Euskarazko film laburren bira bihar abiatuko da

Hogeita hamar herritara iritsiko da Laburbira ikus-entzunezko zirkuitua; saioak eta solasaldiak izango dira

Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Zortzi film labur emango ditu aurten Laburbira zirkuituak. Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburuarekin egiten da jaialdia, eta, izenak dioen gisan, hainbat lekutan izango dira emanaldiak: guztira 30 herritara iritsiko da. Ermuan (Bizkaia) hasiko da bira, bihar, eta Euskal Herritik at Madrilen, Parisen eta Londresen ere egingo dituzte proiekzioak, apirilaren 3ra bitartean.

Topaguneak antolatzen du Laburbira, herrietako euskara elkarteen lankidetzarekin. Bi berrikuntza izango dira aurten, Topaguneko kultura saileko teknikari Manuel Morenok azaldu duenez. Batetik, euskara ez den beste hizkuntza batean ekoitzitako film labur bat onartu dute, lehen aldiz: Instalación filma. Xoxe Diazek egina da, galizieraz, eta euskarazko azpidatziekin ikusi ahal izango da. Hemendik aurrera urtero egoera gutxituan dagoen hizkuntza batean sortutako film laburren bat sartzeko asmoa jakinarazi du Morenok. Bestetik, euskaraz egindako lehen dokumentaletako bat emango dute: Aberria. Gotzon Elortzak zuzendu zuen, 1961ean. Valentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolarien eta Victor Olaeta dantzariaren eskutik, aberriaren inguruko hausnarketa egin zuen lanean. «Balio historiko izugarria dauka», Morenoren aburuz.

Zortzi film labur 85 minutuan

Horiez gain, animaziozko bi lanek, fikziozko lauk eta bideoklip musikal batek osatuko dute saioa. 85 minutu irauten du. Hasiberri nahiz ibilbide luzea duten zuzendariak dira. Hala, Maialen Sarasuaren Hemen nago, Joseba Uberuagaren Izena duena, Paul Urkijo eta David Zabalaren Ohe azpiko zera, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun, Kultur Kabiak-en Kantuka revolta permanet eta Jon Garañoren Urrezko eraztunak lanek osatuko dute Laburbirako eskaintza.

Programazioaren barruan sartutako bi —Izena duenaeta Ohe azpiko zera— Benito Ansola bekekin ekoitzi dituzte. Topaguneak sortutakoak dira beka horiek.

Garañok bere film laburraren inguruan esan du izen bereko Kirmen Uriberen poeman oinarrituta dagoela. «Esperimentaziorako joko gisakoa izan zen. Zinebin estreinatu zen, Bilbon. Hiru genero nahasten ditugu: dokumentala, fikzioa eta animazioa». Saioaren ondotik, ikusleek sortzaileekin hitz egiteko aukera izango dute, galderak egin eta iritzia plazaratzeko.

«Beti da garrantzitsua film laburrak zabaltzea, ez baitute publiko handirik», gaineratu du zuzendariak. Bai Topaguneko kultura saileko teknikariak bai zuzendariak zinema aretorik ez duten herri txikietara iristearen garrantzia azpimarratu dute. «Polita eta beharrezkoa da zirkuitua aretorik ez duten herrietara iristea», azaldu du Garañok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.