Mariano Ferrer
«Kalean euskaraz aritzekogai izan nahi dut»1960. urtean hasi zen euskara ikasten Mariano Ferrer kazetaria (Donostia, 1939). «Nekez pentsatuko nuen 2013an ez nintzela gai izango euskaraz hitz egiteko. Ez da batere erraza euskara ikastea». Saiatu ezaren damurik ez du, ordea. Aukera eta denbora izan duen bakoitzean liburu tartean ibili da, «gramatika gora gramatika behera», eta aspaldi bere buruari hitzemandakoa betetzea espero du: «Kalean euskaraz aritzeko gai izan nahi dut».
Jesuiten artean eman zuen euskara ikasteko lehen pausoa: «Euskaldun berri batek akademia bat sortu zuen, eta izena eman nuen. Zuzenean euskalkiekin hasi ginen, eta utzi egin nuen. Zertarako ikasi behar nuen Goierriko euskara Donostiakoa izanda?». Alde batera utzi zituen euskara kontuak, baina 1970ean arantza ateratzen saiatu zen: «Herri Irratian lanean hastean ohartu nintzen derrigorrezkoa nuela euskaraz jakitea, kazetari osoagoa izateko. Entzuleei agindu nien saio bat euskaraz egingo nuela. Dena den, ikasketak lanarekin uztartzea ez zitzaidan batere erraza».
Euskaltegian «hobekuntza handia» egin zuen Ferrerrek, baina zoritxar batekin egin zuen topo: «Min hartu nuen, eta ospitalean igaro behar izan nituen egun batzuk. Euskara ikasten egiten ari nintzen bidea eten egin nuen, halabeharrez». Ez zuen etsi. Denbora batera Aizarnazabalera (Gipuzkoa) joan zen, euskara ikasteko: «Bi hilabete egin nituen bertan. Ez nuen lortu euskara erabat ikastea, baina pauso txiki batzuk eman nituen».
Lana zela eta, berriz ere euskara ikasketak alde batera utzi behar izan zituen. Hori bai, bi helburu bete ondoren: «Helburu nagusia nuen nire hurrengoek euskaraz hitz egiteko gaitasuna edukitzea. Nire alabak euskaraz ederki egiten du, hala ikasi baitzuen. Hark ere animatzen nau euskara ikasten segitzera». Beste xede bat ere kunplitu du: «Bosteko talde batean erdaldun bakarra ni banaiz, ez dut nahi gainontzekoek nire hizkuntzan egitea, euskaraz baizik. Hori ere lortu dut».
Hitz egiten hastea soilik falta zaio. «Pausorik zailena geratzen zaidala badakit. Euskaraz irakurtzeko gai banaiz, dena den. Esaterako, BERRIA egunkariko hainbat testu ulertzen ditut. Baina hitz egitea... Hori beste kontu bat da. Askotan pentsatu izan dut galdua dudala euskara ikasteko borroka. Baina ez. Jarraitu egin behar dut». Gogotsu dago, gainera: «Orain etxean ikasten dut. Arratsaldero bizpahiru orduz aritzen naiz, neure kontura. Ikasitako guztia errepasatzen ari naiz, baina laster amaituko dut».
Zailena zera egiten zaio: «Euskaraz adierazi beharreko guztia gazteleraz pentsatzen dut aurrena, eta ondoren euskaraz esan. Blokeatuta geratzen naiz». Beldurrak galtzeko prest dago: «Jada ez daukat presiorik. Errepasoa amaitu orduko, kalera joko dut. Urte asko egin ditut beti leku berean. Bada garaia kalera irten eta euskaraz mintzatzen hasteko».
Fernando Goñi
«Euskara ikastea oso esperientzia ona izan da»Fernando Goñi (Zubiri, Nafarroa, 1973), Goñi III.a pilotari ohiak txikitatik izan du harremana euskararekin, baina pilota profesionalean hasi arte ez zuen euskara nahi bezala ikasi. Guraso talde batek antolatutako haur eskolanurte pare batez ibili zen euskaraz, baina matrikulazioa murriztu eta eskola itxi egin zuten. Ondoren Zubiriko eskolara joan zen eta, han, euskarazko eskaintzarik ez eta gaztelaniaz hasi zen eskolan. Iruñera ikastera joan zenean ekin zion berriro ikasteari. «Oso txikitan ibili nintzen euskaraz, eta zer edo zer gelditzen da barruan».
