Ahoak eta belarriak elkar hartuta ibili dira Hondarribian(Gipuzkoa), euskararen bueltan: hainbat herritako mintzalagunak elkartu ziren atzo,Mintza eta Blagan Egunean. Zapi berdeak soinean eta euskara ahoan, halaxe egin dira lagun, herria ezagutu duten bitartean.
«Apetitua badaukazue, hori da garrantzitsuena», esanaz agurtu du gizon batek Maribi Aginalde Azkarraga. Arrasatetik (Gipuzkoa) etorri da beste bost lagunekin batera. Dantzarien aurreskuan eta abesbatzaren kantaldian adi-adi egon dira; orain, hamaiketakoa egiten ari dira: «Euskaldun zaharra naiz, eta aurten hasi naiz mintzapraktikan, jendea falta zela eta. Lagunak egiteko aukera ederra da».
Ondoko mahaian dago Pilar Espiga Ruiz, Soraluzetik (Gipuzkoa) etorrita: «Duela zortzi urte hasi nintzen AEKn euskara ikasten. Mintzapraktika egiten dut, lotsa galtzeko». Soraluzeko, Eibarko eta Elgoibarko (Gipuzkoa) lagunekin ari da berriketan, tortilla pintxoa jaten duen bitartean. Ibilaldi gidatua hastera doala jakinarazi du orduan Maite Agirrek, Euskaldunen Topaguneko Mintzapraktika Batzordeko koordinatzaileak. Ohartzerako, hustu dira arrantzale auzoko mahaiak, nola janez, hala jendez ere.
Batzuk baserritarren azoka ikusten geratu dira; besteak, berriz, alde zaharrera joan dira. Josu Mendia iruindarra da horietako bat: «Duela zortzi urte hasi nintzen euskara ikasten, eta badira lau urte mintzapraktikan ere banabilela». Gogotsu etorri da, aukera polita dela uste du herria ezagutzeko, baina, bereziki, egun osoan euskaraz aritzeko.
Xede bereko bi jai
«Orain abestu, Andoni!» oihukatu du neska batek, tren zuri-berdean igo orduko, ibilaldi gidatuari ekiteko gogotsu. Barrearekin erantzun dio hark; Arabako Errioxan bizi da Andoni, azpeitiarra den arren: «Bi urterako joan nintzen, eta 27 daramatzat jada». Euskaltegiko irakaslea da, eta eguna pasatzera etorri da ikasleekin: «Hainbat herritako ikasleak ditugu: Guardiakoak, Oiongoak, Bastidakoak (Araba), Vianakoak, Mendabiakoak... Baita Logroñokoak (Espainia) ere», esan du atzeko gizona seinalatuz.
Itsasertzeko bidean joan-etorria egin du trenak, gidaren azalpenek eta mintzalagunen kontu eta kantuek girotuta. Alde zaharreko kaleetan sartu da gero. Ordubete eskaseko paseoaren ondoren, handik jaitsi eta gaztelua ikustera abiatu dira, oinez. Bitartean, irrati uhinak zabaldu dira azokaren inguruko terrazetan. Eñaut eta Koldo aritu dira esatari lanetan, eta haiek girotu dituzte herriko kaleetan geratu diren mintzalagunen belarriak. Hondarribiko hitz bereziak bildu dituzte, eta abesti bat egin dute haiekin saioaren amaieran.
«Egun asko ari gara ospatzen gaur, Mintza Eguna batetik, eta Blagan Eguna bestetik. Baina xede bakarra dugu: mintzatzea, blagan aritzea», esan du esatarietako batek irratitik. Izan ere, bat egin dute Euskal Herriko mintzalagunen festak eta Hondarribiko Blagan Euskara Elkartearen egunak. Bigarrenez ospatu dute egunhori, Martin Lizeaga lehendakariak harrera ekitaldian gogoratu duen moduan.
Bazkalordua laster heldu zaie mintzalagunei, bete-beteko goiza izan baitute; 250 lagun inguru elkartu dira Soroetako frontoian, Abiyuan txarangarekin kalejira egin ostean. Eztarriak busti dituzte, baita sabelak bete ere, arratsaldeko dantzaldirako indarrak hartzeko. Oinak astinduko dituzte han, baina mihia astintzeari ez diote utzi egun osoan, euskara aditzeko eta euskaraz aritzeko plaza bihurtu baita Hondarribia.
ATZEKOZ AURRERA
Euskaraz, aditu eta aritu
Euskal Herriko hainbat txokotako ehunka lagun elkartu dira Hondarribian, Mintza eta Blagan Egunean. Euskara entzuteko eta erabiltzeko aukera izan dute, herria ezagutuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu