Ander Manterola. Etnografo eta euskaltzalea

«Euskararen inguruko kontzientzia ez da garatu»

1936ko gerraren ondoren euskalgintzan etenaldi bat egon zen arren, euskararekiko kontzientzia indarberritu egin zela uste du Ander Manterolak. Egungo belaunaldiari ikuspegi hori ez zaiolako iritsi kezkatuta dago etnografo eta euskaltzale aseezina.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Derio
2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Euskarak XX. mendean izan duen garapena Ander Manterola etnografoaren (Zeanuri, Bizkaia, 1934) begien paretik igaro da. Bilakaera ikusi du, eta sentimendu kontrajarriak dauzka. Batetik, pozik dago euskarak prestigioa irabazi eta kalean errespetua lortu duelako, baina, era berean, kezkaturik dago gaur egungo belaunaldiek kontzientzia gutxiago daukatelako. Euskara bezala, euskal kultura nola aldatu den ere ikusi du, eta baita ikertu ere. Besteak beste, Jose Migel Barandiaranek abiatutako Tekniker taldea birsortu zuen 1970eko hamarkadan, eta atlas etnografikoa gidatzen du Labayru ikastegitik. Bertako zuzendari ere izan zen 2008. urtera arte, eta Derioko seminarioan ikastegiak duen euskal liburutegiaren kudeatzailea ere bada. Bizi osoa eman dio horrenbeste kezkatzen duen euskarari. Eta horretan jarraitzen du.

1934. urtean Zeanurin jaioa. Nola oroitzen duzu zure haurtzaroko herria?

Gutxi oroitzen dut. Bi urte nituela piztu zen gerra zibila, eta ez dut asko gogoratzen. Aitona-amonekin eta gurasoekin Bilbora joan ginen, errefuxiatu, 1937ko apirilean. Nire aita ondoren kartzelara eraman zuten.

Abertzalea zelako?

Bai, herriko gazteak gudarostean izen ematera bultzatu zituelako sartu zuten kartzelan hiru urtez.

Zeanurira itzuli zineten gero…

Baina ez nire etxera; aitona-amonaren errotara joan ginen bizitzera. Hiru urte egon ginen bertan, eta makina bat arto eho genuen. Gerra ostean, janari falta handia zegoen, eta bertako baserriak berpiztu egin ziren, eta hori ezagutu genuen. Baita laian aritzea ere; goizean goizetik egiten zen hori. Hori izan zen nire mundua. Antzinako mundu hura ezagutu ahal izan nuen.

Hortik etorri zitzaizun, agian, etnografiarako interesa?

Ez berehala. Hori gogoratu egiten dut, eta horrek eman dit niri kultura bat, ezagupen bat. Etnografia egiteko, kultura hori bizi egin behar duzu; bizi ez dena ez delako ulertzen. Gauzak ulertzeko, bizi egin behar da, eta nik hori bizi izan dut.

Eta gero eskolara. Nola bizi izan zenuen?

Suertez nire maisu biak errepublikanoak izan ziren. Bilbotik 30 kilometrora zigortu zituzten, eta nire herria suertez 31 kilometrora dago, eta hara etorri ziren. Ez zekiten euskaraz, baina euskaraz egiteagatik ez nuen zigorrik jaso. Ezta Cara al sol kantatu ere. Inoiz ikuskatzailea zetorrelako kantatu genuen, baina ez gehiago. Hori bai, dena erdaraz ematen zen. Etxean euskarazko liburuak ere irakurtzen genituen, Xabiertxo bezalakoak.

Ezkutuan irakurriko zenuten, badaezpada.

Ez. Frankismoa nagusi zen, baina nire herrian ez. Denak ginen euskaldunak han, eta frankista alkatea zen bakarrik. Falangistak txarto ikusita zeuden, baina karlistak bazeuden. Haiek, ordea, euskaldunak ziren. Guk, hala ere, ez genuen bereizten karlisten eta bizkaitarren artean —abertzaleei bizkaitarrak deitzen genien—. Lagunak ginen.

Gero, seminariora joan zinen, eta bertan etorriko zen aldaketa. Diziplina zorrotzagoa izango zen, ala?

Bai. Gaur egun hori ez zuen edonork jasango. Nik 11 urte egin berri nituen Arteako seminarioan sartu nintzenean. Etxetik gertu zegoen, baina beste mundu bat zen hura. Denak beltzez jantzita, eta ilaratan denak ikasten. Dena ematen genuen gazteleraz, abade gehienak euskaldunak ziren arren. Noizean behin, baten batek euskal mundua zer zen azalduko zigun, baina ezer gutxiago.

