Euskarazko komunikazioaren inguruko gogoeta «sakona» egiteko asmoz, Euskal Hedabideen Behategiak udako ikastaro bat antolatu du datorren asterako, Hekimen euskal hedabideen elkartearekin eta EHUko Nor ikerketa taldearekin batera. Donostiako EHUko campuseko Elbira Zipitria eraikinean egingo dute ikastaroa —hasieran Miramar jauregian egitekoak ziren—, astelehenean eta asteartean. Aurrez aurre bertan egoteko lekuak mugatuak izaki, horretarako ez da tokirik gelditzen. Baina Internet bidez ikastaroa ikusteko modua egongo da, aste honetan matrikula eginez gero.
Libe Mimenza Behategiko koordinatzaileak espero du zita probetxuzkoa izatea: «Elkarrekin gogoeta bat abiatzea da gure asmoa. Gogoeta bat euskarazko komunikazioak azkeneko hamarkadetan izan dituen gertaeren inguruan, baina batez ere gogoeta bat gaur egun daukagun eta etorkizunean izan nahi dugun euskarazko komunikazio esparruaren inguruan».
Parte hartzaileetako bat Josu Amezaga EHUko irakasle eta Nor ikerketa taldeko ikerlaria izango da. Aitortu du azkeneko 40 urteetan asko aurreratu dela euskarazko komunikazioan. «Gaur egun, baditugu irratiak, telebistak, egunkaria, aldizkariak —tokikoak zein nazionalak— eta Interneteko gune mordo bat. Egin den hori guztia neurri batean intuizioari esker eta modu txalogarrian egin da. Baina gaur egun komunikazioan hainbeste aldaketa ari dira gertatzen, non intuizioa ziur aski ez den nahikoa. Estrategia bateratua ere beharko da, atzean ez geratzeko». Horregatik, udako ikastaroa gogoetarako baliagarria izango dela iruditzen zaio: «Orain artekoa baloratu, hamarkada honetan izango ditugun erronka nagusiak identifikatu, eta, azkenik, estrategia bateratuaz eta plangintzaz hitz egiten hasiko gara». Zeregin horretan jarriko dituzte hedabideetako eta erakundeetako ordezkariak eta unibertsitate arloko ikerlariak.
Kataluniako gonbidatu bat
Ikastaroko hitzaldietan eta solasaldietan parte hartuko duten hizlari guztiak Euskal Herrikoak izango dira, salbuespen batekin: Enric Marin Otto Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak, astelehenean, Broadcastetik broadbandera: ikus-entzunezko ekosistema berria, hizkuntza, kultura eta soberania hitzaldia emango du.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek solasaldi batean parte hartuko du, Iñaki Martinez de Luna soziolinguistarekin batera. Eta beste solas tarte batean, Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura sailburu Bingen Zupiria eta Kike Amonarriz Topaguneko lehendakaria arituko dira.
Ikastaroari amaiera emateko mahai inguruan, BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendi, EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbe eta Tokikomeko zuzendari Iban Arantzabal euskarazko komunikazio espazioaz mintzatuko dira.
'Euskarazko komunikazioa 2020ko hamarkadan' ikastaroa egingo dute
Hedabideak, eragileak eta unibertsitatea elkartuko dira astelehenean eta asteartean, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu