Lehen begi ukaldian agerikoa ez bada ere, literatura eta zuzenbidea elkarri lotuta daude. Gradu amaierako lanik onenaren saria ukan du Peru Irastortza Santxok (Algorta, Getxo, Bizkaia, 2001). Ius et Litterae: hezur ondoko mamia ikerketa lana plazaratu du, literaturaren eta zuzenbidearen arteko zubiak zeintzuk diren ikusteko. Unai Elorriagaren Iazko hezurrak (2014) liburuan oinarrituta, euskal literaturaz eta zuzenbideaz jardun du.
Literaturak eta zuzenbideak zer lotura dute?
Hitzetik eraikitako adierazpideak dira biak. Literatura espresio artistikoa da, eta zuzenbidea, aldiz, espresio juridikoa. Literaturak dituen mila bertute ager daitezke zuzenbidean. Esate baterako, estilistika edo linguistika.
Zergatik hautatu zenuen Iazko hezurrak liburua, Unai Elorriagarena?
Liburuak txunditu egin ninduen. Betidanik izan dut sentsibilitatea politikarentzat eta gatazkentzat, eta liburu horretan bete-betean islatzen dira biak. Bertan, egoera bidegabe mordoa dago, eta justiziaz hausnarketa egiteko hainbat bidezidor eskaintzen ditu. Erakutsi nahi izan dut, euskal literaturako obra bat oinarri harturik, zuzenbideari buruzko analisia euskaraz egin daitekeela; euskaraz eta euskaratik eraiki daitekeen diziplina dela frogatu nahi nuen.
Korronte iusfilosofikoa erabili duzu lana egiteko...
Ikuspegi iusfilosofikoak legeaz hausnartzen du. Demagun... Nazioarteko Justizia Auzitegiak joan den astean agindu zuen Rafahko erasoa bertan behera uztea eta fiskalak eskatu zuen [Benjamin] Netanyahu atxilotzea. Kasu horretan, analisi iusfilosofikoa eginen bagenu, iker genezake zer zilegitasun daukan estatu batek Nazioarteko Justizia Auzitegiari uko egiteko. Finean, zuzenbidearen gaineko hausnarketa egitea da.
Literaturak zer ematen dio zuzenbideari?
Auzi juridiko oso interesgarriak planteatzen dira, Ugandako estatu kolpea, esaterako. Estatu kolpearen egileak, etsai guztiak hiltzeaz gain, haien gorpu zati batzuk ere jan zituen, «ohitura» omen zelako. Zuzenbidea betearazten ez den une horietan, baldin eta ez badago legerik jokabide hori arautzeko, ohiturara jo ahalko duela onartzen du legeak berak. Eta nik neure buruari galdegin nion: «Noraino onar daiteke ohitura izatea gure harreman juridikoak arautzen duen zerbait?». Liburu honi esker galdetu nuen hori; bestela, akaso, ez nuen galdetuko.
Liburuko protagonistak prozesu judizial bat haragitzen du...
Protagonistak epaiketa batean egon daitezkeen lau ikur haragitzen ditu: biktima, lekukoa, epailea eta fiskala da Irene Arrias. Bestalde, pertsonaiak erakusten du zuzenbidea ez dela bakarrik epaiketa bateko partaideek egiten dutena, baizik eta denok egiten eta bizitzen dugun zerbait, oroz haraindikoa baita zuzenbidea.
Bertsolaritzan, batez ere txapelketako saioak hartuta, zuzenbidearen zantzuak ere sumatu dituzu?
Oholtza epaiketa perfektua da, batez ere txapelketakoa. Epaile deitzen dira gure bertsoak epaitzen dituztenak, konnotazio onekin eta txarrekin. Fiskalaren rola ere jokatzen dute. Bertsolaria lekukoa eta biktima da aldi berean. Publikoak, berriz, epailearen eta fiskalaren rola jokatzen du. Epaiketaren printzipioak bat-batekotasuna eta ahozkotasuna dira. Bertso saio bat hori ez bada, zer da? [barrez].
Epaiketa bat zer litzateke, ofizioa edo ganbarako ariketa?
Ariketa guztiek dute epaiketaren zantzua. Ganbarako ariketan jende guztiaren aurrean deklaratzen duzu zerbait. Ofizioa, noski, epaiketaren isla da, rol antagonikoak planteatzen baitira askotan; bata halakoa bada, bestea ez da. Bertsoa ez da txapelketara murriztu behar, baina prozesu judizial ezin hobea da.
LOTSABAKO
Zuzenbidea edo bertsolaritza?
Bertsolaritza.Bertsolaritzako erreferenteak?
Itxaso Paya, Nahikari Ayo eta Miren Amuriza.Zuzenbidea eta bertsoa izanen da hurrengo ikergaia?
Bai, izan liteke.