Euskaraz bizitzearen abentura

Euskarabentura amaitu da, Getxon (Bizkaia) egindako azken ekitaldiarekin. 31 egunez, 127 gaztek Euskal Herria zeharkatu dute, eta bizipen ugari partekatu dituzte.

Euskarabenturan parte hartu duten gazteak, kantuan, Getxoko Muxikebarri aretoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Euskarabenturan parte hartu duten gazteak, kantuan, Getxoko Muxikebarri aretoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
gotzon hermosilla
Getxo
2024ko uztailaren 31
17:30
Entzun

Elastiko laranjaz jantzitako dozenaka gazte ontzira igo dira, eta, Bilboko itsasadarra zeharkatzen hasi bezain pronto, kantuka eta dantzan hasi dira. Ez zaie nekerik sumatzen; inork ez luke esango azken 30 egunetan 489 kilometro egin dituztela oinez, Euskal Herriko txoko guztiak bertatik bertara ezagutuz. Eta dena «euskaratik eta euskaraz», antolatzaileek nabarmentzen duten moduan.

Azken eguna du Euskarabenturak, gaztetxoei Euskal Herria elkarrekin zeharkatzeko aukera ematen dien espedizioak. 127 gaztek eta 30 begirale inguruk parte hartu dute aurtengoan, eta, uztailaren 1ean Atharratzetik (Zuberoa) abiatu zirenetik, mota guztietako bizipenak bildu dituzte: mendian ibili, hondartzan bainua hartu, abestu, dantzatu, kultur ikuskizunez gozatu, sormena landu eta, batez ere, Euskal Herriaren aniztasunaz jabetu dira, tokian tokiko errealitatea ezagutuz.

«Giro bikaina egon da, eta uzteak sekulako pena ematen du. Atzo ere negar pila egin genuen»

LOREA MADARIETAEuskarabenturako parte hartzailea

Azken egunean, goiz-goizetik abiatu dira, eta bi itsasontzitan Bilboko Itsas Museotik Portugaletera (Bizkaia) arteko tartea egin dute. Bidaia osoan ez diote kantu eta dantza egiteari utzi. Giroa primerakoa da, eta poza nagusitzen da, baina zirrikituetatik bestelako emozioak ere ihes egiten hasi zaizkie: hunkituta daude gehienak, abenturaren akaberako eguna dela jakinda, eta malkoak, besarkadak, taldekako argazkiak eta lagunari elastikoan sinadura jartzeko eskaerak ugaldu dira.

Lorea Madarietarentzat (Durango, Bizkaia, 2007) «oso esperientzia ona» izan da: «Giroa bikaina izan da, eta uzteak sekulako pena ematen du. Atzo ere negar pila egin genuen. Baiona-eta ikustea asko gustatu zait, Ipar Euskal Herrian ez naizelako hainbeste ibili, baina ilusio gehien egin didana izan da Bizkaiko kostan ibiltzea, han familia dudalako eta pila bat gustatzen zaidalako. Gure taldean pentsatu dugu berriro elkar ikustea, ahalik eta gehien elkarrekin gelditzea eta harremanari eustea».

Antzera mintzatu da Malen Oñatibia (Astigarraga, Gipuzkoa, 2007): «Berriz errepikatzeko modukoa izan da. Oinez ibili gara, nahiz eta tarte batzuk autobusez edo trenez egin behar izan ditugun. Apur bat nekagarria izan da, baina ohitu egiten zara. Batez ere, Ipar Euskal Herriko herriak ezagutzea eta hango egoeraren berri izatea gustatu zait. Orain apur bat triste nago; ez dut nahi hau bukatzea. Edonola ere, orain familia bat bezala gara, eta jada planak egin ditugu festetan elkartzeko».

Harrera Getxon

Portugaletera iritsitakoan, gazteek Getxora jo dute Bizkaiko Zubitik, eta, han, Getxoko alkate Amaia Agirrek egin die harrera. Algortako alde zaharrean, zanpantzarrak zituzten zain. Jaietan dago auzoa, eta jai batzordeko kideek ere gazteak agurtu eta jaietako zapi bana oparitu diete. Galder Bilbao Txapi bertsolariak kantuz eman die aholkua: «Ez egin negarrik bukatu delako, hemen gertatu dena baita betirako».

«Apur bat triste nago; ez dut nahi hau bukatzea. Orain familia bat bezala gara»

MALEN OÑATIBIAEuskarabenturako parte hartzailea

Gazteek eta haien bila joandako guraso eta senitartekoek mukuru bete dute Muxikebarri aretoa. Han egin dute amaierako ekitaldia. Antolakuntza lanetan ibilitako Haizea Solagurenbeaskoak eta Haitz Goiak ideia bat nabarmendu dute: 2018tik gaur arte Euskarabenturan parte hartu dutenek komunitatea osatzen dute, euskaraz bizi nahi duen belaunaldi berri batek ehundutako sarea, elkartasuna, parekidetasuna eta antzeko balioak sustatzen dituena: «Orain, zuei dagokizue sarea hedatzen jarraitzea euskaratik eta euskaraz, herri honek merezi duelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.