Euskararen jatorriak interes handia pizten du euskaldunengan gaur egun ere; Irulegiko Eskua luzatu besterik ez dago ikusteko zenbat lagunek helduko duten. Euskararen jatorriaren bueltan, froga zientifiko gutxi daude, hipotesi asko, buru adina aburu, eta mito bat: euskaldunak bakartuta bizi izan direla. Zientzialariek gezurtatu zuten aspaldi, eta horren adierazle nagusiak dira euskarak jasotako maileguak, eta beste hizkuntza batzuei emandakoak; euskararen hartu-emanak, alegia.
Maileguak beste hizkuntza batzuetatik hartutako hitzak eta esapideak dira, besteak beste. Euskal Filologian doktorea da Blanca Urgell, eta bi mailegu mota bereizi ditu: batetik, agerikoak daude. Esaterako, argi eta garbi dago futbol hitza ingelesetik datorrela. Bestetik, mailegu mozorrotuak daude; esaterako, begiratu: «Edozeinek esango luke begi-rekin lotuta dagoela, baina latinetik dator. Latinez uigilare izango litzateke, eta euskaldunok bigiratu esan beharko genuke, baina jendeak begi-z mozorrotu zuen».
Etimologia «oso mundu erakargarria» dela nabarmendu du Urgellek, baina ohartarazi du behar den heziketa ez dagoenean jendeak antzekotasunei erreparatzen diela: «Hitz zaharrak aztertzeko, antzekotasunak ez dira nahikoak». Adituen ikerketek ondorioztatu dute euskararen mailegurik zaharrenak hizkuntza zeltei, latinari, arabierari eta erromantzeei hartutakoak direla. Eman, berriz, euskarak zenbait erromantzeri eman die hitzen bat, adibidez. Euskararen hartu-emanak aztertzeko, premisa bat ezarri du Urgellek: «Egiazko etimologiarik ez da egoten hain garai zaharretarako, baizik eta hipotesi oso sendoak batzuetan».
Zur eta lur
Ondare zaharreko hitzak
Maileguak aztertu baino lehen, garrantzitsua da euskararen ondare zaharreko hitzei erreparatzea. Latina eta beste hizkuntza indoeuroparrak Euskal Herrira heldu baino lehenagoko hitzak dira: euskarak dituen berezkoenak. «Gaur egun erabiltzen dugun teoriaren arabera —eta teoria Joseba Lakarrarena da—, euskararen arbaso zaharrena silaba bakarreko hitzez osatuta zegoen», azaldu du Urgellek. Kontsonante-bokal-kontsonante egitura du silaba horrek. Hauek dira adibide batzuk: zur, lur, hats, hitz, hotz.
Egitura bera ez dutela dirudien arren, su eta ur ere ondare zaharreko hitzak dira: «Su esaten dugu denok, baina euskaldun batzuek oraindik esaten dugu zartagia surtan jarri behar dela, erre batekin. Hor dago, beharbada, falta zitzaigun kontsonantea. Ur-i hasierako kontsonantea falta zaiolakoan, gogoratu dezakegu zuberotarrek hura esaten dutela. Hortxe dugu kontsonantea».
Zilar maitea
Hizkuntza zeltak
Kristo aurreko VI. mendean zeltak iritsi ziren Euskal Herrira, eta haien eragina ere nabaria da euskaran. «Ematen du euskarak dituen mailegurik zaharrenak hizkuntza zeltetatik datozela. Zentzuzkoa da pentsatzea gure hizkuntzari ere maileguak ekarri zizkiotela, berrikuntza kultural asko ekarri zituztelako oro har Europa mendebaldera», esan du Urgellek. Maileguetako bat landa da. Joaquin Gorrotxategi da mailegu zeltetan aditu nagusia, eta hark adierazi du euskal eremuan duen orokortasunak eta toponimian duen erabilera zabalak maileguaren antzinatasunaren alde egiten dutela.
Zeltiberiarren mailegu bat zilar hitza dela uste dute aditu askok. Mailegu zelta da maite ere. «Tradizio luzea du hitzaren jatorri zeltaz mintzo den hipotesiak: on esan nahi duten irlandera zaharreko maith eta galesaren mad izenondoak aipatu ohi dira paralelo moduan, galierazko mati- forma hipotetikoarekin batera», dio Euskaltzaindiaren Hiztegi Historiko-Etimologikoak.
Zapatuko gereziak
Latina
Erromatarren lorratza nabaria da oraindik Europa osoan, baita Euskal Herrian ere. Kristo aurreko II. mendean heldu ziren, eta sei mendez egon ziren bertan. Erromatarrek, kristautasunaz gain, latina ere ekarri zuten, Euskal Herriko erdaren eta beste hainbat erromantzeren arbasoa. Hain zuzen, jakina da euskal hitz asko latinaren maileguak direla zuzenean, eta ez erromantzeenak. «Koldo Mitxelenak paradoxa dirudien perpaus bat idatzi zuen, gutxi gorabehera honela formulatu dezakedana: maileguak zenbat eta latinetik gertuago, hainbat eta zaharrago. Eta, aldi berean, maileguak zenbat eta aldatuago, zaharrago. Horrela aurkitzen ditugu mailegu zaharrenak», adierazi du Urgellek.
