Doinuele sareko kidea

Ladix Arrosagarai: «Euskaraz bizitzea plazera da, eta horretarako tresna aberatsak dira literatura eta musika»

Doinuele liburu eta disko azoken sareak bigarren urteari ekin berri dio. Zortzi azokaz osatutako sarea da, eta urte osoko ibilbidea egiten du.

Ladix Arrosagaray
JON URBE / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun

Liburuz eta diskoz beteriko azokak askotan ikusten dira Euskal Herriko plazetan. Literaturako klasikoz beteriko kaxak, binilo zahar eta disko berriz osatutako erakusmahaiak, etxe gehienetan izaten diren errezeta liburuak... denetik aurkitu daiteke azoka horietan, baina, normalean, euskarazko eta erdarazko edukiak izaten dira. Ladix Arrosagarai (Maule, 1959) Ziburuko liburu azokako antolatzaileetako bat da, eta baita Doinuele sareko kidea ere.

Zer dago Doinueleren oinarrian?

Doinuele euskara hutsezko plazen sare nazionala da; hau da, soilik euskarazko edukiak dituzten liburu azoken sarea. Iaz sortu genuen.

Zergatik, eta zertarako?

Gutako bakoitzak geure herrian geure azoka ttipia kudeatzen genuen, eta konturatu ginen bazirela beste batzuk geure gauza berbera egiten zutenak. Azkenean, harekin eta honekin hitz eginda, ikusi genuen taldetxo bat sortzen ahal genuela, eta horrela eduki genuen sare hau sortzeko ideia.

Zenbat azoka daude Doinueleren barnean?

Zortzi gara: Baztango [Nafarroa] Hilbeltza, Azkoitiko [Gipuzkoa] Geure Gelatik, Zarauzko [Gipuzkoa] Literaturia, Hernaniko [Gipuzkoa] liburu azoka, Sarako [Lapurdi] Ikusi Mikusi, Galdakaoko [Bizkaia] Sormene, Lazkaoko [Gipuzkoa] azoka eta Ziburuko [Lapurdi] liburu azoka.

Sare itxia da?

Ez, noski. Badakigu hainbat azoka egiten direla Euskal Herriko plazetan, baina ez dakigu besteren batek euskara hutsean ote duen eduki guztia. Doinuele irekia da edonorentzat, baina ez dugu uzten erdara pasatzen; beraz, baldintza hori betez gero, edonor da ongi etorria.

Gutxi dira zortzi plaza?

Bai, gutxi dira, eta niretzat harrigarria da kopuru hori.

Zer eman dio Doinuelek Ziburuko liburu azokari?

Gehienbat, elkar ezagutzeko aukera. Denok ez dugu azoka mota berdina. Batzuk, Baztango Hilbeltza adibidez, nobela beltzean oinarritzen dira; Azkoitian, berriz, emakumeek sortutako edukiak izaten dituzte. Denekin esperientziak eta bizipenak partekatuz, elkar indartzen gara.

Azoka sare bat baino gehiago da, beraz, Doinuele.

Hala da. Urtarriletik abendura ibilbide bat osatzen du Doinuelek, lehenengo azokatik azkenekora. Azokez disfrutatzeaz gain, euskaraz gozatzeko tresna bat da.

Beharrezkoa da sare hori?

Ezin dugu ahaztu herri zapaldu batean bizi garela, herri kolonizatu batean. Gero eta frantsesagoak eta gero eta espainiarragoak gara, eta hor euskara erdian jarri behar dugu berriro. Euskaraz ongi bizitzeko manera badago, euskaraz bizitzea plazera da, eta horretarako tresna aberatsak dira literatura eta musika.

Zaila da gaur egun euskarazko literaturaz gozatzea?

Jendeak jada ez du asko irakurtzen. Ondoan ditugun bi erraldoiekin, gure literatura ttipia da, eta, haien aldean, gureak pobrea ematen du. Baina euskaraz eduki asko dugu gaur egun. Komiki bat irakurri nahi duzu? Badaukazu euskaraz. Nobela poliziala? Baduzu. Olerkia? Baduzu. Sortzaile asko ditugu, eta horiek sostengatu egin behar ditugu. Horregatik egiten ditugu guk gure plazak.

Handituz joango da Doinuele sarea?

Esperantza badugu. Adibidez, sinbolikoa da, baina Arabatik ez dugu inor, ez dugu Arabako plazarik sarean. Borondatea behar da azoka bat egiteko, baina ez da zaila. Musika eta literatura maitatuz, horrelako zerbait lor daiteke. 

Azoka sortzea erraza dela diozu, baina erronka zaila da sarea handitzea?

Bai, erronka zaila da euskaraz bizitzea, erronka zaila da euskaraz sortzea... baina euskaldunoi tokatu zaizkigun erronkak dira horiek. Zaila izan arren, erronka polita da, eta, lehen esan bezala, esperantza badugu.

Nola antolatzen zarete Doinuelen?

Bakoitza bere azokarekin ibili arren, elkarrekin biltzen gara urte osoan. Nazio ikuspegia daukan sarea da hau, eta ezaugarri hori oso garrantzitsua da gure lanean. Bakoitzak bere eskualdean egoera bat dauka euskararen harira, toki ezberdinetatik gatoz, baina, elkar ezagutzeari esker, elkarrekin lan egiteko aukera sortu zaigu. Denok partekatzen dugu gauza bera: osotasunean euskaraz bizitzeko zailtasuna.

LOTSABAKO

Irakurritako azken liburua? Iparreko eleak, Xabier Monasteriorena.

 Kantu bat? Martxa baten lehen notak, Mikel Laboarena.

Euskal Herriko txoko bat? Euskaldun bat dagoen txoko bakoitza.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.