Hemezortzi urterekin hasi zen berriro euskara ikasten: «Berehala utzi nuen. Adin horretan beste gauza batzuk dituzu buruan». Ordea, hirugarren saialdian lortu zuen. Hogeita bost urterekin, pilotari profesional zela, berriro ekin zion euskara ikasteari. Iruñeko IKAko Arturo Kanpion euskaltegian hasi zen eta hiru urtez aritu zen. «Oinarri bat hartu nuen. Euskara ikastea oso esperientzia ona izan da. Lehen pausoa ematea, hitz egitea, eta ohitura hori hartzea kostatzen da, baina oso polita da».
Gelan, ikaskideen arteko giro «onak» lagundu zion ikasten: «Oso erraza izan zen ikastera joatea. Ez zitzaidan batere kostatu». Egunero bi orduz aritzen zen. Bere betiko helburua oinarri onbat hartzea izan zen, eta lortu zuen.
Duela gutxira arte ogibide izan duen pilotan hainbat dira euskal hiztunak. Pilotariekin batzuetan aritzen zen euskaraz, baina hala mintzatzen ez zen bateren bat ere bazegoen, eta ez zen erraza euskaraz aritzea. «Txikitatik izan ditut bi helburu, euskaraz aritzea eta pilotan aritzea. Bietan saiatu naiz, eta pozik nago».
Egun, Quinto Real hotela, jatetxea eta taberna zuzentzen ditu Eugin (Nafarroa), eta bezeroekin maiz aritzen da euskaraz. «Euskaldun asko etortzen da gurera, eta euskaraz hitz egiteko aukerak sortzen dira». Etxean ere euskaraz aritzen da, emaztea, Gema Garaikoetxea, euskalduna baitu, besteak beste.
Euskaraz ikasten ari den bati ikasten gozatzeko gomendioa egiten dio. «Beldurra eta lotsa kendu eta baztertu behar dira. Pausorik zailena eta gehien kostatzen dena da. Pertsona ezaguna bazara, are gehiago. Dena dela, jendeak asko eskertzen du pauso hori eman izana. Euskara ikasten saiatzea eta lortzea gauza handia da».
Gemma Zabaleta
«Nik elkarrizketa bat euskaraz egitea lorpen izugarria da»Kuriosoa da, baina politikari lanak amaituta osatu du lehen elkarrizketa euskaraz Gemma Zabaletak (Donostia, 1957). «Adibidez, BERRIAko kazetariekin gaztelaniaz aritu naiz beti, baina orain ez. Ilusio ikaragarria egiten dit horrek. Lorpen izugarria da». Denbora gutxian «hobekuntza handia» egin du, gainera. «Urtarrilaren 7an hasi nintzen Ilazki euskaltegian, eta oso gustura ari naiz, ilusio handiarekin. Behar-beharrezkoa dut euskara ikastea politikatik hezkuntzara bueltatu ahal izateko».
Goizeko lehen orduan hasi eta eguerdiko ordu biak arte euskara izaten du begien aurrean Zabaletak. «Arratsaldeetan ere neure kontura aritzen naiz etxean». Gogorra dela onartzen du, baina polita ere bai: «Irakasleek etengabe animatzen naute, eta horrela errazagoa da guztia. Lan handia egiten dute gurekin. Ikaskideak ere oso jatorrak dira». Euskarak denaren beharra duela badaki: «Langabeziaren ondorioz, jende asko ari da euskara ikasten. Denaren beharra daukagu aurrera egiteko».