Latinetik erromantzeetara hamaika aldaketa gertatu dira hitzetan, eta hor ikus daiteke euskarazko zein maileguk duten jatorri latindarra. «Adibidez, gerezi hitzean erabiltzen dugun ge hori latinetik dator zuzenean. Bi erromantze baino ez aipatzearren, gaztelaniatik hartu izan bagenu, zereza esango genukeen, eta, frantsesetik hartu izan bagenu, zerize. Hor ikusten da ezin izan dela erromantzetik hartu: guk mantendu dugu hitz hasieran latinak zeukan kontsonantea».
Mendebaldeko euskaran erabiltzen den zapatua ere latinetik etor daiteke zuzenean, Urgellek azaldu duenez: «Gure hitzak pe bat du bokal artean, eta hori euskararen berezko ezaugarria da. Erromantze guzti-guztietan, bokal artean pebe bihurtu da; horregatik da sábado gaztelaniaz. Euskarak ez du hori egin, eta hor daukagu hitz hori zahar samarra den seinalea».
Albaitariaren atorra
Arabiera
VIII. mendetik XII.eraino Euskal Herrian izan ziren arabiarrak ere. Haien eragina ez zen erromatarrena bezainbestekoa izan, baina euskarak baditu arabieratik datozen maileguak. Urgellek zehaztu du litekeena dela erromantzeen bidez heldu izana euskarara hitz horiek: hipotesi bat da. Oro har, al- letrekin hasitako hitz gehienek jatorri arabiarra dute; alkandora, albaitari eta alkate hitzek, esaterako. «Batzuetan, a- hasiera aski da: azukrea da adibide tipikoa. Ele hori elkartu da hurrengo kontsonantearekin, eta a- geratu da», zehaztu du Urgellek.
Beste adibide bat ere eman du: atorra. «Espainiako Akademiaren Hiztegian agertzen da, baina baskismo bezala; beraz, beraiek ez dute jaso beste leku batzuetako gaztelanian. Dudarik gabe, atorra arabieratik dator».
Amara polita
Erromantzeak
Hizkuntza erromantzeak latin arruntetik datozenak dira. Gaur egun, Euskal Herrian bi erromantze dira nagusi: frantsesa eta gaztelania. Hala ere, Erdi Arotik beste hainbat erromantzerekin bizi izan da euskara: gaskoiarekin, biarnesarekin eta nafar erromantzearekin, besteak beste. Euskal Herrian euskaraz besteko hizkuntzak ere hitz egin direla erakusten dute, esaterako, Donemiliago glosek. Donemiliaga Kukulako monasterioan (Errioxa, Espainia) dauden izkribu horietan daude euskaraz idatzitako hitzik zaharrenak: «içioqui dugu / guec ajutu eç dugu». Hitz horiek ez ezik, gaztelaniaz idatzitako hitzik zaharrenak ere glosetan daude. Behintzat, hori esan izan dute hispanistek. Urgellek honako hau dio: «Glosari tokatzen zaion dialektoa, ia dudarik gabe, nafar-aragoieraren Errioxako aldaera da. Adituek hori esaten dute».
Gaztelaniaren maileguak asko dira, baita frantsesarenak ere. «Frantsesaren egiazko eragina, orain Iparraldean ezagutzen dugun eragin handi hori, batez ere XVIII. mendean hasi zen», ohartarazi du Urgellek. Bi erromantze horien maileguez gain, ugari dira, bereziki, gaskoieraren maileguak. XII. mendearen amaieran iritsi ziren Euskal Herrira; bereziki, Lapurdira eta Gipuzkoa ekialdera. Donostiako toponimo asko eta asko dira gaskoiak: Amara, Aiete, Urgull, Morlans, Mons eta Miramon, adibidez. Biarnesak, berriz, eragina izan du Nafarroa Beherearen ekialdean eta Zuberoan.
«Gaskoieraren mailegu ezagunena polit da; te bukaera horrek salatzen du, gaztelaniaz ez dagoelako te bukaerako hitzik. Hori gure iparraldean edo ekialdean gertatu da: aragoieran, katalanean, gaskoieran eta okzitaniera osoan oso normalak dira, bukaerako bokalak galtzeko joera handia izan zutelako, eta te horiek airean geratu ziren», azaldu du Urgellek.
Biarnesaren mailegu batek «txunditu» du Euskal Filologian doktorea: eme hitzak. Biarnesez hemne da: «Ia ez dago dudarik hortik hartua dela».
Apaizak hobeto
Euskarak emanak
Euskarak, jaso ez ezik, hitzak eta esapideak ere eman ditu. Gaztelaniaren izquierda, katalanaren esquerra eta galizieraren esquerda ahaidetuta daude, eta bada euskararen ezkerra hitzetik datozela dioenik. Urgellen arabera, «itxura ona» du. Gainerako maileguekin gertatzen den moduan, zaila da hipotesiez harago joatea.
Bestalde, euskarak izan ditu hartu-emanak Ipar Atlantikoko hainbat hiztunekin. XVI. eta XVII. mendeetan baleak arrantzatzera joan ziren euskaldun ugari Islandiara eta Ipar Amerikara, Ternua ingurura. Islandian euskara-islandiera hiztegia sortu zuten garai hartan —Vocabula Biscaica—, eta Ternua inguruan pidgin bat sortu zuten. Pidgina bi hizkuntzaren hitzak eta gramatika minimo bat dituen hizkera da. Lope de Isasti kronistak kontatu zuen ternuarrei «Zer moduz zaude?» galdetzen zietenean, «Apaizak hobeto» erantzuten zutela. Marinelek txantxetarako joera zuten XVII. mendean ere.