Euskaraz azpidatzita, eman 'play'

'Azpitituluak.com' atarian, euskaraz azpidatzitako 540 film daude bilduak; 40 animaziokoak

Animazioko filmen artean, Frozen azpidatzita deskargatu da gehien. BERRIA.
urtzi urkizu
2016ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Filmak euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera ematen du 2008. urtetik hona Azpitituluak.com webguneak. Luistxo Fernandez CodeSyntaxeko proiektu zuzendariak sortu zuen, eta, kolaboratzaile sare bati esker, pixkanaka-pixkanaka, euskaraz azpidatzitako film sorta oparoa bildu du Interneteko atarian. Gaur egun, 540 film inguru daude bertan euskaratuta. Horietatik 40 inguru dira animaziokoak, gaztetxoentzat eta gurasoentzat egokiak. Proiektuaren sustatzaileek kanpaina bat jarri dute martxan, Gabonetan animazioko zinemarik onena euskarazko azpidatziekin kontsumitzeko proposamena eginez.

Fernandezen arabera, gaur egun nazioarteko animazioko film oso gutxi ikus daitezke euskaraz telebistan eta zineman. «Ameriketako Estatu Batuetako Disney eta Pixar estudioen azkeneko urteetako animazioko film esanguratsuenak euskaraz ikusteko modu bakarra Azpitituluak.com atariaren bidez da. Hau da, audio originaleko bertsio bat lortu Interneten, eta azpidatziak jartzea».

Gabonetako asteak aproposak izan daitezke filmak euskarazko azpidatziekin ikusteko, Fernandezen arabera. «Denbora gehiago dago etxean, eta agian guraso batzuk anima daitezke esperientzia honetara. Filmak aurki daitezke sarean. Esango nuke euskarazko azpidatziak dituzten pelikula oso onak daudela Azpitituluak.com-en». Besteak beste, Frozen, Brave, Up, Mononoke Hime, Mulan, Arriety, Wall-E, Finding Nemo eta Ratatouille daude sorta horretan. «Toy story trilogia ere ikus daiteke euskarazko azpidatziekin, eta bikaina iruditzen zait. Eta Tonari no Totoro maisulana da», dio egitasmoaren sortzaileak.

Fernandezek salatu du ez dagoela legezko bestelako modurik Disneyren animazioko zenbait film ikusteko. Haren esperientziaren arabera, 10-11 urterekin neska-mutikoak gai dira filmak azpidatziekin jarraitzeko. «Txikiagoak diren haurrak berdin-berdin geldituko dira aho zabalik Japoniako animazioko zintekin».

Dozena bat lagun aritzen dira Azpitituluak.com-erako filmak euskaratzen. Halaber, Filmazpit.eus webgunean argitaratzen dituzten filmen azpidatziak hartu eta dokumentatzen dituzte. «Jaurlaritzak eta Canal+ kateak akordio bat egin zuten, eta laster Jaurlaritzak aurkeztu egingo ditu azpidatzitako filmak. Katalogoa are gehiago osatu ahalko dugu horrela».

Netflix, HBO eta halako streaming zerbitzuei euskarazko azpidatziak opari emango lieketela esan du Fernandezek. «Arrakasta litzateke gure azpidatziak zerbitzu hauetara iritsiko balira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.