Bilboko ez-jaiak

Euskararen «oasiak»

Bilboko errealitate soziolinguistikoari erreparatuta, hainbat konpartsak erdigunean dute euskararen normalizaziorako erronka; horien artean daude Hor Dago Abante, Hau Pittu Hau eta Algara konpartsak.

Hau Pittu Hau konpartsak urtero ematen du Euskara saria; iaz Seaskari eman zion. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun

Euskararen normalizaziorako erronka eragile askoren eguneroko agendan dago. Erronkaren tamaina eta forma, ordea, ez dira berdinak Euskal Herriko txoko guztietan. Bilboko egoera linguistikoarekin borrokan dihardute Algara, Hau Pittu Hau eta Hor Dago Abante konpartsek. Aste Nagusia mugarri hartuta, euskararen normalizazioa dute helburu. Horretarako, hainbat egitasmo eta proiektu antolatzen dituzte.

 

«Normalizaziorako, prentsa ere bultzatu behar zela iruditzen zitzaigun», azaldu du Agurtza Sotchek, Hor Dago Abante konpartsako kideak. Jabi Zabala Algarako konpartsakideak normalizaziorako «uneak» eta «guneak» sortu behar direla uste du: «Jendea euskarara erakarri behar da, eta horretarako leku bat eskaini nahi diegu». Hau Pittu Hau konpartsako Ander Huidobro ere berdintsu mintzo da: «Euskararen borroka lehen lerrora eraman nahi genuen. Hala, herritarrei euskaraz mintzatzeko espazio bat eskaintzen diegu; izan ere, hemengo jende askok lanean eta beste esparruetan, euskararekin harreman gutxiago dauka. Guk hori bete nahi dugu».

Konpartsakideek euskararen borroka «lehen lerrora» ekarri nahi izan dute aspaldidanik. Erronka hori ulertzeko, Txerra Rodriguez soziolinguistak Bilboren argazki arin bat egin du: «Proportzioan, euskaldun gehien dagoen hiria da, ehuneko hogeita piko. Baina auzotik auzora desberdintasun handia dago». Hori ikusita, Zabalak uste du Bilboko euskal komunitatea trinkotu egin behar dela: «Helburu soziolinguistikoen artean, garrantzitsua da Bilbon komunitatea trinkotzea. Izan ere, Bilboko euskaldunak sakabanatuta eta erdaldunez inguratuta bizi gara. Gaztelania airean ere badago; leku guztietan dago».

Herri jaiak, «arnasgune»

Rodriguezek uste du Bilboren dinamika aldatzea «zaila» dela, baina, aldaketa horretan, konpartsak eta herri mugimendua «euskararen arnasgune» gisa ikusten ditu: «Herri jairik gabe ez dut uste Aste Nagusian euskararen presentzia horrelakoa izango zenik. Herri mugimenduak euskararen identitatea du txertatuta, eta Bilbon konpartsak izan dira herri mugimendu horren adierazpide». Ideia horrekin lotuta, hipotesi bat bota du: «Bilbon, herri mugimenduan errotutako jaiak egongo ez balira, euskara erabiltzeko aukera txikiagoa izango litzateke».

Huidobrok ere herri jaien eta euskararen arteko loturan sinesten du; are gehiago, Bilboko Aste Nagusia euskararen «erakusleiho» bat dela uste du: «Aste nagusia erakusleiho bat da euskararentzat. Jairik ez egotean, ikusi da euskarak herri mugimenduan eta kaleetan indar handia zeukala». COVID-19aren krisiak ere euskarari arrakala bat sortu diola azaldu du: «Koronabirusaren krisiak erakutsi du herri mugimenduak espazioa galdu duenean erdarak irabazi egin duela». Harremanak eten izanak euskara gelditzea eragin duela uste du Sotchek: «Harremanak gelditu direnez, euskara ere gelditu egin da. Gure esku dago hori indarberritzea». Hauspo horren giltza erabileran ikusten du Sotchek: «Etengabe ari gara erabileraz hitz egiten; geldialdi hau momentu ona izan daiteke erabilera areagotzeko, galera bat dagoela ohartu garelako».

Konpartsetako giroa «euskaldunagoa» bihurtu dela uste dute hiru konpartsakideek. Zabalak honela deskribatu du konpartsen ingurua: «Bilboko errealitate soziolinguistikoaren irla». Inguru horretan, euskaltzaletasunerako joera dagoela iruditzen zaio, baina beti ez da hala izan: «Euskararen egoera hau azkeneko urteetan burugogor batzuek landu dugun norabide bati esker izan da». Hamarkada bat atzerago jarri du begirada Zabalak: «Apurka- apurka, emaitzak begi bistakoak dira. Orain dela hamar urteko egoera eta gaurkoa desberdinak dira: alde ederra dago, askoz euskaldunagoa da orain konpartsen ingurua».

Zabalak dio konpartsa euskaldunen lanaren fruitu dela: «Gu ibili gara hitza hartzean euskaraz egiten, nahiz eta hasieran deserosotasun batzuk sortu ditugun». Huidobrok ere sumatu du euskararen erabilerak gora egin duela jai giroan: «Konpartsen barne funtzionamenduan, bai federazioan bertan, euskara gero eta presenteago dago. Besteen aldarrikapen nagusia euskara ez bada ere, federazioan gaur egun ez dago euskaraz funtzionatzeko arazorik; hor aldaketa handia sumatzen da».

Sotchek ere jarrera aldaketa sumatu du federazioan: «Jendeak gazteleraz hitz egiteko ohitura handia zeukan, euskalduna izan arren. Egun, lehenengo hitza euskaraz izan daitekeela sinesten ari gara. Egia delako ari gara sinisten».

Erronkaren oreka puntua

«Oreka puntua bilatzea ez da erraza», azaldu du Zabalak. Konpartsek irizpide argi bat dute taldean: eskaintza, kontsumoa eta erabiliko den hizkuntza euskara izatea. Zabalak aitortu du, ordea, irizpide hori ezartzeak albo kalte batzuk dakartzala:« Euskaraz gauzak egiteagatik ez gara aberastuko. Euskarak ez du dirurik ematen». Baina konpartsentzat ekonomia ez da helburuak oztopatzeko aitzakia: «Egiten dena ezin da irizpide ekonomiko hutsetatik bideratu. Gu ez gaude diruagatik, gu jaiak euskalduntzeko gaude. Erakusteko hizkuntza ez dela akademikoa soilik».

Musika ere hausnarketarako gaia izaten da txosna euskaltzaleetan: «Ingurukoekin adostuta, euskal musika kontsumitzen saiatzen gara, euskal kultura lehenetsiz», azaldu du Huidobrok. Rodriguezek ere musikaren eragina azpimarratu du: «Egia da euskal musika kontsumitzea garrantzitsua dela euskararen normalizaziorako». Kafe Antzokiak jarri ditu musika kontsumo horren adibidetzat.

Hala ere, Rodriguezek uste du eragile gehiago daudela: «Erabilera bultzatzen duten faktore asko daude, eta konpartsek ondo zaintzen dituzte: kartelak, mezuak...». Huidobrok dio Bilboko txosnagunea euskararen «oasi» bat dela, eta hori lortzeko elementu txiki asko zaindu direla: «Txosnaguneko giroak euskara gehiago erabiltzera bultzatzen zaitu. Badirudi ez dela garrantzitsua, baina kartelak euskara hutsean egoteak euskaraz eskatzera animatzen zaitu». Sotchek ere babesgune direla uste du: «Euskararen arnasgune garrantzitsuenetako bat dira konpartsak. Euskaltegiak eta jaiak eten diren honetan, ezinbestekoa izango da arnasgune horien galera horiek konpentsatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.