Euskararen 'bihozfera' sortuz

Helburuak beteta, pozik daude Gernikako Seber Altube ikastolakoak Ibilaldiaren ondoren. Jaia antolatzea posible egin duten 1.300 boluntarioak goraipatu dituzte antolatzaileek.

Antolatzaileek azaldu dute Gernikako Ibilaldiak aurreikuspenak bete dituela. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bilbo
2014ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Euriaren mehatxuaz iratzarri zen Gernika igandean. Ibilaldia zuten egitekoa Busturialdeko hiriburuan, eta antolatzaileak beldur ziren, eguraldi txarrak jai giroa baretu zezakeelako. Hala ere, horien eskaerei kasu egin, eta Ibilaldi arrakastatsua izan zuten, Euskararen bihozfera lelopean. Euskararen eta euskaldunon arimaren arteko loturari tiraka, adin guztietako kideez osatutako familiak eta gazte kuadrillak izan ziren nagusi, 6,5 kilometroko ibilbidean zehar sakabanatutako lau guneetan.

Haiei eta laguntza emateko prest agertu diren 1.300 boluntarioei esker, aurtengo Ibilaldiak aurreikusitako helburu guztiak lortu ditu, Roberto Arteagabeitiak, Seber Altube ikastolako zuzendariak, jakinarazi duenez: «Oso pozik gaude. Jakina da egun berean beste festa bat zegoela eta eguraldiak ere ozta-ozta lagundu digula, baina helburuak lortu ditugu kopuruei dagokienez. Autobusak betiko moduan bete dira, eta gune batzuk jendez gainezka ibili dira. Familien gunean lortu dugu etekin gehien».

Gernikako ikastolaren azken urteetako ibilbideari erreparatu dio Arteagabeitiak. 2016an 50 urte beteko ditu hezkuntza zentroak, eta azken mende erdian izan duen bilakaera goraipatu du. «Zazpi-zortzi umerekin hasi ginen, duela 48 urte, eta orain ia zazpiehun gara. Orduan gizarte etxe batean ematen genituen eskolak; orain, udalaren eraikin batean. Ordutik hona asko hazi gara, eta ez daukagu leku gehiagorik. Eskertzekoa da jendeak bere altxortxoak gure eskuetan uzteko egiten duen hautua».

Igandeko jaieguna baino gehiago, urte guztian egindako lana nabarmendu du zuzendariak. Izan ere, duela urtebete Portugaletek Ibilaldiaren testigua eman zionetik, astero ekintza kultural bat jarri dute martxan ikastetxean. «Opari bat eman diegu lan horretan boluntario modura lanean ibili diren ia 150 pertsonei. Hezkuntzarekin, pedagogiarekin eta abarrekin lotutako ekintzak egin ditugu astero, ehundik gora, urtebetean». Seber Altubeko zuzendariak adibide bat azaldu du Ibilaldiari begira, prestakuntza lan horrek Busturialdean eta, batik bat, Gernikan izan duen arrakasta irudikatzeko: «Ikastolek Ibilaldi egunerako ateratzen duten aldizkariak hamasei orri izan zituen iaz. Aurten, berriz, 96 izan ditu, eta ia guztiak publizitatez beteak».

Gazteak eta alkohola

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko zuzendariak zabaldu zuen hasiera ekitaldia, Europako Herrien enparantzan. Haren alboan zeuden Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordea. LOMCEren logikari ihes egin eta «hura aplika ez dadin indar guztiak erabiltzeko» eskatu zuen Tellituk. Horrez gain, eskatu zuen Euskal Herriarentzat izango den hezkuntza sistema propioa eraikitzeko eta Euskal Hezkuntza Legea sortzeko, «azken finean LOMCE ez aplikatzeko tresnarik eraginkorrena baita».

Nahiz eta lehen orduetako giroak ez zuen iragartzen festa jendetsurik, Busturialdeko hiriburua jendez bete zen. Helburua lortzen lagundu zuten Euskal Herri osotik joandako gazteek. Horien artean alkoholaren kontsumoa txikitzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak martxan jarri zuten, lehen aldiz, Erronka Garbia egitasmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.