Jaiak Gasteizen

Euskararen txoko txiki luzea

Goiz eta arratsalde, euskal kulturaren ondare diren dantzek eta kultura ekintzek koloreztatu dute Aihotz plaza. Hain zuzen ere, euskal kulturarekin lotutako eskaintza zabala hartu ohi du txoko horrek jaietan: bertso saioak, musikariak, trikitilariak...

Euskararen txoko txiki luzea.
Igor Galarza.
Gasteiz
2019ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Txoko txiki luze» gisa deskribatu du Amets Arzallus bertsolariak Gasteizko Aihotz plaza. Txoko horretan egindako bertso saioaren hasierako agurrean bota du deskribapena. Haren ondoan dira Saioa Alkaiza, Paula Amilburu eta Iñaki Viñaspre bertsolariak,oholtza gainean kantuan; Aintzane Irazustak jarritako gaiekin hitzak dantzan jartzen. Agurrak egin ondoren, hasi da bertsolarien arteko jolasa. «Aihotzak zorrotzak» eraman dituztela bota du Arzallusek halako batean; irrietarako ez ezik, aldarrietarako tartea izan du laukoteak.

Giro ederra dago Aihotz plazan, eguerdi bero baterako. Eguzkiak gogor jotzen du jendearen kopetetan eta lepoetan. Plastikozko aulkietan eseri eta, beroaren beroaz, ipurdia arin altxatu behar izan duenik egon da. Are gehiago, bertso saioa baino ordu erdi lehenago egin duten trikiti emanaldian ere jendeak gogotik jasan behar izan du eguerdiko beroa.

Gasteizko jaietan gertatu ohi den bezala, Aihotz plazan euskal kulturak bere lekua egin du. Hala hausnartu du Luis Miguel Varonak, Aihotz plazan kokatuta dagoen Le Basque tabernaren jabeak: «Egun guztietan, goiz eta arratsalde entzuten da hemen euskal musika: trikitilariak, txistulariak... eta bertsoak ere egunero daude. Giro euskalduna dago hemen, erabat». Bere tabernako zerbitzariari «zurito bat» eskatu, eta hark gazteleraz erantzun: «Bat esan duzu, ezta? barkatu, apurka ikasten ari naiz». Zerbitzariaren iritziz «giro ederra eta sanoa» egon ohi da Aihotz plazan festa egunetan.

Eguzki izpiak eztarriak freskatu beharra ematen ari dira jai egunotan, nahiz eta gauren batean euri apur bat bota duen. Plazara joaten den jendeak tabernetara eta txosnara hurbiltzeko aukera du. Geu elkarteak, duela hainbat urtez errepikatu den bezala, ez du hutsik egin nahi izan euskararen eta euskal kulturaren arnasgunean, eta txosna bat du. Varonak esan du aurten jaiak «oso ondo» doazela tabernan. Baina, haren ustez, «beherakada bat» nabarituko da plazan.

Plazan jende asko bildu bada ere, bertako ostalariek hausnartu dute jaietako egunik «jendetsuena» eta «onena» astelehena izan zela: «Zeledon jaitsi zen eguna oso ona izan zen guretzat, baina astelehenean sekulako giroa egon zen». Zerbitzariak esan du aurreko egunak «oso luzeak eta lanpetuak» izan direla: «Jendez gainezka zegoen plaza, eta tragoak eta pintxoak gelditu barik ateratzen aritu behar izan genuen. Luzeak dira lanorduak, baina giroak, musikak eta jendeak lana erraztu digute».

Euskal agertokia

Tabernako barratik itzaletara joan da Kataluniatik etorritako talde bat, plaza zeharkatuz, bertsolariak kantatzen ari diren bitartean: «Zer ari dira esaten?» bota du batek galdera. «Pankarta batzuen inguruko zerbait», erantzun besteak, entzun duenaren arabera interpretatzen. Egunotan, kanpotik datorren pertsona ugari igaroko da Aihotz plazatik; Kataluniakoen antzera, oholtza gainean dauden pertsonak zertan ari diren jakin gabe.

20:00etan, jendetza dago Aihotz plazan. Gasteizko jaietako une politenetako bat biziko dute bertan ehunka pertsonak: larrain eta txulalai dantza herrikoiak. Eguzkia joan da, baina tenperatura atsegina egiten du. Plazaren puntatik puntara zabaldu da jendea larrain dantzarako. Txulalai dantza heldu da gero.

Orduan, biribil txikiagoetan banatu, eta Gasteizko euskararen txoko txiki luzea koloreztatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.