CIES enpresak iaz emandako datuen arabera, euskaraz hitz egiteko gai diren herritarren %45 egunero euskarazko komunikabideren bat kontsumitzen dute. Kontsumitzaileen %32ko igoeragertatu da azkeneko zortzi urteetan: 2008an, 358.000 herritarrek kontsumitzen zuten egunero euskarazko komunikabide tradizionalen bat, eta iaz 474.000 ziren. Datu hori eta euskarazko komunikabideekin lotutako beste batzuk jaso dituzte Gorka Salces Errota Digitala elkarteko ikerlariak eta Josu Amezaga Euskal Herriko Unibertsitateko Nor ikerketa taldeko irakasleak, Euskal hedabideen behatokiko 2016ko urtekarian. Atzo aurkeztu zuten Durangon (Bizkaia), eta hainbat ikerlarik parte hartu zuten ekitaldian.
Euskarazko komunikabideen hedadura izeneko artikulua idatzi dute Salcesek eta Amezagak. Euskarazko komunikabideen hedadurari buruzko argazki «zehatz» eta «erabatekoa» osatzeko zailtasunak daudela diote:«Neurketa bakoitzak bere ezaugarriak ditu, bere helburuak ere bai, eta baten hutsuneak ez ditu besteak estaltzen, erabilitako metodologiak haien arteko eraldaketa eta elkarren osagarritasuna eragotzi egiten dituztelako». Oztopo gehiago ere plazaratu ditu Salcesek: «Neurketa gehienek ez dute Euskal Herri osoko kontsumoa neurtzen, eta, alde horretatik, herrialdearen banaketa instituzionalaren isla dira».
Euskarazko komunikazio esparruan, hedabide guztiek ez dute joera bera. «Irratien kontsumoa nabarmen handitu da, telebistaren ekarpena zertxobait apaldu da, eta eguneroko paperezko prentsaren ekarpena bere horretan mantendu da. Edizio elektronikoena asko handitu da». Euskarazko irratigintzaren datu onek arrazoi bat baino gehiago dituztela uste du Salcesek: «Tokikotasunean, eragileen aniztasunean eta hedapen geografiko zabalean egon daiteke balio hori».
BERRIA paperean bakarrik kontsumitzen dutenen kopuruak behera egin du azkeneko zortzi urteetan. «Baina paperean eta sarean irakurtzen dutenen datuei erreparatzen badiegu, konturatuko gara trantsizio edo uztarketa bat badela formatuen hautaketan», azaldu du Gorka Salcesek,Errota Digitala elkarteko ikerlariak. Interneten hazkundea «nabarmena» izan dela dio: «Formatu guztien datuak batuta, 21.000 irakurle irabazi ditu BERRIAk 2008tik 2015erako epealdian». BERRIAko datuak aztertzeko orduan, Salcesek azaldu du eguneroko albisteen euskarazko komunikabide «erreferentziala» dela. «Baina esparru horretan konpetentzia urria du, zoritxarrez». Irakurle berriak edizio elektronikoan irabazi dituela jaso dute urtekarian.
Euskarazko komunikazio esparruan, dena den, gabezia batzuk sumatzen ditu: «Ez da asmatu gazteentzako edukiak sortzen, eta esango nuke sortu diren kasuetan eginiko lana ezagutarazteko usaimena eta baliabideak falta izan direla. Ikusgaitasun publikoaren esparruan hobekuntza tarte handia dago».
Interneteko joerak aztertzeko orduan, bestalde, datu hutsak ez dira nahikoak kontsumoa bere osotasunean ulertzeko, Salcesen arabera. «Formatu tradizionalen eta digitalen arteko fluxuan, eta fluxu horrek eragiten dituen bizipenetan eta esperientzietan jarriko nuke arreta». Artikuluan bi ikerlariek ondorioztatu dute bestelako ikerketak beharko liratekeela aztertzeko ikus-entzunezko hedabide tradizionaletan —irratia eta telebista— emanaldi ez-linealen hedapenak zein ondorio duten.
Galesekin alderaketa
Hedabideen urtekarian ez dute soilik Euskal Herriko egoera aztertu. Elin Haf Jones Aberystwytheko Unibertsitateko ikerlariaren Gales eta hedabideak artikulua jaso dute. Bertan, Euskal Herriko eta Galesko egoeren alderaketa xehea egin du ikerlariak, bai hizkuntza politikak, bai eta hedabideen zabalpena eta kontsumoa hizpide hartuta. Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak euskal hedabideen inguruko datutegiari buruzko jakin beharrekoak eman ditu. Ane Urkola eta Eneko Bidegain irakasleek tokiko komunikabideen egoera aztertu dute.
Euskarazko hedabideen kontsumitzaileak %32 ugaritu dira
2008tik iaz arte, irratien kontsumoa eta sarekoa hazi da gehien. Euskal hedabideen behatokiaren urtekarian jaso dituzte datuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu