Eneko Iriondo. Ikerlaria

«Euskaratik pentsatutako estrategia digital bat behar da»

Ikus-entzunezkoen azterketa bat idatzi du Iriondok, Behategiaren urtekarirako. Haren ustez, euskarak plataformetan presentzia handiagoa izateak erabileran eragingo luke.

RAUL BOGAJO / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun

Ikus-entzunezko Komunikazioko graduduna eta Multimedia Komunikazioko masterduna da Eneko Iriondo (Eibar, Gipuzkoa, 1999). Errealizadore laguntzaile ere aritu izan da ETBn.

 

Azkeneko urteetan, streaming plataformek sekulako gorakada izan dute Euskal Herrian. Nola eragiten ari zaio ikus-entzunezkoen ekosistemari?

Plataformen erabilera izugarri handitu da, bai. Euskal Herrian herritarren erdiek dute plataformaren bateko harpidetza. Eta gazteen artean, hamarretik ia zortzik dute plataformaren baterako sarbidea. Horrek eragin handia izan du beste kontsumo bideetan. Telebista konbentzionala eta zinema aretoak jaitsiz joan dira pixkanaka. Pandemiak bizkortu egin zuen prozesua: kontsumoa plataforma horietan ari da zentratzen.

Plataforma horietan euskarak oso presentzia txikia du, ezta?

Oso eduki gutxi daude euskaraz plataformetan; batzuetan bakar bat ere ez dago. Horrenbestez, euskarazko edukiak kontsumitu nahi ditugunontzat zaila da horiek aurkitzea. Plataformetan euskarazko edukiak areagotzea ezinbestekoa da, eta eskubide bat da. Hitz egin dudan adituek aipatu didate horrek eragina duela euskararen normalizazioan. Euskararen ezagutzak gorantz egin du, baina erabilerak ez neurri berean. Plataformetan euskarak presentzia handiagoa izateak euskara bera zabaltzen eta erabilera areagotzen lagunduko luke.

Behategiaren urtekarian idatzi duzu premiazkoa dela euskarazko edukien estrategia digitala sortzea. Nolakoa izan beharko luke estrategia horrek?

Euskarazko gero eta eduki gehiago daude Interneten eta sare sozialetan, baina barreiatuta daude. Euskaratik pentsatutako estrategia digital bat behar da: euskaratik sortua eta euskarazko edukiak kontsumituko dituen audientzia aintzat hartzen duena. Euskara ingurune digitaleko esparru guztietan kokatu behar da, eta, horretarako, estrategia eta plataforma propioak behar ditugu. Berariazko diru-laguntza lerroak ere indartu behar dira

EITBk esan du Primeran plataforman ez direla soilik EITBko edukiak egongo. Nolakoa beharko luke plataforma horrek?

Beharrezkoa da plataforma horretan dauden eduki guztiak euskaraz egotea. Beste hizkuntzetarako plataforma asko dauzkagu, eta euskaran oinarritutako plataforma bat behar dugu.

Teknologia aurrerapenak direla eta, plataformetan azpidatziak automatikoki egin ahalko direla aipatzen da sektorean. Nola ikusten duzu hori?

Entzun dudanez, hasiak dira horretan probak egiten. Emaitza onak eman dituzte proba horiek. Teknologiak egun duen abiadura ikusita, epe ertainean bideragarri izango da. Horrek ahalbidetuko digu mundu osoko edukiak euskarazko azpidatziekin kontsumitzea.

Ikus-entzunezko kontseilu bat sortzea zertan izango litzateke garrantzitsua?

Katalunian, Valentzian eta Frantzian kontseiluak badaude. Euskal Herri osorako begirada izango lukeen ikus-entzunezko kontseilu bat ona litzateke. Horrek ahalbidetuko luke kontrola eramatea eta euskarazko gutxienekoak bermatzea. Erakunde publikoek izan behar duten rola arautzen ere lagunduko luke kontseilu batek.

Ikus-entzunezkoen merkatuak, bere horretan, ez du egingo euskarazko edukien alde. Nolako legeak beharko lirateke egoera iraultzeko?

Legeetan ez naiz aditua, baina ikusi da zer gertatu den Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrarekin. Hasiera batean ematen zuen aurrerapausoak iritsiko zirela euskararentzat, galegoarentzat eta katalanarentzat, baina azkenean ikusi da ez dela halakorik gertatu. Legeak beharko lirateke plataformei gutxienekoak eskatzeko, bai edukietan, bai ekoizpenen finantzaketan. Beharrezkoa iruditzen zait herri mugimenduek eta alderdi politikoek presioa egiten jarraitzea.

Ikerketak egotea ere funtsezkoa dela diozu urtekarian.

Bai, ikerketa asko datuetan oinarritutakoak dira. Baina funtsezkoa da begirada kualitatiboa gehitzea eta sektoreko ahotsak jasotzea. Datuen atzean dauden arrazoietan sakondu behar da. Kontsumitzaileei ere ahotsa eman behar zaie. Ikerketak etengabekoa izan behar du, urte gutxian asko aldatu baita egoera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.