu auzoak. Ereñotzun bizi izan zen 16 urte bete zituen arte, eta, itzultzen den bakoitzean, txikitako oroitzapenak etortzen zaizkio burura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu