ATZEKOZ AURRERA

Euskarari plaza, elkarlanean

Jende andana elkartu da Ziburuko IV. Euskal Disko eta Liburu Azokan. Euskarak Lapurdi kostaldean plaza hartzeak duen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek.

Giro atsegina sortu zen Ziburuko plazako karparen azpian. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Ziburu
2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Batzuetan iruditzen zaigu Bidasoa gero eta zabalagoa dela, eta ez migranteentzat bakarrik». Luzien Etxezaharreta idazle, kazetari eta Maiatz argitaletxeko editoreak izan zituen hitz horiek, atzo goizean, Ziburuko IV. Liburu eta Disko Azokaren irekieran. Etxezaharreta omendu nahi izan dute aurten, bere ibilbideagatik eta euskarari egindako ekarpenagatik. «Emankorra, aparta eta balio handikoa» izan dela erran zuen Maialen Tapia Baltsan elkarteko kideak.

Argia-ren ehungarren urteurrenaren kari abiatu zuten elkarlana Ziburuko (Lapurdi) elkarte euskaltzaleak eta aldizkariak, 2019an. Bien artean antolatzen dute. «Txikitik handira joan gara», esplikatu zuen Ladix Arrosagarai Baltsaneko kideak atzo. «Iaz baino espazio zabalagoa da; gune berriak, jende gehiago. Desafioa irabazia dugu». Ipar Euskal Herrian euskarak duen egoera ere aipatu zuen Jenofa Berhokoirigoin Argia-ko kazetariak. «Euskara ez da ofiziala, diglosia bortitza pairatzen dugu. Biziki inportantea da horrelako egun bat izatea, plaza hartzea».

36 mahai izan dituzte aurten, mota guzietako argitalpenekin, eta egitarau zabala ere antolatu dute: solasaldiak, liburu aurkezpenak, bertso saioa, kontzertu txikiak eta, gorputza goxatu nahi duenarentzat, Kaskarotenea ikastolako gurasoek prestatutako taloak eta ostatua. Goizean goizetik, jende andana zebilen, euskal giro nabarmenean.

Etxezaharreta eta Leire Lopez Susa argitaletxeko editorearen arteko solasaldiarekin hasi zen eguna. Emakumeen lekua, hizkuntza, edizio lana; denetik izan zuten aipagai. 40 urte bete ditu Maiatz-ek aldizkari gisa, eta beste hainbeste izanen dira heldu den urtean argitaletxe gisa. «Literatura gizon kontserbadoreen eremua zen», oroitu zuen Etxezaharretak. Orduan gizartean ikusten zituzten aldaketei erantzuten entseatu zirela azaldu zuen. Hala ere, Lopezek azpimarratu zuen gaur egun oraindik euskal literaturak ez duela euskal gizartearen antza.

Ziburuko plazan askotariko proposamenak ezagutzeko parada zegoen atzo. Eli Pagolak, Miren Artetxek eta Maitane Gartziandiak ondu duten Ño komikia izan zen horietako bat. Astelehenean atera zen argitara, eta atzo aurkeztu zuten lehen aldiz. Bertso saioen inguruan sortzen diren egoerak ditu hizpide, emakume bertsolarien esperientzietan oinarrituta.

Xan Idiarten Nostalgia ez da salgai ipuin bilduma ere aurkitu zitekeen Maiatzen mahaian. Martxoan atera zuen, baina atzoko azokaren berezitasuna azpimarratu zuen: «Ipar Euskal Herrian hau da euskal literaturaren azoka; hau da gurea». Gatuzainen mahaian Hamalau proiektua zegoen berrikuntzetan. «Izarrei begira kontatzen ziren ipuin zaharrak» rap modura ezarri ditu Musde Pillikezek, Xabier Sagastaren ilustrazioekin.

Nazio ikuspegia

Eguerdian jolasean aritu ziren Unai Iturriaga eta Maddalen Arzallus bertsolariak, eta Marrakatue eta Aitor Txarterina marrazkilariak. 64 zenbakia asmarazi behar izan zieten lehenik: Pirinio Atlantikoetako departamenduaren zenbakia, besteak beste. «Nik zazpiak bat aldarrikatuz erditik moztuko nuke», kantatu zuen Arzallusek. Liburu eta disko azoka Euskal Herria bitan banatzen duen Bidasoa ibaia gehiegi zabaldu ez dadin «zubi bat» izan daitekeela irudikatu zuen Arrosagaraik: «Euskararen errepublika efimero bat da hau, egun baterako; arnas une bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.