Euskararen mutil gerrilleroa

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak banatuko dira hil honen 29an Andoainen, Rikardo Arregi bera ohoratuz. Neke gaitza da urte gutxian hark bezainbeste egitea: kazetari, idazle, kultur eragile, pentsalari, politikari... Haren alderdiok goratuko dituzte.

RIKARDO ARREGI
Rikardo Arregi zenaren argazkia, haren anai-arreba Mikel eta Begoñaren eskuan. ZALDI ERO
Miel Anjel Elustondo
Andoain
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

Begoña Arregi Aranbururi malkoekin batera irristatzen zaizkio hitzak, anaiaren heriotza tragikoaz ari dela. «Oso mingarria zait Rikardoren heriotzaz hitz egitea… Lanean nengoen, Donostian, eta telefonoa jo zidan aittak. ‘Har ezan taxia, eta etorri hadi etxera lehenbailehen, Rikardok trafiko istripua izan din’. Eta Andoainera etorri, eta Mutrikura joan ginen, han baitzeukaten Rikardoren gorpua. Neuk egin behar izan nituen zerraldoa etxera ekarri ahal izateko tramite guztiak, aitta lur jota baitzegoen... Oso mingarria zait horretaz hitz egitea, da min bat sekula joaten ez dena… Gogoan daukat, hilkutxa etxetik atera behar zutenean, amak nola esan zion negarretan: ‘Agur, seme!’. Ez zion besterik esan. Eta ez aitta ez ama etorri ziren elizara hiletara, anai-arrebok joan ginen». Eta handik astebetera herri meza egin zenean ere, berdin, anai-arrebak bai, gurasorik ez Andoaingo Goiko plazan, San Martin Tourskoaren elizan.

RIKARDO ARREGI
Rikardo Arregiren hilkutxa, Andoaingo hilerri zaharrera bidean. ARREGI ARANBURU FAMILIA

Eta, herri meza hartan, apaizak meza esaten, eta, tarteka, jendea aldarera igotzen, nor bere mina esatera. Eta bataren eta bestearen artean, Gabriel Aresti, poema harrezkero betikotua esaten: Auhenaren sentimendua.Rikardo Arregiren heriotzeagatik negarrez eta tituluaren azpian –eta bertsioak bertsio–, parentesi artean, «Hamar egunean gordea eta (azkenean) Andoaingo elizan lehertua»…

Aurtengo uztaren hamarrean

Bilbaoko zerua mitxeletaz estaldurik

agertu zen.

Mila eta bostehun jainkoilo beltz

pausatu ziren

nire leihoaren kontra,

mila eta bostehun sorgin bihurri,

mila eta bostehun lamia eder...

Begoña Arregiren egia

Rikardo Arregi Aranburu 1942an sortu zen Andoainen, eta trafiko istripuan hil Mendaroko Sasiolan 1969ko uztailaren 10ean. Lehen ikasketak herrian eginik, 11 urte bete, eta seminarioan zen ikasten, Saturraranen eta Donostian. Artean apaiztegian zela publikatu zuen, 1961ean, lehen lanetako bat Jakin aldizkarian: Balmes eta Kant, jakinduriaren asieran. Gazterik, pentsamenduari emana zen Rikardo Arregi, eta, beharbada horrexek eraman zuen, 1962an, seminarioa uzteko erabakia hartzera. «Oso erabaki ausarta hartu zuen, adorez betea. Rikardoren kide askok handik urteetara hartu zuten erabakia. Etxean, berriz, apaiza genuen osaba –amaren anaia–, eta halaxe esan zion gure amari: ‘Hobe da gizon ona izan, apaiz txarra izan baino’. Uste dut horrek gure ama lasaitu zuela». Begoña Arregi da mintzo, Rikardoren arreba eta babes, ez gutxitan.

Apaiztegitik irten, eta Ekonomia Zientziak ikasten hasi zen Rikardo Arregi, Bilboko Sarrikon matrikulaturik, eta Bilbon bezainbat Donostian eta Andoainen estudiatuz, familiaren bizitoki Eguzki-alde etxean.

Garai bertsuan, 1963an, astekari bihurtu zen Zeruko Argia aldizkaria, eta hantxe idazteari lotu zitzaion Rikardo Arregi. Haren anaia Mikel dugu berriemaile: «Gure aita [Pedro Arregi] gudari ibili zen gerran, Santoñan hartu zuten preso. Beti esaten zuen: ‘Gu Santoñaraino iritsi ginen, eta, han, itsasoarekin topo egin genuen. Bestela, Ingalaterraraino joango ginen oinez!’. Ondarretako kartzelan eduki zuten gero. Oso abertzalea zen, eta oso kulturtzalea, hainbat liburu zituen etxean, eta Zeruko Argia ere hartzen zuen. Inondik ere, giro horretatik iritsi zen Rikardo aldizkarian idaztera». Eta, idatzi, bi sail berri asmaturik: Erriak eta Gizonak eta Nazio arteko unea. Rikardo Arregi kulturaz eta politikaz ari zen beti, nazioartekoari arreta berezia emanik.

Hurrena, bestelako sail bat abiaraziko zuen: Gazte naiz. Sail honetan, hainbat sinadura ageriko dira: Saizarbitoria, Goihenetxe –Txillardegi–, J. Lete, Lourdes Iriondo, Zumalabe, Mikel Lasa… eta Rikardo eta Begoña Arregi anai-arrebak, adibidez, «Rikardo ez zelako gauza guztiak egitera iristen, eta askotan ez, baina behin baino gehiagotan idatzi behar izan nuen sail horretan», Begoña Arregik esan digunez.

«Rikardo ez zen gauza guztiak egitera iristen, eta behin baino gehiagotan idatzi behar izan nuen ‘Gazte naiz’ sailean». 

BEGOÑA ARREGIRikardo Arregiren arreba

Zeruko Argia-n idazten hastearekin batera ezagutu zuen Rikardo Arregik Karlos Santamaria, 1964an, Rikardo Arregi irakasle ari da Donostiako Santo Tomas lizeoan. Ez du soldatarik jasoko. Ordainetan, ikuspegia moldatzen eta pentsamendua aitzinatzen lagunduko dioten argitarapenen harpidetzak jasoko ditu: Le Nouvel Observateur eta Le Monde. Begoña Arregiren iritziko, «frantses kulturarekin harreman handia» zuen Rikardok: «Aitak bi anaia zituen Baionan, eta arreba bat Parisen. Harreman handia genuen ‘beste aldearekin’, eta Rikardok liburu asko ekarri zituen handik. Berak joaterik ez bazuen, berriz, behar zuen liburuen zerrenda ematen zidan, eta neu joaten nintzen. Le livre zen Baionako denda, eta gogoratzen naiz Que sais je bildumako liburuxkak-eta ekarri izan nizkiola handik. Dibulgazio liburuak ziren, erraz irakurtzekoak, eta ideia horixe ibili zuen gero Rikardok berak Lur argitaletxea sortu zutenean». Frantses kulturaz ez ezik, Frantziako politikaz ere interes handia zuen Rikardo Arregik, Begoñak dakikeenez: «Eta Frantziako Alderdi Sozialistaren kongresu batean ere izan zen Grenoblen. Soldadutzara [1966] joan aurreko garaia zen, eta Rikardok ez zeukan pasaporterik. Nola-halako agiri edo baimen bat lortu genuen, eta joan zen, behintzat». Grenoblen izan zen, eta Parisen ere bai, «Pax Christiren biltzar batean, Karlos Santamariaren eskutik», Rikardoren anaia Mikelek adierazi digunez.

Mikel Arregiren begia

1964an euskaltzain urgazle izendatu zuten Rikardo Arregi Aranburu, Martuteneko kartzela barrutik ezagutu zuen urte berean. «Urte gazi-gozoa», Begoñaren esanetan. Rikardo EGIkoekin zebilen ordurako, Oiartzun eta Hernaniko zenbait lagunekin taldea osaturik. Mikelek dioenez, «gure aitak zerikusi handia zeukan horretan»… Nonbait ere, Rikardo Arregik panfleto bat idatzi zuen, gaztelaniaz, salatuz Francoren Erregimenaren zaleek beren hilak oroitzeko jaia egin zutela Andoainen, altxamenduaren kontra borrokan hildako herritarrak bazterturik. Propaganda banatu, eta harrapatu zituzten. Rikardo Arregik hilabete batzuk egin zituen Martutenen. Begoñak dioenez, atxilotzeak «ez gintuen askorik harritu, halakoxea zen giroa, eta bagenekien Rikardo honetan eta hartan zebilela». Arregi-aranburutarrek Eguzki-alden izan zituzten guardia zibilak: «Hemen izan genituen ‘sargento Lopez-eta’, multikopistaren bila zebiltzala». Eta eraman zuten Rikardo Arregi, ama Benita Aranburu minetan utzirik.

«Beti ari dira Rikardoz eta alfabetatzeaz,
baina gure anaiak pentsamendutik
egin zuen bidea». 