23 urterekin apaiztu zinen, eta lehen helmuga Bilboko Gorte kalea izan zen.

Ez, lehenengo Derioko Leukrisen egon nintzen hiru hilabete. Ondoren joan nintzen Gorte kalera. Beste mundu bat ezagutu nuen, emigrazio handiko mundua, trenetan lan egiten zutenak eta abar. Jende ona zen. Horrez gain, ezagutu nituen bertan jaiotako euskaldunak, Larraskitu behean.

Harritu zintuen horrek?

Harritu baino gehiago, poztu egin nintzen. Bazeuden euskaltzaleak, baina hango bizia ez zen hori. Lanaeta prostituzioa zegoen han.

Hori nola ikusten zuen apaiz batek?

Ez zen gauza zoragarri bat, baina bagenekien bazegoela, eta bazeudela etxe batzuk horretara dedikatzen zirenak. Gauza itsusi bat zen, beste ezer baino gehiago.

Gero, Herri Gaztedin hasi zinen. Zer egiten zenuten han?

Gazteak hezi. Horretarako, hiru pauso eman behar ziren. Lehenengo, ikusi zer jazotzen zen; gero, epaitu zer zegoen ondo edo txarto; azkenik, ekin. Hori zen gure heziketaren mundua. Ekintzaren bidez heztea zen helburua.

Arazoak ere izan zenituzten...

Jakina izan genituela!

Euskaraz egiteagatik?

Hori guk hartu genuen erabakia izan zen. Gipuzkoatik zetorren mugimendu bat zen, eta zenbait herritan sortu genuen Herri Gaztedi. Esan genuen: zein da gure hizkuntza? Euskara. Beraz, gure batzar eta aldizkarietako hizkuntza hori izango zela erabaki genuen. Erabakia berezkoa zen, baina ez zegoen ondo ikusita. Hor bai, hor hartzen zen kontzientzia. Kontzientzia ez baita esatea, egitea baizik. Euskaraz idatzi behar zenean, kontzientzia horrek bultzatzen zintuen gehiago ikastera. Gure inguruan jendea hasi zen gramatika ikasten.

Beraz, esan daiteke orduan hartu zenuela euskararekiko kontzientzia?

Beti izan naiz ni euskaltzalea. Baina bai; bide horretan, bai. Gero jazotzen zen beste gauza bat. Mugimendu hau Europa mailakoa zen, eta ni Alemanian egonda nago. Ikusi genuen gainerakoek euren hizkuntzan egiten zutela, eta horrek ematen dizu beste kontzientzia bat. Horregatik, nazionalismoa bidaiatuz konpontzen dela diotenei esango nieke alderantziz dela.

Garai hartako 25.000 pezetakoisuna ere jarri zizuten (150 euro). Zergatik?

Guk urtero jai bat egiten genuen. 1964an Gatikan egin genuen, eta baimena eskatzera joan nintzenean, baldintza bakarra jarri ziguten: Espainiako banderak jarrita egon behar zuela. Gure artean jendeak ez zion debozio handirik bandera horri, eta ez genuen jarri. Eta ni nintzen arduraduna. Hurrengo urtean Durangora joan nintzen apaiz, eta elizan jarrita zeuden banderatxo batzuk moztu egin zituzten, eta niri egotzi. Gobernadoreak isuna jarri zidan, eta ez nuen ordaindu, injustizia bat zelako. Orduan, autoa bahitu egin zidaten.

Aurrerago, Herri Gazteditik atera egin zinen.

Momentu batean eztabaida bat izan nuen Herri Gaztedin bertan. Ikusten nuen mugimendua ez zela Euskadi askatzeko, eta esan daiteke kutsu hori hartzen hasi zela. Herri Gaztedi ebanjelizatzeko zen, Jesusen doktrina zabaltzeko. ETA oraindik mugimendu politiko bat zen, eta hasia zen Durango inguruko taldeetan sartzen. Nik ikusi nuen gauzak ez zihoazela ondo, eta erabaki nuen aldentzea. Handik Lovainara joan nintzen teologia ikastera. Amaitu baino lehen, Derioko seminariora etortzeko esan zidaten, itxialdiekin sekulako saltsa zegoelako. Pentsatu arren ni matxinozale bat nintzela, ni bakezalea nintzen. Hona etorri nintzen, eta hemen jarraitzen dut.

