Euskarazko hitzak azaleratuz

Gaurko Hitza blogaren bosgarren urteurrena ospatzeko, gorputzeko edozein ataletan hitz bat idatzi eta Twitter bidez partekatzea proposatu du Maite Goñi sortzaileak.

amets.
Ainhitze Ruiz.
2013ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Bost urte betetzen ditu gaur Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko eta Ordiziako Jakintza ikastolako irakasleak sortutako Gaurko Hitza blogak. Egunero euskarazko hitz bat aukeratzen du Goñik bere blogean ezartzeko. Hitzak ikusi, topatu, jaso, mailegatu eta ezagutarazten ditu egunero, eta dagoeneko 1.825 hitz inguru jarri ditu bost urte hauetan.

Urteurrena ospatzeko, gorputzaren edozein ataletan hitz bat idatzi eta argazkia Twitter bidez (#gaurkohitza5) bidaltzea proposatu du Goñik. Irakurle askok bat egin dute proposamenarekin, eta ehun hitzetik gora jaso ditu gorputzean idatziak: kliskatu, eskuzabal, maitatu, ikusezin, bizarra... Oso argazki originalak jaso ditu, gainera.

Argazkiak bidali dituztenen artean hainbat sari zozkatuko dituzte bihar, Euskadi Irratiko Amarauna saioko blogarien atalean.

Gaur, blogaren urteurrenean, Pilar del Riok —Jose Saramago idazlearen alargunak— proposatutakoa izango da gaurko hitza. Bideo baten bidez emango ditu azalpenak blogean.

Goñik berak aukeratutako edo jendeak proposatutako hitz baten azalpenak eta erabilerak ematen ditu egunero. Horrez gain, hitz hori beste hizkuntzetan nola esaten den eta hitzaren sinonimoak ere ematen ditu, irudiekin lagunduta. «Duela hilabete batzuk, audioa ere sartzen hasi nintzen», azaldu du Goñik.

Asteburuetan gauza bereziak egiten ditu blogean. Hainbat larunbatetan euskal abestietatik ateratako hitzak jarri ditu blogean. Abestia bera ere jartzen zuen hainbat hutsunerekin, jolas moduan hutsune horiek betetzeko. Orain, ordea, larunbatetan, jendeak bigarren urteurrenean bidalitako bideoak txertatzen ditu. Igandeetan, berriz, eguneko hitza bideoan grabatzen du, eta bideo hori plazaratzen du: «Beti gustatu izan zait asteburuetan zerbait berezia egitea».

Blogaren bidez, euskarazko hitzak sare sozialetan mugitzea lortzen du.Goñiren esanetan, komunitate bat sortzen da, eta hitzaren inguruan elkarrizketa bat izaten da. Zenbait jarraitzailek egunero zabaltzen dituzte hitzak leku batean eta bestean, eta pixkanaka hitz hori sare sozialetan zabalduz joaten da.

Euskaraz ikasten edo irakasten ari direnentzat ere baliagarria da. Euskaltegietan ere erabiltzen dute Goñiren bloga: «Helburua ez da euskaraz hitz egiten erakustea, hiztegia aberasteko eta dauden aldaerez kontziente izateko balio du gehiago. Hitz berriak ikasteko modu bat izan daiteke».

Etorkizunera begira bloga garatzen jarraitzea gustatuko litzaioke Goñiri: «Beste hizkuntzetan ere badaude horrelako gauzak, eta beti begira egoten naiz ea zerbait berezirik egiten ote duten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.