MIKEL ARREGI Rikardo Arregiren anaia

Segitu zuen Zeruko Argia-n idazten, eta Anaitasuna-n eta Jakin-en ere kolaboratzen, kazetaritzarekin batera hizkuntza eta pentsamendua lantzen, eta, bere artikuluetan, irakurleari zer pentsatua franko ematen. Haatik, hizkuntzari dagokionez, euskararen egoerak ez zion lanean askorik laguntzen. Begoña Arregi da mintzo: «Rikardok esaten zuen euskaldunek problema bat baino gehiago zituztela: batetik, hizkuntza zaharkitua; bestetik, euskararen batasunik eza; hurrena, euskalduna bere hizkuntzan analfabetua izatea». Eta pentsamenduari eta informazioari gogotik eraginagatik ere, hainbat idatziagatik ere, nork irakurri askorik ez zen euskal herrietan, euskalduna bere hizkuntzan irakurtzeko eta idazteko gauza ez zen garai ez aspaldikoan. Begoña Arregiren esanetan, «beharrezkoa zen euskalduna alfabetatzea, baina, ez, besterik gabe, irakurtzen eta idazten ikasteko –horixe ere ez zen gutxi–, baina alfabetatzearen bitartez, euskal kultura bultzatzeko». Horixe Rikardo Arregiren helburua, eta horixe 1966an Euskaltzaindiari egindako eskaria, alfabetatzea sustatzea. Egitasmoa diseinatu ere zuten, eta 1967an, Zeruko Argia-k eman zuen albistea, irailaren 19ko alearen azalean: «Euskal alfabetizatzea. Irakasleentzat lehendabiziko irakastaldia. Ez da ia amets bat, egia biurtzeko bidean dijoa. Euskaldunak alfabetizatu beharra, euskalduna bere izkuntzan irakurtzen ta idazten erakutsi beharra da lehendabizko oiñarri bat euskal kultura ta literatura indartu ta sendotzeko». Eta artikulua irakurriz dakigu Donostian egin dela lehen ikastaro hori, dagonilaren 27tik irailaren 2ra, arratsaldeko lauretatik zortzietara, «Rikardo Arregi’ren zuzendaritzapean. Aita Villasante, aita Altuna, Aingeru Irigaray, Manuel Lekuona, Juan San Martin, Xalbador Garmendia, Mari Karmen Garmendia, Begoña Arregi, Erramun Saizarbitoria izan dira irakastaldi onen irakasketak egin dituztenak Rikardo Arregi’rekin batera», dio artikuluak. Begoña Arregik, berriz, Ibon Sarasola ikasle-irakaslearen izena ere ekarri nahi izan du aipura.

Kultura helburu, pentsamendua bitarte.

Joseba Arregi, Rikardoz

Mikel Arregirena da oharkizuna: «Batzuk eta besteak, beti ari dira Rikardoz eta alfabetatzeaz, baina Rikardo hori baino gehiago zen. Gure anaiak pentsamendutik egin zuen bidea… Hil zen garaian ere, Karl Rahner teologoaren liburu bat irakurtzen ari zen; erdiraino-edo irakurria, azpimarraz betea dago. Eta azkena erositakoa, berriz, Vivir con Dios (Jainkoarekin bizi) izango zen, Joseph-Marie Perrinena, uztailaren 3an erosia dela idatzi baitzuen liburuan bertan». Rikardo Arregi Aranburu 1969ko uztailaren 10ean hila, ez zion irakurtzeko denborarik eman.

Begoña Arregik besterik du akorduan: «Hil zen garaian irakurtzen ari zen liburuetan zegoen Israel eta Palestinaren arteko gerrari buruzkoa. Bi artikulu ere bazituen horretaz idatziak», idatzi eta Zeruko Argia-n argitaratuak, alegia.

Rikardo hil, eta 20. urteurrenaren karietara, haren anaia Joseba Arregiri joan zitzaion Orria-ko kazetaria:

«—(…) esan liteke, beraz, Rikardoren gaurkotasuna pentsamendua berreskuratzea dela.

»—Dudarik gabe. Rikardoren gaurkotasuna da berriro ere zabaltasun hura edukitzea, mundura begiak ireki eta munduan gertatzen eta esaten dena hona ekartzea. Rikardoren garaian eginkizun ziren gauzek, gaur ere eginkizun izaten jarraitzen dute. Horra Rikardoren gaurkotasunaren lekukorik nabarmenena.»

Harrezkero, eta Kazetaritza Sariak banatzen direnero, bizirik irauten du Rikardo Arregi Aranbururen asmoak, bizirik Gabriel Arestiren poeman.

Eta Sasiolako bide-ertzean
nire anaiaren zapata odoleztatuak
ikusi nituenean,
zapata haiek nireak izan zitezela
eta odol hura
nirea izan zedila
guratzearen indarrez
kezko bola batek itotzen zizkidan
biriak.

Sasiolako orena

Rikardo Arregirena

Milaka geunden hartzeko baina

hartu duzu hoberena...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.