Presoen Euskara Irakasle Taldeko kideak

Ane Aristi, Arkaitz Zarraga, Gorka Lazkano eta Gorka Galdeano: «Euskarari buruz arrastorik ez dutenengan ere piztu dugu jakin-mina»

Hau Pittu Hau konpartsak Presoen Euskara Irakasle Taldeari eman dio aurtengo Euskara saria. Zazpi urteren ondoren, taldeak bukatutzat eman du bere bidea.

Ezkerretik, Gorka Lazkano, Gorka Galdeano, Ane Aristi eta Arkaitz Zarraga Presoen Euskara Irakasle Taldeko kideak Hau Pittu Hauren txosnan, Bilboko Areatzan, atzo. Euskara Saria dute eskuetan. BERRIA
Ezkerretik, Gorka Lazkano, Gorka Galdeano, Ane Aristi eta Arkaitz Zarraga Presoen Euskara Irakasle Taldeko kideak Hau Pittu Hauren txosnan, Bilboko Areatzan, atzo. Euskara Saria dute eskuetan. BERRIA
amaia igartua aristondo
Bilbo
2024ko abuztuaren 23a
05:00
Entzun

Aurten, Eusko Jaurlaritzak eta HABEk beren gain hartu dute presoei euskara irakasteko zeregina, eta ofizial bilakatu dira ikasketok; hori horrela, Presoen Euskara Irakasle Taldeak bukatutzat eman du bere ibilbidea. 2017an sortu zen, Euskal Herritik kanpo zeuden presoei euskaraz trebatzen laguntzeko; hirurogei bat irakasle ere aritu izan dira, denak boluntarioak. Taldearentzat izan da aurten Hau Pittu Hau konpartsa euskaltzalearen Euskara saria. Hastapenak eta erdiespenak aletu dituzte lau irakaslek: Ane Aristi (Urretxu, Gipuzkoa, 1981), Arkaitz Zarraga (Santutxu, Bilbo, 1972), Gorka Lazkano (Orereta, Gipuzkoa, 1976) eta Gorka Galdeano (Santurtzi, Bizkaia, 1967).

Noiz sartu zineten taldean?

ARKAITZ ZARRAGA: Ni hasieratik nago. Orain dela zazpi urte hasi ginen; EGAren azken urtea zen. Orduan, zazpi irakasle eta zortzi ikasle egon ginen. Sakabanaketaren garaia zen, eta EGA ateratzeko aitzakiarekin, probatxo hori egin genuen; emaitza oso ona izan zen, ze denek gainditu zuten EGA. Hurrengo urtean, EGA desagertu zen, eta HABEk hartu zuen bere gain tituluen gaia; tituluak aitzakia bat izan dira beti euskara kartzeletan sartzeko. C1 ez zeukatenei ere eskaintza egin genien: B1, B2, C1 eta C2. Gure harrigarri, 48k eman zuten izena, baina ezin genion eskariari aurre egin; deialdia zabaldu genuen euskaltegi gehienetara, ezagunen bitartez, eta berehala lortu genituen beste horrenbeste irakasle.

Sakabanaketaren urteetan zelan moldatzen zineten klaseak emateko?

GORKA GALDEANO: Esperientzia ez zen txarra izan, baina zailtasun pila izan nituen lehenengo bi ikasleekin, batez ere materiala bidaltzeko, idazlanak zuzentzeko, jarraipena egiteko... Bisitak kendu behar genizkien senideei, baita paketeak eta gutunak ere.

Oztopoak ipintzen zituzten?

GALDEANO: Denbora kontua zen. Dena gutun bidez egiten genuen. Idazlan bat zuzentzea hilabeteko kontu bihurtzen zen.

ZARRAGA: Komunikazioak kontrolatuta zeuzkaten, eta gutunak itzuli egiten zituzten. Hori zen traba nagusia. Eta zuzenketak ondo esplikatu behar ziren. Orduan, lanketa berezia behar zuen.

«Idatzizkoa lantzeko, gutun bidez nola edo hala moldatzen ginen, baina ahozkoa lantzeko, edo telefono bidez egin behar zen, edo bisitaren bat kenduta familiari»

ARKAITZ ZARRAGAPresoen Euskara Irakasle Taldeko kidea
Sakabanatutako presoentzat, hori zen euskaraz egiteko modu bakarra?

ZARRAGA: Tira, euren artean hitz egiten zuten. Sakabanaketaren garaian, presoek euskara erabili dute, eta askotan esaten zuten hori zela euren territorio libre bakarra. Egia da komunikazioak, euskaraz izanez gero, kontrolatuak zirela, eta itzulpena egiten zutela; batzuei telefono deiak ere ez zieten euskaraz egiten uzten, baina beste batzuei bai. Espetxearen arabera, gauzak asko aldatzen ziren.

ANE ARISTI: Eta askok oso modu autonomoan ikasten zuten. Hori ona izan da, baina maila jakin batera heltzen zarenean, zure beharrak beste batzuk dira, eta behar horiek ez ziren asetzen. Jarraipen bat behar zuten, eta ez zegoen.

Zer helburu zuten: hutsetik ikasi nahi zuten, edo trebatzea zen helburua?

GORKA LAZKANO: Ez da egon inor hutsetik hasi dena. Hasieran, batez ere C1 maila lortzea zen helburua. Postaz aritu ginen boladan, C2 asko egon ziren. Eta, gero, B1etik gora. Eta baziren euskaldun zahar asko, baina alfabetatu gabeak, beste prozesu mota bat egin behar zutenak.

Ahozkoa lantzea zailagoa zen, ezta?

ZARRAGA: Idatzizkoa lantzeko, gutun bidez nola edo hala moldatzen ginen, baina ahozkoa lantzeko, edo telefono bidez egin behar zen, edo bisitaren bat kenduta familiari. Edo, bestela, agintzen genien ikasle bat edo ikasle ez zen norbait topa zezatela, gai bat aukeratu zezatela, eta bata alde eta bestea kontra ari zitezela, egoera komunikatibo horretara ohitzeko, ze gero azterketak egingo zituzten.

Ane Aristi Presoen Euskara Irakasle Taldeko kidea Hau Pittu Hauren Euskara Sariarekin, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ane Aristi Presoen Euskara Irakasle Taldeko kidea Hau Pittu Hauren Euskara sariarekin, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2021ean, espetxeen eskumena Eusko Jaurlaritzaren gain geratu zen. Mugarri bat izan zen zuentzat?

ZARRAGA: Lehenago, sakabanaketaren garaian, beti saiatu izan gara HABEren bitartez ikasketa horiek ofizialak kontsidera zitezen. [Espainiako] Espetxe Erakundeekin negoziatu behar zen, eta badakigu HABE saiatu dela, baina ez zuen emaitzarik lortu. Orduan, eskumenak transferitu eta preso gehienak hona ekarri zituztenean, erabaki genuen klaseak bertatik bertara egitea. HABErekin eta Justizia Sailarekin negoziatu genuen, eta baiezkoa eman ziguten. Zaballan [Araba] hasi ginen, eta Martutenen [Gipuzkoa] eta Basaurin [Bizkaia] ere eman genituen.

LAZKANO: Zaballan bazegoen aurrekari bat: bertso eskola jarri zuten martxan, eta haien ereduari begira jarri ginen, haiekin bildu ginen, nola ari ziren esplikatu ziguten... Zundaketa bat egin genuen: zerrendak jarri, eta 112 presok eman zuten izena A1 mailatik C2 mailaraino. Horrekin bageneukan oinarri on bat HABEren eta Eusko Jaurlaritzaren ateak jotzeko. Kartzela bakoitzak bere baldintza propioak zituen. Batzuetan, azpiegitura egokiagoak zeuden; Basaurin, askoz ere egoera kaxkarragoan eman behar zituzten eskolak.

Halako egoeretan, tituluak zer garrantzi du?

ZARRAGA: Nolabait ere, presoa kanpora begira jartzen du. Titulu horrek zabaldu ahal dizu ateren bat kanpoan. Eta bada langa bat gainditzea ere.

ARISTI: Gure lana ez da ofiziala izan. Euskara ikasten ibili dira, baina ez dira euskaltegi bateko ikasleak izan. Beraz, hor egindako lana baliatzeko, HABEko azterketa ofizialetara aurkeztea da aukeretako bat. Espetxean, horretarako aukera eta eskubidea badute.

ZARRAGA: Eta garai guztietan gainditze tasa oso-oso handia izan da. Egia da ikasle hauek idaztera ohituta daudela; ezberdin idazten dute, eta ez da euskaltegiko idazlan tipikoa: freskotasuna eta aberastasuna daukate. Eta, adibidez, C2 maila askok gainditu dute, eta hori ez da oso arrunta kanpoan.

«Gure lana ez da ofiziala izan. Beraz, hor egindako lana baliatzeko, HABEko azterketa ofizialetara aurkeztea da aukeretako bat»

ANE ARISTIPresoen Euskara Irakasle Taldeko kidea
Taldeak bidea bukatu du. Zer ekarpen egin du?

ZARRAGA: Gatazka txiki asko galdu ditugu, baina irabazi ere bai. Eta ekinez, azkenean lortu dugu espetxe barrura sartzea. Garai batean euskara oso arrotza zen lekuetara eraman dugu. Eta kartzelaren barruan ere, euskararen presentzia orain handiagoa da. Kartzelan, begirada iluna eta bortizkeria nahiko presente daude; euskara samurtasunarekin lotu dute, eta erakargarri egin zaio jende askori.

ARISTI: Klaseak ateak itxita ematen dira, kamera baten begiradapean, baina klaseetatik haratago, espetxe osoari zabaldu diogu euskarazko kontzertu bat edo euskarazko liburu baten aurkezpena entzuteko aukera. Eta euskalduna ez den eta euskarari buruz arrastorik ez duen horrengan ere piztu dugu nolabaiteko jakin-mina. Uste dut hori dela orain tiratu beharreko haria: HABEk eta Eusko Jaurlaritzak hasierako mailei heldu behar diete, nahi eta nahi ez. Euskarak ere izan behar du gizarteratzeko tresna bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.