Politikaren aroa amaituta, beste garai bati heltzea du helburu, eta horren barruan sartzen ditu euskara ikasketak: «Nire bizitzak aldaketa jasan du. Pertsona libreagoa edo naiz orain, eta errazagoa da euskaraz ikasteko denbora ateratzea». Dena den, ez da hutsetik hasi: «Euskaraz ikastea beti egon da nire helburuen artean, baina orain oso gogor ari naiz». Bere garaian ezin izan zuen halakorik egin: «Duela 25 urte oposizioak atera nituen, eta politikan hasi nintzen. Orain ez nago mundu horretan, eta denbora ez dut alferrik galduko».
Euskara eguneko ordu guztietan du presente: «Telebista euskaraz ikusten dut, irratia entzun ere bai, eta prentsa idatzia ere hizkuntza horretan irakurtzen dut. Ikasketekin aurrera egiteko asko laguntzen du horrek. Dagoeneko testuak euskaraz ulertzeko gai naiz. Indar handia ematen dit horrek». Ikusi, entzun eta irakurri bai, baina euskaraz hitz egin? «Oraintxe hasi naiz kalean euskaraz mintzatzen. Tabernetan, dendetan... euskaraz egin izan dut».
Adolfo Muñoz 'Txiki'
«Euskara ikasteko ahaleginak merezi izan du»«Hizkuntza bat ikasteko prozesua ez da sekula bukatzen», Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiaren esanetan (Mañueta, Araba, 1959). Oraindik, beraz, ez du amaitu euskara ikasteko prozesua, baina elkarrizketa luzeak edukitzeko gai da. «Ez da nire ama hizkuntza, baina euskara arazorik gabe erabiltzeak asko pozten nau». Horregatik bakarrik, euskara ikasteko ahalegina egitea merezi izan duela dio.
Gaur egungo egoerara iristeko, ordea, denbora asko behar izan du Muñozek. 1976an hasi zen euskara ikasten, apaiztegian: «Urtean zenbait ikastaro jasotzen nituen, eta ondoren Angostoko monasterioan bi uda pasa nituen». Baina ikasketa prozesua behin eta berriro eten zuen. Ostera, Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) euskara ikasketa trinkoak egin zituen lehenbiziko, Bilbon beste urtebete egon zen, eta azkenik, Oñatin borobildu zuen bere ikasketa prozesua, beste ikastaro trinko batekin. «Hainbat irakaslerekin ni bakarrik egon nintzen mintegiak jasotzen. Oso gogorra izan zen, baina orduan lortu nuen euskaraz bakarrik bizi ahal izatea». Goizetik gaueraino dena euskaraz egiten zuen. Euskaran trebatzeko azken txanpa hori sindikatuaren idazkaritza nagusiaren kargua hartu aurretik egin zuen, gainera.
Orain ez du eskolarik jasotzen, baina euskara ikasketekin jarraitzen du, irakurriz: «Irakurtzea asko gustatzen zait, eta orain saiatzen naiz ahal bezainbeste euskaraz irakurtzen». Alde horretatik, ELAk argitaratzen dituen txostenak irakurtzeko, euskarazkoa hobesten du: «Gai teknikoak irakurtzeak asko laguntzen dit hizkuntza hori jakiteko». Nazio batzordearen bileretan «hainbat gai» euskaraz jorratzen dituzte. Beraz, euskara ikasten «aspaldi» hasi bazen ere, sindikatuaren agintaritzara iristea motibazio handia izan zen Muñozentzat, ardura horietan dauden pertsonek euskara ikasteko beharra daukatela uste baitu.
Horretarako lagungarri jotzen du aurtengo Korrikak euskara ikasleak omentzea: «Animoa eman behar zaie pertsona horiei, euskara ikasteko prozesua oso luzea baita». Berak ongi daki zer den hori. Baita Korrikan parte hartzean zer sentitzen den ere. Azkeneko ekitaldietan egin izan du lasterka, «amaierako ekitaldietan». Aurten, beraz, Baionan izango da sindikalista. Gasteizen bizi da egun, eta martxa bertatik igarotzen denean ere hartuko du parte. «Bilbotik pasatzen den egunean hemen baldin bagaude, orduan ere aterako naiz».
Euskara ikasi bakarrik ez, euskararen aldeko ekitaldietan ere presente egon nahi du Muñozek,euskara bera gizartean presente egon dadin.