Euskaraz sortzeko mementoa

Euskarazko eduki digitalak kontsumitzeaz gain ekoizten ere hasteko, Memeka lehiaketa antolatu dute Iametzak eta Azkue fundazioak. 15 eta 18 urte bitartekoentzat pentsatua dago, eta apirilaren 21era arte dago memeak sortzeko aukera.

MEMEKA LEHIAKETA
MEMEAK. Parte hartzaileek sortutako memeetako batzuk. Memeka.eus webgunean daude guztiak ikusgai. BERRIA
ane insausti barandiaran
2024ko martxoaren 28a
05:00
Entzun

Esaldi laburrekin osatutako ateraldiak, erreferente edo pertsonaia ezagunen irudiek lagunduta. Horixe dira memeak: Batman zaplazteko bat ematen ergatiboan hutsa egiten duenari; Mr. Bean esperoan, asper-asper eginda, puntualtasuna zer den ez dakien lagunaren zain; ananadun pizza hawaiiarra eskatu duen lankidea leihotik behera botatzen... Memeak dira, baina ez memelokeriak; euskarazko edukiak sortzeko ariketa bat, irudimena lantzeko aitzakia bat, eta, bide batez, jendea aisialdian euskarara gerturatzeko amu bat.

Eta lehiaketa baterako aitzakia ere izan daitezke memeak: Memeka lehiaketa antolatu baitute Iametza komunikazioa eta teknologia uztartuz lan egiten duen enpresak eta Azkue fundazioak elkarlanean, 15 eta 18 urte bitarteko nerabeentzat. Martxoaren 20an ireki zuten parte hartzeko epea, eta apirilaren 21ean amaituko da. Bizkaiko gazteentzat dago pentsatua, Azkue fundazioaren eragin esparrua baliatzeko asmoz.

Dena den, ez da euskaraz antolatzen duten lehen meme lehiaketa. Iametzak 2022an eta iaz ere antolatu zituen antzerako txapelketak, publiko orokorrarentzat. Meme plataforma bat sortzea izan zen horretarako lehenengo urratsa, eta hala egin zuen Iametzak 2021. urtean. Hutsune bat antzeman zuten, bertako kudeatzaile Eli Pomboren arabera: «Ikusi genuen ingelesez, adibidez, bazegoela memeak sortzeko plataforma bat, baina euskaraz, ez. Orduan sortu genuen Memeka plataforma. Lehiaketa aktibo ez dagoenean ere, edozeinentzat irekia dago; baldintza bakarra da euskarazko memeak izan behar dutela».

«Askotan, gazteek ikastetxearen aterkipean bakarrik dute euskararekiko lotura; zoritxarrez, gazte askorentzat euskara eskolako edo ikastetxeko hizkuntza da. Oraingoan, gonbidapena egin dugu aisialdian euskararekin jolasteko, euskara praktikatzeko eta euskaraz sortzeko».

IURDANA ACASUSOAzkue fundazioko zuzendaria

Baina zertarako memeak? Zertarako lehiaketa bat horien bueltan? Bada, gazteak euskararekin jolas egitera animatzea izan da xedea, Azkue fundazioko zuzendari Iurdana Acasusoren hitzetan: «Askotan, gazteek ikastetxearen aterkipean bakarrik dute euskararekiko lotura; zoritxarrez, gazte askorentzat euskara eskolako edo ikastetxeko hizkuntza da. Oraingoan, gonbidapena egin dugu aisialdian euskararekin jolasteko, euskara praktikatzeko eta euskaraz sortzeko».

Horretarako memeak baliabide egokia direlakoan daude, eta amu bat izatea nahi dute, gazteak esfortzu handirik egin gabe euskarazko eduki digitalak sortzen has daitezen: «Oso elementu arina da memea, dibertigarria, umorez eta ironiaz betea, oso erraz zabaltzen dena sare sozialetan eta bat-bateko mezuen aplikazioetan», adierazi du Acasusok.  

Izan ere, ikusi dute gazteak ingurune digitalean egon badaudela, baina askotan ez direla edukiak sortzera ausartzen; «atsegin dut» botoia sakatzen dute, iruzkinak idazten dituzte euskarazko edukietan, baina ez dira sortzera animatzen. Horregatik jo dute memeetara: «Tiktoken bideo bat sortu baino, gazte bati errazagoa zaio meme bat sortzea; horretaz konturatu gara. Sortze horrek baldin badakar bere burua ikusgai jartzea edo bideo bat sortzea, nolabait zailagoa da», azaldu du Pombok. Hortaz, edukien kontsumitzaile soil izateari uztera eta sortzaile ere izatera animatu nahi dituzte.

«Memeetan, gai batzuk errepikatzen dira. Euskarari buruzkoak edo ikasketekin lotutakoak egin ohi dituzte gehienbat. Eguneroko gaiak memeetan jasotzea nahiko genuke: hori da gure erronka».

ELI POMBOIametzako kudeatzailea

Sormen ariketa bat baita, finean, memeak sortzearena. Memeka.eus webgunean sartu, irudi libreen artean bat aukeratu, eta esaldi pare batekin osatutako ateraldi bat sortzea da asmoa: «Edozein meme sortzea erraza da, baina grazia daukatenak sormen puntu hori dutenak dira. Hizkuntzarekin jolasteko beste modu bat da», zehaztu du Pombok.

Lehiaketa martxan dago dagoeneko, eta gazteak ari dira erantzuten: izena emateko epea ireki eta astebetera, 110 erabiltzailek baino gehiagok sortu dute memeren bat, eta 360 memeren langa ere gainditu dute jada. Badute helburu bat lortzeko, ordea, Pombok esan duenez: «Memeetan, gai batzuk errepikatzen dira. Euskarari buruzkoak edo ikasketekin lotutakoak egin ohi dituzte gehienbat. Eguneroko gaiak memeetan jasotzea nahiko genuke: hori da gure erronka».

Horregatik, parte hartzera animatu ditu gazteak Acasusok ere, berrehun eta 150 euroko sariak aitzakia baino ez direlako, jendea xaxatzeko. Apirilaren 22tik maiatzaren 2ra zabalduko dute bozkatzeko epea, eta maiatzaren 3an iragarriko dituzte irabazleak: «Helburua edukiak sortzea da, etorkizuneko influencerrak aurkitzea, edo horiek animatzea edo sustatzea. Gazteek ereduak behar dituzte, behar dituzte aritzeko espazioak. Hau gonbidapen bat besterik ez da, etorkizuneko sortzaileak nabarmentzen ikusteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.