Hona etorri, eta Derioko udako euskal ikastaroak antolatu zenituzten.

Bai, hona etortzean euskara kontuetan hasi nintzen Karmelo Etxenagusia eta Mikel Zaraterekin. 1968aren inguruan izango zen, eta euskararen inguruan askatasun handiagoa zegoen, eta mugimendu horretan sartu nintzen.

Euskaraz, eta bizkaieraz.

Euskaraz, bai. Zein euskara? Bertakoa. Eta metodo batekin. Zein? Dakigunetik ez dakigunera. Zer dakigu? Hemengo euskara. Zer ez dakigu? Beste euskara batzuk. Dakigunetik ez dakigunera. Gero metodo hori apur bat findu egin zen, eta euskara bizitik euskara idatzira igarotzea izan zen pausoa. Ahozko euskaratik euskara idatzira. Eta hirugarrena izan zen bizkaieratik batura.

Zergatik dakigunetik ez dakigunera?

Guk hemen ez dugu sekula euskaldun berrientzako ikastarorik eman; orain hasi dira. Guk euskaldun zaharrak geneuzkan, beti izan direnak. Baina asko hasi ziren irakasle izaten, baina ez zeuden euskaraz eskolatuta. Gauza bat da hori, baina benetako hizkuntza ahoz egiten dena da. Guk, nahiz eta askok uste izan bizkaiera bakarrik nahi dugun bizkaitar batzuk garela, batua beharrezkoa zela ikusi genuen. Zergatik? Herri bat garelako, administrazio bat izango garelako, heziketa bat izango dugulako eta metodo batzuk izango ditugulako. Eta ezin daiteke horretan bakoitza bere euskalkian aritu. Horretarako, batasuna beharrezkoa da.

Etniker sortu, eta etnografian murgiltzen hasi zinen.

Etniker proiektua [Jose Migel] Barandiaranena da, eta Nafarroako unibertsitatean sortu zuen. Kontzientzia handia zuen berak, eta etnografia ikertu behar zela zioen. Horretarako, taldeak sortu zituen lehenengo Nafarroan, gero Gipuzkoan eta Bizkaian, Araban ondoren, eta Iparraldean azkenik. Hori berreskuratu, eta denok elkarturik, atlas etnografikoaren proiektua garatu dugu.

Etnografia egiteko kultura hori bera ezagutu behar dela aipatu duzu lehen. Kultura hori ezagutzeko asmoarekin abiatu zen atlas etnografikoaren asmoa?

Nik uste dut herri bat ezagutzeko bere kultura ezagutu behar dela. Jakin behar da nola elikatzen den, etxeak nola egiten diren, artzaintzaren ingurukoak, arrantzan nola egiten den, familia nola egituratzen den, zein erritu dauden, jolasak... Hori kultura oso bat da. Kultura horren testigantza bat hartu nahi izan dugu, baina kontuan hartuta kultura aldakorra dela, eta azken boladan are gehiago. Horregatik, argitaratu ditugun lan hauek guztiak XX. mendeko euskal kulturari buruzkoa da, XXI. mendekoa beste euskal kultura bat izango delako, nahiz eta euskal kultura izan.

Kulturaren transmisioan kezka daukazu?

Euskarak prestigioa irabazi du, eta ez da gutxi. Normalizatu ere egin dela esango nuke. Baina kezkarik handiena ahozko hizkuntzan daukat, hau da, harremanetan. Batez ere Bizkaian. Gipuzkoan agian sendotuago dago, baina Bizkaiko leku askotan gazte askok jotzen dute gaztelerara.

Kontzientzia galdu da?

Edo kontzientzia ez da garatu. Hizkuntza kontzientzia gutxi dago. Horrek kezkatzen nau. Euskaraz hitz egin behar da, ahozkoa erabili behar da.

Euskararen alde lan asko egin duzu, eta gero etorri zaizkizu omenaldiak. Euskaltzain ohorezko, Bizkaitar Argia eta Lauaxeta saria, besteak beste.

Nik baino hobeto dakizu [barrez]. Nik ez dut sekula bakarrik jokatu, taldean baizik. Nire meritua talde ona edukitzea izan da, eta ez diot apaltasunagatik. Beharbada liburutegia izan da bakarrik eraman dudana. Nire zaletasuna izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.