Seriesland Bilboko websailen nazioarteko jaialdiak zortzigarren aldia hasiko du gaur, eta urriaren 22ra arte iraungo du. Aurten, lehiaketak 26 herrialdetako 85 websail hautatu ditu, eta sei kategoriatan lehiatuko dira. Egoitza nagusia Bilborock izango da, baina Uribitarteko Bilbao Berrikuntza Faktoriaren egoitzan eta Guggenheimeko auditoriumean ere egingo dituzte ekintzak, besteak beste. «Aste dibertigarri eta zirraragarria dugu zain», adierazi zuen atzo, Bilborocken egindako aurkezpenean, Oliver Mend Seriesland jaialdiaren eduki zuzendari eta sortzaileetako batek.
Kanadak ekarriko ditu lan gehien, hamabost, eta, gero,AEBek, zortzi. Websailen ia erdiak emakumeek sortu, zuzendu edo ekoitzi dituzte.
Euskal ekoizpenei dagokienez, lehenengo aldia izango da euskarazko websail bat Sail Ofizialean lehiatuko dena. Daniel|A| EITBk sustatutako lan bat da, eta Nora Alberdi da zuzendaria. Gazteentzat da, eta genero identitatea eta nork bere burua onartzeko beharra jorratzen ditu. Nazioarteko beste 29 websailekin lehiatuko da.
Datorren astearteko jardunaldia estreinaldietarako izango da. Ene, zelako gaua eta Sorgina emango dituzte. Horrez gain, Her name is nobody EAEren eta Alemaniaren arteko koprodukzioa aurkeztuko dute, eta Superjodidos ere bai. Lander Otaola eta Ylenia Baglietto euskal aktoreek parte hartu dute hartan.
Rose of Dolls zuzendari eta sortzaileetako batek adierazi zuen jaialdiak euskal proiektuak babesteko eta tokiko talentua nazioartera zabaltzeko ardura eta konpromisoa duela. Eta Olatz Goitia enpresak eta ekintzaileak babesteko Beaz foru sozietatearen zuzendariak gaineratu zuen ikus-entzunezkoen sektoreak gero eta indar handiagoa izan behar duela Bizkaian.
Lehiaketa baino gehiago
Serieslandek doako eskaintza zabala izango du. Proiekzioez gain, mahai inguruak, galak eta kaleko jarduerak antolatuko dituzte. Gaur, metabertsoaren eta errealitate birtualaren inguruan arituko dira hainbat aditu. Horien artean, Ecequiel Barrikart sormen eta marka kontuetan aditua. «Ikuspegia zabaldu behar dugu ikus-entzunezko proiektuek hartzen dituzten egitura berrietara», esan zuen.
Valeria Xaxenok Ukrainako tiktoker gaztea ere egongo da. Errusiaren bonbardaketetatik babesteko, hamazazpi egun igaro zituen soto batean familiarekin. Satira erabiliz, esperientzia Tiktok bidez dokumentatu, eta ospea lortu zuen nazioartean.
Begoña Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak azpimarratu zuen Seriesland garrantzitsua dela «sektoreko alderdi guztiak» elkartzen dituelako: sortzaileak, elkarteak, ordezkariak, eta sorkuntzan eta banaketan lan egiten dutenak. Javier Garcinuño Bilbo Ekintzako zuzendari nagusia bat etorri zen harekin: «Ekoizleak, kontsumitzaileak eta merkaturatzaileak batzeko topagune izan behar du, elkarrekin lan egin dezaten».
Euskaraz sortutako websail bat lehen aldiz Serieslandeko Sail Ofizialean
26 herrialdetako 85 websail hautatu dituzte jaialdirako. Lanen ia erdiak emakumeek egin dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu