Sanfermin euskaldunak aldarrikatu dituzte herri mugimenduek urterik urte. Gaur-gaurkoz euskara ez da nagusi Iruñeko sanferminetan, baina duela hiru urte baino egitasmo gehiago egiten dira euskaraz. Aldaketa izan da berezko hizkuntzaren tratamenduan, eta hori aise antzeman liteke udalak antolatzen duen egitarau ofizialean.
Hasieran, Media Luna parkean, eta, gero, Vistabellan; UPNko udal gobernuek euskara zokoratu egin zuten urte luzez sanferminetan. Euskarazko ekitaldiak ez ziren asko izaten, eta denak erdigunetik kanpo izaten ziren. Duela hiru urte egoera aldatu zen, eta euskara erdigunera eraman zuen EH Bildu buru duen udalak. Hala, haurren txokoetan erdarazko antzezlanak ez ezik euskarazkoak ere izaten dira, eta euskal taldeak erdiguneko oholtzetara igotzen dira. Ez hori bakarrik. Foruen plaza bertako kultura tradizionalaren txokoa izaten da. Gazteleraz kantatutako jotak baizik ez ziren lehen; bertsolariak eta dantzariak batu zaizkie orain.
Antzezlanetan ikus liteke euskarazko eskaintzarik handiena. Sanferminetan, haurrentzako 11 antzezlan eskainiko dira, eta haietatik sei euskaraz izanen dira. Euskarazko emanaldiak nagusiki Askatasun plazako haurren txokoan izanen badira ere, Sarasate pasealekuan ere izanen da saiorik. Horretaz gainera, bi bertso saio ere izanen dira egitarau ofizialaren barruan. Goizetan jota emanaldiak eskainiko dituzte Sarasaten, baina gazteleraz izanen dira denak.
Kontzertuetan ikus liteke alderik handiena. Ez dira asko izanen euskaraz ariko direnak: zazpi. Oholtzara igoko diren 50 talde aztertuta, gazteleraz ariko dira 24, eta beste hizkuntzetan 9. Kontuan hartu behar da hainbat taldek ez dutela hitzik erabiliko. Kontzertu motak aztertuz gero, dantzaldietako orkestren artean euskaraz ariko den talde bakarra izanen da: Akelarre. Gauero gisa horretako bi orkestrek eskainiko dute kontzertua. Beraz, euskarak oraindik toki handia du irabazteko gaueko kontzertuetan.
Hautu kontzientea
Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura zinegotziak esan duenez, aurrerapauso «oso handiak» eman dira euskarari dagokionez, nahiz eta onartu duen ez zela sobera zaila: «Jatorrizko puntua oso latza zen». Zinegotziak azaldu duenez, euskararen presentzia bermatu nahi du udalak, baina publikoaren arabera modu ezberdinean egiten du: «Iruñean badaukagu errealitate bat, eta kontuan izan behar da. Haurrentzako programazioan euskararen presentzia askoz handiagoa da, haur euskaldun askoz gehiago dagoelako. Helduen edo adinekoen programazioan errealitatea kontuan hartu behar da, eta hortik abiaturik sartu euskara».
Hala ere, Belokik argi du: «Aukera gehiago dago orain publiko guztientzat: euskaldunentzat, atzerritarrentzat, euskararik ez dakitenentzat...». Hori izan da sanferminetako mahaiaren helburu nagusietako bat: egitarau ofizialean aniztasuna bermatzea. Orain arteko egitasmoak mantendu dira, beraz, eta orain arte baztertutakoei tokia eman.
Euskaraz mintzo da San Fermin
Iruñeko Udalean UPN ez dagoenetik, euskarazko egitasmoak ugaritu egin dira hirian, baita sanferminetan ere. Ezkututik erdigunera eraman dira euskarazko egitasmoak, eta eskaintza ere zabalagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu