Bereziki, bakarrik bizi diren adineko herritarrentzako telebista bat sortu du Eusko Jaurlaritzak: Agenda Nagusi TV. Edukiak ikusteko, www.agendanagusitv.eus helbidean sartu behar da. Saioen eduki guztiak gaztelaniaz dira; euskaraz dagoen bakarra, berriz, inkesta batean herritarrek emandako erantzunei jarri dizkieten euskarazko azpidatziak dira. Gainontzekoan, platoan egiten dituzten elkarrizketa eta solasaldi guztiak gaztelania hutsean dira. Hala izan dira, behintzat, sareratu dituzten aurreneko bi ataletan. Webgunearen menua, berriz, gaztelaniaz eta euskaraz kontsulta daiteke.
Telebistaren webgune berezian, Internet bidezko hitzaldiak eta bestelako artxiboak jarriko dituzte. Halaber, herritarren iritziak jasotzen ari dira bakardadearen inguruan. Izan ere, «bilatu gabeko bakardadea» izango da edukien gai nagusietako bat.