Mitxel Elortza. (H)Itzartu EITB mugimenduko ekintzailea

«Euskararentzat kuotak ezarri behar dira ETBn»

EITBren Bilboko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egingo du larunbatean (H)Itzartu EITB taldeak, 'Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz' lelopean. Eskubide urraketez mintzo da Elortza.

RAUL BOGAJO / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Irakaslea da Mitxel Elortza (Gasteiz, 1988). (H)Itzartu EITB mugimenduko bozeramaile gisa lehen elkarrizketa du hau.

Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz! lelopean antolatu duzue elkarretaratzea, hilaren 20rako. Zergatik?

Urteak dira ETBk nazioarteko edukiak euskaraz eskaintzeari betoa jarri ziola; urteak euskarazko bikoizketa helduen programaziotik baztertu zuela. (H)itzartu EITB ekimeneko kideontzat, ez da onargarria ikusle datuak hobetzeko euskara eta euskarazko bikoizketa baztertzea. Zenbait adibideren bidez argiago uler daiteke errealitate gordina: 2021etik ETBk 504 film erosi ditu: 458 gaztelaniaz, 28 gaztelaniaz eta euskaraz, eta beste 20 gaztelaniara bikoiztu ditu. Bakar bat ere ez euskaraz. Telesailak, berriz, 48 erosi dira; horietatik 17 euskarara bikoiztu dira, 11 gaztelaniara, eta 20k gaztelaniazko audioa zuten. Horrez gain, azken sei urteetan bikoiztaileei soldata ia %40 jaitsi diete.

ETBk atzerriko film eta telesail guztiak ETB2n eta gaztelaniaz ematen ditu. Zer proposatzen duzue zuek?

Erakundeei egungo ikus-entzunezkoen politikak berriro pentsatzeko eskatzen diegu, indarrean daudenek herritarren eskubide urraketa dakartelako eta kaltea eragiten diotelako hizkuntzari. Urgentziazkoa da ETBn euskarazko ikus-entzunezkoei tokia egitea; euskarazko ekoizpenez gain, nazioarteko puntako edukiak euskarara bikoiztuta eta azpidatzita estreinatzea. Horretarako, euskararentzat kuotak ezarri behar direla deritzogu. Urtez urte horiek handitzea nahiko genuke.

Zer helarazi nahi diozue ETBri?

Datuek argi erakusten dute egungo ETBk ez duelaapustu sendorik egiten euskararen eta euskarazko edukien alde. Utz ditzatela audientziak alde batera, eta pentsa dezatela apur bat gehiago nola birplanteatu daitekeen ETBko programazioa, euskara berriro ere ardatz nagusi bilakatu dadin.

Nolako mugimendua da (H)itzartu EITB?

Ekimena 2021eko abenduan sortu zen, euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko mugimendutik. Dozena erdi kidek osatzen dugu talde eragilea, eta euskararen alde arlo ezberdinetan lanean ari garen euskaltzalez osatutako talde konprometitua osatzen dugu.

Erakundeei gaur egungo ikus-entzunezkoen politikak birpentsatzeko eskatu diezue. Nolako politikak izan beharko lukete horiek?

Urgentziazkoa da EITBk, bere euskarri eta leiho guztietarako, euskarazko ikus-entzunezko edukien eskaintza zabal eta erakargarria osatzeko lanei ekitea, jakitun baikaude ikus-entzunezkoen eskaintzak berebiziko garrantzia dutela hizkuntza biziberritzeko eta hizkuntza estandar informala eraikitzeko. Politiken sakoneko aldaketa eskatzen diogu ETBri. Eta aldaketa, besteak beste, bikoizketaren bidez etorriko da.

Zer espero duzue irailean martxan jarriko den Primeran plataformaz?

Hasierako itxaropena luze gabe zapuztu zen; beraz, ezer gutxi. Primeran-en ez da egingo euskarara bikoiztutako edukien alde, eta horrela nekez osa dezakegu euskarazko eskaintza zabal eta erakargarria. Bestalde, hasieran uste genuen eduki guztiek euskarazko azpitituluak izango zituztela, eta badirudi ez dela hala izango.

Nola irudikatzen duzue etorkizuneko ETB?

Euskara berriro ere erdigunean jarriko duen ETB bat irudikatzen dugu. Sakoneko eraldatzea proposatzen dugu, EITB izan dadin herri kohesioaren, euskararen biziberritzearen eta euskal kulturaren sustapenaren zerbitzura sendo eta uste osoz jardungo duen erreferentziazko eta prestigiozko hedabide publikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.