Euskarazko filmak etxean

Euskarara ekarritako lau filmekin osatutako Zinema Etxean bosgarren bilduma kaleratu du BERRIAk. Kanporako baino etxerako giro hobea dagoenetan ikusteko modukoak.

Araitz Muguruza.
2013ko abenduaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Honezkero Olentzerori eskutitzan zer idatzi pentsatzen hasita egongo dira etxeko txikiak. Eskaeren zerrenda luze horretan bere lekutxoa eduki dezake Zinema Etxean film bildumak. Euskarazko lau filmez osatuta dago, kanpoan hotz egiten duen egunetan familia giroan ikusteko aproposak. BERRIAk kaleratu du Tinko Euskara Elkartearekin elkarlanean eta Gipuzkoako Diputazioaren laguntzarekin.

Winkiren zaldia, Txoriburuak, Lepel eta Txori Urdin dira bildumako filmen izenak, eta adin guztietako lagunenzat dira; horregatik, bereziki familia giroan ikustera bultzatu nahi du jendea Marian Galarraga Tinko Euskara Elkarteko lehendakariak.

Elkarte horretako kideek 1994an ekin zioten filmak eskuratu eta euskaratzeari, areto komertzialetan euskarazko pelikulak ikusteko aukera eskasa baitzen. Horrekin batera, ikastetxeekin lanean hasi ziren, eta oraindik jarraitzen dute. Filmak herriko aretoetan proiektatu, eta ondoren, horien gaineko lanketak egiten dituzte eskoletan. Horietarako materiala ere elkarteak sortzen du. Urtetik urtera gorantz joan da proiektuan parte hartzen duten lagunen kopurua; hala, gaur egun 80.000 ikusle dituzte.

Haurrak aintzat hartuta hautatzen dituztela filmak dio Galarragak: «Balioak lantzen dituzten filmak hartzen ditugu, nolabaiteko esanahia daukatenak». Filmak ikusi ondotik, ikusleak etxera zerbait berria ikasita joatea da helburua. Eduki aldetik, beraz, lagunen arteko harremanak —eskoletako bullying kasuak, besteak beste— eta guraso eta seme-alaben arteko harremanak dira bilduman lantzen diren gaietako batzuk. Hain zuzen, Txori Urdina izenekoan bullying-a jasaten duen lagun baten istorioa kontatzen da.

2004an ekin zio BERRIAk Zinema Etxean bilduma argitaratzeari, duela lau urte atera zen azkenengoa eta aurtengoa bosgarrena da. Honekin, guztira 28 film kaleratu dira elkarlan honen bitartez.

Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Diputazioko Kultura zuzendariak oso beharrezko ikusten ditu horrelako produktuak: «Garrantzitsua da gure kultura eta ondarearen transmisioa txikitatik egitea, eta bereziki indartu nahi ditugu haurrentzako produktuak». Familia osoak gozatzeko filmak izateak, gainera, balio handiagoa ematen diola nabarmendu du. «Etxeko guztiek parte hartzen duten momentutik, interesgarria da guretzat».

BERRIAlagunek, merkeago

Abenduaren 17a bitarte egin daitezke eskaerak, (0034) 943-30 43 45 telefonora deituta, edo denda@berria.info helbidera idatzita. 15 euro balio du; merkeago, 13 eurotan, izango dute BERRIAlagunek —harpidedunek barne—. Haiek www.berria.info/kioskoa webguneko Promozioak atalean egin beharko dute eskaera. Neguko arratsalde hotzetan goxo-goxo etxean ikusteko aukera ezin hobea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.