ATZEKOZ AURRERA

Euskoaren baloreak plazara

Euskoak hamargarren urteurrena ospatu zuen atzo Ezpeletako merkatu plazan. Eguneko egitarau oparoa prestatu zuten antolatzaileek, publiko zabalak eguna ongi ospatu zezan.

Xebax Christy eta Mendi Esteban Euskal Moneta elkarteko kideak, Euskoaren hamar urteei basoa altxatzen, Ezpeletako Eusko Egunean. PATXI BELTZAIZ.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Ezpeleta
2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
«Euroz eta euskoz ordaindu daiteke», adierazi zion barra gibeleko laguntzaileak emazte bati. «Gaur, euskoz ordaindu behar; ez al da hori ospatzeko modurik hoberena?», erantzun zion hark irribarrearekin, eta Ezpeletako (Lapurdi) merkatu koloretsuan barrena sartu zen, bertako jendetzak ezkutatu zuen arte. Tokiko diruaren 10. urteurrena ospatu zuten atzo Ezpeletako merkatu plazan, eta, horren karietara, euskoak sustatzen dituen baloreak ekarri nahi izan zituen plazara elkarteak: tokiko komertzioa, euskara eta ekologia, besteak beste.

Publiko zabalari egokituriko proposamenak aurki zitezkeen egunean zehar, eta hainbat gunetan antolatu zuten merkatu plaza. Inguruko ekoizle eta sortzaileen erakusmahaiek bete zuten merkatu estaliaren alde bat. Beste aldean laborariak zeuden, bertako produktuekin bazkariak prestatzen. Hainbat mahaik nahieran pausatu eta bazkaltzeko aukera uzten zuten. Eta musika taldeek animatu zuten giroa. Tailerrak ere ez ziren faltan izan. Herriaren bisita gidatua antolaturik baitzegoen, baita euskararen lehen irakaspen ludikoak ere.

Une berean, baina giro serioago batean, bi hitzaldi zeuden proposatuak. Lehena, Euskoak 10 urte: zer eragin eta emaitza izan zen. Hiru ikerlari bildu ziren mahai baten inguruan: Mathilde Fois Duclerc tokiko moneten soziologia politikoko doktorea; Julien Milanesi ekonomialaria eta Ipar Euskal Herriko ekosistema alternatiboaren ikertzailea; Oriane Lafuente-Sampietro ekonomiaren ikertzailea. Hiruek euskoaren gaia landurik, haien ikuspegi zientifikoa ekarri zioten egitasmoari. Xebax Christy Euskal Moneta elkarteko lehendakariak azaldu zuenez, euskoaren etorkizunari begira «estrategiaren» inguruko hausnarketa egiten ari dira, eta erran zuen kontuan hartuko dituztela ikerlariek egin ekarpenak.

Bigarren hitzaldian, berriz, hauek aritu ziren hizketan: Amazon vs. Hurbileko merkataritza izendaturikoa, Etienne Coubard Les Amis de la Terre elkarteko kideak, Francis Jauregiberri, komunikazioaren teknologien soziologoak, eta Maina Iturralde eta Emilie Dubois Xixtroak egitasmoko kideak. Amazonen gisako plataformek kontsumitzaileak erakartzeko erabiltzen dituzten estrategiak ukan zituzten aipagai: langileen ustiaketa eta zerga iruzurren bidez lortzen dituzten prezio ezin apalagoak, eskaintza kopuru izugarria eta banaketa sistema biziki azkarra, besteak beste. Jauregiberri norberari egokitu publizitateaz aritu zen, kontsumitzeko eretan duten garrantziaz eta horrek ekartzen dituen arazoez. Xixtroak egitasmoko bi kideek beren alternatiba aurkeztu zuten horrela: Internet bidezko tokiko laborantza produktuen salmenta proposatzen dute.

Haurrek, berriz, leku goxoa zuten alde batetik, non naturari eta Euskal Herriko historiari buruzko ipuinak eta sasoiko jakiei buruzko animazioak izan zituzten. Bestaldetik, zelaigunea zuten: Ereite tailerrak, puzgarriak, asto ibilaldiak eta herri kirolak zituzten proposatuak bertan. Trinketean, berriz, txotxongilo emankizuna izan zuten ikusgai.

Ordubatean, Ezpeletan batutako jendearen elkarrizketen artean, lasaiunea eskatu zuten Mendi Esteban eta Xebax Christy Euskal Moneta elkarteko kideek. Hain zuzen, euskoaren 10. urtemugaren omenezko hitzaldia egin zuten. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak hartu zuen hitza lehenik. Gaiari buruz «luzaz» hitz egiten ahalko litzatekeela erran zuen, eta proiektua «gizarte zibilari» esker garatu zela ukan zuen gogoan, «aberastasuna sortzeko eta, beraz, independentzia hartzeko». Ondoren, Esteban eta Christyk segitu zuten hitzaldiarekin. Tokiko diruarentzat momentu «garrantzitsua» zela oroitaraziz eta iraganari begirada bat eman ondotik, edalontzia bete eta hamar urteei topa egitea proposatu zuten. Gela alaiki hasi zen Zorionak zuri abesten, edalontziak zerura begira zituztela.

Ondoren, egunak lasai segitu zuen, gauean kontzertuekin ospakizuna amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.